Bilboko aduana zabalik dago

Bilboko aduana zabalik dago

Ibai Maruri Bilbao

Asko luzatu dira obrak; espero baino bi urte gehiago. Baina udarako bukatuta egon ziren. Uztailaren 1erako zegoen inaugurazioa iragarrita. Pandemiak are gehiago atzeratu zuen. Joan den astelehenean hasi zen Bilboko aduana zaharra bizkaitarrei zerbitzua ematen. XIX. mendeko eraikin ikusgarrian daude Espainiako Gobernuak Bizkaian dituen 250 behargin lanean. Osasun larrialdi egoera dela eta, aurretik ordua eskatu behar da.

Lehena Bilboko Udala izan zen, herritarren arretarako zerbitzu guztiak San Agustin eraikinean bilduz. Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia dorrean bilduko ditu hirian sakabanatuak dituen sailetako asko, alokairuen errenta aurrezteko. Espainiako Gobernuak ere leku bakarrean bildu nahi izan ditu hirian izan dituen bulegoak. Aurrerantzean, aduana zaharraz gain, Moyua plazan dauden Gobernu Ordezkariordetza ikusgarria eta Espainiako Ogasunaren ordezkaritza baino ez ditu izango Bilbon. Helburua da gastuak aurreztu eta eraginkorragoak izatea. Guztira, 13 milioi euroren inbertsioa egin dute eraikina zaharberritu eta herritarrei arreta emateko egokitzen.

Bost ministerioren ordezkaritzak bilduko dira Bilboko Portuko aduanaren egoitza nagusia izandako eraikinean. Horregatik, bulego zaharretatik eraikin zaharberritura aldatzeko prozesua mailakatua izango da. Joan den astelehenean, Atzerritarren Bulegoko, Fogasako —soldata bermatzeko funtsa—, Kanpo Osasuneko eta Telekomunikazioen Bulegoko langileak hasi ziren leku berrian arreta eskaintzen. Hala, atzerrira bidaiatu aurretik txertorik hartu behar izanez gero, bulego honetatik igaro beharko da aurrerantzean. Datorren asteko eguenean, gidabaimenez eta zirkulazio baimenez arduratzen DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzako Bizkaiko ordezkaritzakoak hasiko dira. Gidabaimena lortzeko azterketa teorikoa egiteko gela dagoeneko atonduta dago; gehiago ez da Artxandara igo beharko horetara. Azaroa bukatu aurretik, Merkataritza Bulegokoak batuko zaizkie. 2021. urte hasieran, Muface zerbitzukoak. Bizkaiko kostaldea arautzeko eta kontrolatzeko eskumena duen Espainiako Kosta Mugapeak ere hemen izango du egoitza, baina oraindik zehaztu gabe dago noiz.

Eraikin eklektikoa

Bilboko aduanaren egoitza zaharra Uribitarte pasealekuan eraiki zen, garai hartan portuko amarralekuak zeuden inguruan. Bilboko Portua Abrara eroan zen arte, handik igarotzen ziren hiriburura itsasontziz iristen ziren salerosgai guztiak. Eladio Iturriak diseinatu zuen, estilo eklektikoan: neoklasikoa eta estilo herrerarra nahastuak ditu. Fatxada nagusi bi ditu: Pio Baroja plazakoa eta Berroeta Aldamar kalekoa. Hain zuzen ere, Bilboko Udalak Pio Baroja plazatik eraikinaren ateetatik igarotzen zen errepidea kendu du obrek iraun duten bitartean, plaza erabat oinezkoentzako bihurtuz.

Lau solairutan banatutako 3.000 metro koadroko eraikin sendoa da, eta barruko aldean kristalez estali dituzten patio handi bi ditu. “Egitura aparta dauka, eta hiriburuak bizi izan duen eraldaketaren lekuko izan da. Metroak, Guggenheim museoak eta beste hainbat eraikinek sortu duten Bilbo modernoan merezitako lekua izango du eraikin honek”, esan du Vicente Reyesek, Espainiako Gobernuak Bizkaian duen ordezkariordeak.