Galdutako trena amets

Udalerri handietan tren zerbitzurik ez duten bakarrak gara, 17.000 biztanletik gora ditugun arren. Eta eskualdean 25.000 lagun bizi dira”. Jose Ramon Fanok uste du populazio aldetik justifikatuta dagoela Bilboko metroa Mungiara iristea. Uribe Butroe eskualdeko Butroi Bizirik Trantsizioan jasangarritasunaren aldeko elkarteko kidea da. Aldarrikapen horrekin 5.000 sinadura bildu zituzten duela urte batzuk, baina, oraingoz, alferrik egindako lana izan da. Gaur-gaurkoz, agintari instituzionalek ez dute metroa herrira eroateko asmorik.

Mungian badakite zer den trena edukitzea: 1894tik 1975era Bilborako tren zerbitzua zuten. “Bereziki, hiru sektore ginen gehien erabiltzen zutenak: Mungiako industrialde berrietara zetozen langileak, Bilbora ikastera joaten ginen ikasleak eta Mungiako plazara produktuak saltzera etortzen ziren baserritarrak”. Gaur egun ere, ehunka dira Bilbora ikastera edo beharrera joaten diren mungiarrak. Bizkaiko Foru Aldundiaren ikerketa baten arabera, herria hiriburuarekin lotzen duen errepidetik 32.000 auto igarotzen dira egunero. Bizkaibusek ordu laurdenean behin eskaintzen die zerbitzu zuzena autobidetik, eta “beteta” joaten da.

Haien ustez, Mungiara metroa iristeak ez luke obra “handirik” eskatuko. “3. linea aireporturaino luzatuko dute. Aireportutik Mungiara zazpi kilometro daude”. Mungiako Udalak bideragarritasun azterketa bat eskatu zion IDOM ingeniaritza enpresari. “Teknikoki bideragarria zela esan zuten. Erabiltzaileak izango lituzke. Zer falta da? Borondatea”, dio Fanok. Kontatu du agintariek “garesti” irizten diotela 25.000 biztanleri zerbitzua emateko “80 milioi inguruko inbertsioa” egin behar izateari.