“Etxerik ez dutenei buruzko ikuspuntua aldatu nahi dugu”

“Etxerik ez dutenei buruzko ikuspuntua aldatu nahi dugu”

Peru Azpillaga Diez

Etxegabeen eta gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonen ikusgarritasuna eta inklusioa jomugan jartzea da Homeless Film Festimal jaialdiaren helburua. Aurten ere jaialdiari eustea erabaki du Bilboko Bizitegi elkarteak, baina streaming bidez emango dute osorik. Monica Fandiño da antolatzaileetako bat (Portugalete, 1975); egitasmoa mantentzearen garrantziaz mintzatu da.

Nola sortu zen Homeless Film Festival jaialdia?

2011n jarri zen martxan Manchesterren [Erresuma Batua]. Arreta etxegabeengan jartzen zuen lehen jaialdia izan zen. Etxerik gabeko pertsonek, aktoreak izatetik harago, obra guztiaren produkzioan hartzen dute parte, beren lan propioak sortzen dituzte, izandako bizipenak gizarteari transmititzeko.

Noiz hasi zen Bizitegi elkartea jaialdi hori antolatzen Bilbon?

Bizitegin adierazpen artistikoak aztertzen ari ginen, bizipenak adierazteko oso modu eraginkorra dela uste dugulako. Horregatik, antzerkia lantzen hasi ginen gure erabiltzaileekin. 2016an, Homeless Film Festival egitasmoaren berri izan genuenean, hemen ere antolatzen hastea erabaki genuen, jaialdia gizartea kontzientziako tresna moduan hartuta.

Nolako harrera izan du?

Oso ona. Bi egun irauten du, eta goizez zein arratsaldez programazio berezia eskaintzen da. Zati bat ikasleentzat da beti, normalean goizeko programazioa izaten da, eta bestea publiko zabalari irekitako emanaldiak dira. Egun horietatik kanpo, hezkuntza zentroetako ikasleekin kontzientziazio lan handia egiteko aukera ematen digu.

Nola egiten da lan hori?

Ikasleen parte hartzea sustatuz. Aurten, esate baterako, ikastetxeetako zein unibertsitateetako 350 ikaslerekin egon gara elkarlanean. Lehendabizi, hitzaldi moduko batzuk antolatzen ditugu zentroetan: etxerik gabeko pertsonek haien bizipenak kontatzen dituzte. Ikasleak oso hunkituta geratzen dira. Gero, informazio horrekin, film labur batzuk egiten dituzte, eta finalistak jaialdian erakusten dira.

Nola egokitu duzue aurten jaialdia pandemia egoerara?

Adibidez, hitzaldien fase guzti hori online egin behar izan dugu, eta, ikasleei film laburrak sortzeko eskatu ordez, binaka edo hirunaka esketx moduko bideoak sortzeko eskatu diegu. Horretaz gain, saio guztiak streaming bidez emango dira, mundu guztiak izan dezan ikusteko aukera. Arratsaldekoetan, publikoa egongo da, baina ikusle kopurua mugatu egin dugu, osasun neurrietara egokituz.

Nola bizi dute jaialdia etxerik gabeko pertsonek?

Haientzat ere oso esperientzia polita da, azken finean, protagonista sentitzen direlako. Pentsa, gehienek ez dute gizartearen errekonozimendua jasotzeko aukera handirik izan bizitzan; jendearen txaloak jasotzea, esaterako, esperientzia berria da askorentzat. Horrekin batera, bat egiten dute ikasleekin, eta taldearen parte direla ikusten dute. Gainera, komunikatzeko gaitasuna hobetzeko aukera ere eskaintzen die.

Zer-nolako garrantzia du etxerik ez duten pertsonen bizipenak transmititzeak?

Etxerik ez dutenei buruzko ikuspuntua aldatu nahi dugu guk, gizarteri haien bizipenak ulertaraziz. Bazterketarik gabeko gizarte baten alde egiten dugu lan, eta, jaialdi honen bidez, jendeari ezagutzen ez duen errealitate baten berri ematen diogu. Horregatik, etxerik gabekoak beste era batera ikusteko eta haien bizitzak benetan ulertzeko aukera ematen du jaialdiak. Etxerik gabekoen bizipenak eta istorioak helaraziz, aldaketa bat eragin dezakegula uste dugulako. Horretan datza egitasmoaren arrakasta. Etxerik gabeko pertsonak dira protagonistak, eta publikoarekin konektatzeko gaitasuna lortzen dute.

40 urte beteko ditu aurten Bizitegik. Nola ospatuko duzue?

Dokumental bat egitea erabaki dugu; azaroaren 19an estreinatu ko dugu. Iñigo Cobok zuzendu du, Santurtzinea jaialdiko zuzendariak. Harreman handia dugu berarekin; esaterako, Santurtzinean ere gure mezua zabaltzen duten produkzioei lekua eskaintzen zaie, Kalean atalean. Dokumentalari lotuz, atzera begira jarri ordez, aurrera begira jartzeko apustua egin dugu: elkarteak egindako lanari buruz hausnartu, inguruan izan dituen pertsonengan zer eragin izan dugun aztertu eta gaur egun bazterketa amaitzeko ditugun erronkak mahaigaineratu nahi izan ditugu, politika publikoak berraztertzeko helburuarekin.

Nolako eragina izan du osasun krisiak etxerik gabekoengan?

Agerian geratu da ezartzen ari diren neurriek ez dituztela pertsona guztiak kontuan hartzen. Orain, etxeratze aginduarekin gertatu da: kalean bizi diren pertsonak ezin dira etxeratu. Bilbon, 500 pertsona inguru zenbatu genituen konfinamendu garaian, eta, horri aurre egiteko, hiru ekinbide kudeatu genituen guk. Pertsona horiek helarazi zigutena zera da: toki bat behar dutela, ez soilik gaua pasatzeko, baita egunez egoteko ere. Non babestu behar dute, konpainian egoteko lekua.

 

EGITARAUA

Azaroaren 18an eta 19an izango da Homeless Film Festival jaialdia.

Azaroak 18

11:00. Kurruskum eta Zenbatu antzerki taldeen lanen emanaldia eta Ibarrekolanda BHI zentroko ikasleen Ikustezinak lana.
19:00. Etxerik gabeko pertsonei buruzko film laburrak, EHUko ikasleen film labur finalistak eta Zenbaturen No te rindas obra.

Azaroak 19

11:00. Etxegabeei buruzko film laburrak eta hainbat ikastetxetako ikasleen film laburrak.
19:00. Santurtzineko Kalean alorreko film laburrak eta Bizitegiren 40. urteurreneko dokumentalaren estreinaldia.