Bilbo, fantasian murgilduta

Bilbo, fantasian murgilduta

Natalia Salazar Orbe

Udaberrian izan beharrean, udazkenean loratu da aurten FANT Bilboko Zinema Fantastikoaren jaialdia. Apirilean egin behar zuten, baina COVID-19aren ondorioz, atzeratu egin zen. Gaur hasi eta ostegunera bitartean, fantasia eta beldurrezko filmen emanaldien agertoki bihurtuko ditu Golem-Alhondigako zinema aretoak. Oraingoan ere osasun egoerara egokituta: erdira mugatu dute aretoen edukiera; Bilboko ikus-entzuleak besterik ezingo dituzte hartu, eta saioen hasiera ordua aurreratu dute, lehenago amaitu ahal izateko. Horrez gain, lanak online ikusteko plataforma bat prestatu du jaialdiak: fantbilbaoonline.eus. Filmak sarean ikusteko ordaindu egin beharko da. Horiek dira astekari honen edizioa itxi baino lehen aurreikusita zeuden neurriak.

Egokituta, mugatuta, baina betiko indarrarekin eta ilusioz beteta hasiko dute jaialdia. Hainbat izen propio nabarmendu dituzte aurten: batetik, FANT Maisuak sailean omenduko dituzte John Carpenter, Donald Cammell eta Bong Joon Ho. Bestetik, Galder Gaztelu Urrutia El Hoyo filmaren zuzendariari emango diote FANTROBIA saria. Horrez gain, hamar film luze lehiatuko dira zinemaldiko sail ofizialean, eta FANT Laburren atalean, 22 lan ariko dira lehian. Horietako hamar euskal sortzaileenak dira, eta bi filmatu dituzte euskaraz.

Vanesa Fernandez FANTeko zuzendariaren esanetan, “ez da ahaztu behar [jaialdiak] euskal zinemari ematen dion garrantzia”. Kontuan hartu behar da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan sortutakoak hartzen dituztela euskal lantzat. “Guretzat ohore handia da inaugurazio ekitaldian Paul Urkijoren Dar-Dar lana Bilbon estreinatzea, eta film laburren artean David Perez Sañudoren bi film labur eta David Ontoriaren film laburra izatea”.

Hain zuzen, Euskal Herriari aipamen eginez egingo dute inaugurazio ekitaldia, bihar. Bertako tradizioan murgilduta emango diote hasiera jaialdiari. Errementaria filmaren sortzaile Paul Urkijoren Dar-Dar film laburrak berak abiatuko ditu ikuskizunak. Urkijok ipuin batean oinarritutako beldurrezko kontakizuna eraman du pantailara. Elezahar batean azaltzen den deabrua da Dar-Dar. Hala dio atzamarrak jaten dituen izaki hari buruzko kantuak: Dar, dar, dar, zure atzamarra ekar. Eman ezean, etorriko naiz gauean eta zure arima eramango dut ordainean.

Inaugurazio ekitaldian emango duten film luzeak, berriz, bi ume eta estralurtar bat ditu protagonista. Steven Kosntanski kanadarraren Psycho Goreman lanean, Mimi eta Luke neba-arrebek antzinako jaun goren estralurtar bat berpiztu dute. Amuleto magiko bat baliatuta, euren haurtzaroko nahiak betetzera behartuko dute izaki hori. Horrek galaxia arteko armada hiltzaile bat erakarriko du hiriaren kanpoaldeko auzo txikira.

Gaur ere izango da zer ikusia: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sortzaileen hamar film labur aurkeztuko dituzte. 15:30ean hasiko dituzte emanaldiak, 21:15erako bukatu ahal izateko. Bertan behera utzi dute jaialdiari amaiera emateko ostegunerako aurreikusita zuten gala ekitaldia.

Fernandezek sail ofizialeko lanen “kalitatea” goraipatu du. “[Espainiako] Estatuko estreinaldiak nabarmenduko nituzke: Joost Van Heziken Boy Meets Gun eta Catherine Linstrumek zuzendutako Nuclear filmak. Gainera, Alex de la Iglesiaren 30 monedas telesail berriaren estreinaldia izango dugu Bilbon”.

Emanaldi berezi bat ere iragarri du: “Oscarretan bost sari — besteak beste, film onenaren saria — irabazi zituen Parasitos filma zuri-beltzean eskainiko dugu. Oso esperientzia erakargarria izango da, zalantzarik barik”.

Galder Gaztelu

Fantasiazko generoan gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari den zuzendariari aitortza egiten dion FANTROBIA saria Galder Gaztelu Urrutiari emateko arrazoiak azaldu ditu Fernandezek: “Zuzendari bizkaitarrak El hoyo filmarekin izan duen nazioarteko ibilbidea aitortu nahi dugu”. Lanak hainbat sari jaso du: besteak beste, Torontoko (Kanada) Nazioarteko Jaialdiko publikoaren saria eta efektu berezi onenen Goya.

Iaz 11.236 ikusle izan ziren FANTen 60 emanaldietan. Azkeneko urteetan 10.000 ikus-entzuleren langa pasatu dute. Aurten, ezinezkoa izango da aretoetan horiek denak elkartzea, eta iragarri dute gonbidatuak eta profesionalak ere ez direla joango.