“Ondo etorri gurera”

“Ondo etorri gurera”

Ibai Maruri Bilbao

Gaur dute proposamena egiteko azkeneko eguna ondarroarrek. orokorra@ondarroa.eus helbide elektronikora bidali dezakete, edo zuzenean Udal Erregistrora eroan. Ume jaioberriei ondoetorria zelan emango zaien arautu nahi du Ondarroako Udalak, eta herritarren ekarpenak jaso nahi ditu. Jasotakoak aztertutakoan osatuko du daborduko esku artean duen zirriborroa. Herritartasunerako ongietorria eman gura diete bizilagun berriei.

Ondarroako ongietorri ekitaldi hori ez litzateke aitzindaria izango Bizkaian. Muskizek egin zuen lehenengoa, duela 10 urte. Uztailak 24 zituen, eta zapatuz egokitu zen 2010 hartan. Herriko bikote bat ezkontzekoa zen udaletxean, eta hala egin zuten, egin ere. Baina orduan ezohikoa zen zerbait egin zuten aurretik: euren alabatxo jaioberria “komunitateari aurkeztu” zioten. Orduko alkate Gonzalo Riancho izan zen ekitaldian buru. Besteak beste, Umeen Eskubideen Hitzarmenetik hartutako pasarte batzuk irakurri zituzten, batez ere umeak babesteari dagozkion artikuluak. Labur-laburra izan zen ekitaldia. Ondoren, gurasoak ezkondu zituen alkateak berak, ordurako ohikoa zen eran. Azkar amaitu zituzten ekitaldi biak ere.

Bikoteak anonimotasuna gorde nahi izan zuen. Haien asmoa ezkontza agiriak sinatzea eta etxera joatea zen, aparteko ospakizun barik. Hala kontatu zieten ezohiko jazoera bertatik bertara jarraitzera gerturatu ziren kazetariei. Baina umearen ekitaldia zela-eta, telebistakoak ere joan zitzaizkien, kamera eta guzti. Sekulakoa izan zen herrian bertan zein kanpoan sortutako jakin-mina. Harrezkero, ez da halako ekitaldirik egin herrian. Eta, gaur egungo alkate Borja Liañoren esanetan, eskaerarik ere ez dute jaso hamar urteotan. Beraz, gaur-gaurkoz, zelan egin beharko litzatekeen arautzeko asmorik ere ez dute. Herritarren artean interesa sortuko balitz, aztertuko lukete zer egin dezaketen. Eta, oraingoz, Ondarroa hasi arte, Bizkaian ez dago ume jaioberriei herritartasunerako harrera egiteko halako ekitaldiak egiten dituen beste udalerririk.

Muskizen bitxikeria izandakoa Ondarroan ohitura bihur daiteke araudia onartzen denetik aurrera. Oraingoz, eskaera bakarra jaso dute. “Herritar bat Berdintasun zinegotziarengana joan zen, ea horrelakorik geneukan galdetzera. Begiratu dugu, eta ez dago ezer araututa. Horregatik hasi gara arautzen”, azaldu du Zunbeltz Bedialauneta alkateak. Oraingoz, beste eskaerarik ez dute izan, baina uste du herrian harrera ona izango duela aukera egoteak, eta iruditzen zaio onartzen direnean iritsiko direla eskaera gehiago ere. Egitura definitzeko prozesua bera parte hartzailea izateak egitasmoa ondarroarren artean ezagun egiten lagundu die. “Apurka-apurka ohiturak aldatzen ari dira. Lehen, herriko ume guztiak elizara eroan eta bataiatu egiten ziren. Orain, gutxiago dira hori egiten dutenak, eta ekitaldi honek bete dezake bataioen lekua”.

Erabat sinbolikoak

Bedialaunetak argitu du ekitaldia sinbolikoa baino ez dela izango: “Juridikoki ez du inongo baliorik. Gurasoek halako zerbait egin gura badute, guk aukera emango diegu, besterik ez”. Zirriborroaren arabera, haurrei gizartean eskubide osoko herritar gisa harrera egiteko ekitaldi publiko bat izango litzateke, eta gurasoek edo legezko tutoreek hura askatasunaren, berdintasunaren eta errespetuaren printzipio demokratikoetan eta herritar gisa dituzten betebeharretan hezteko konpromisoa hartuko lukete. Ekitaldiaren amaieran, ume jaioberriak Herritartasunaren Gutuna jasoko du. Agiria erabat sinbolikoa izango da. Edozelan ere, ekitaldi bakoitza ezberdina izango da. Irizpide batzuk ezarrita egongo diren arren, umearen gurasoek edo legezko tutoreek gura duten forma emateko askatasuna izango dute. “Ezkontzetan egiten den modura, ekitaldiaren hasiera zelan egin zehaztuko da, eta zerbait irakurtzeko ipini, baina hortik aurrera gurasoek gura dutena egingo da”.

Dagoeneko zehaztu dute ekitaldiaren buru edo gidaria alkatea bera, zinegotzietako bat edo norbanako bat izan ahalko direla, umearen gurasoetako bat edo legezko tutorea. Printzipioz, Ondarroako kofradi zaharrean egingo dira, lehenengo eta bigarren solairuetan dauden aretoetako batean. Baina gurasoek beste leku publikoren batean egitea eskatuko balute, aukera hori ere zabalik utzi dute. Ondarroako Udalak ekitaldi laburrak egitea gura du; horregatik, gehienez, ordubeteko iraupena izango dute. Gehienbat, bariku arratsaldeetan —bostetatik zortzietara— eta zapatu eguerdian —hamabietatik ordubietara egingo dituzte. Bedialaunetak ez du halako ekitaldien formatua ezagutzen. Esan du badakiela Gipuzkoa aldean hasi direla herri batzuetan tankera honetako zeremoniak antolatzen. Eurek, batez ere, arautzeko moduari erreparatu diote, ordenantzari, ekitaldiaren ezaugarriei baino gehiago. Eta Kataluniako herri bat hartu dute eredu modura.

Gaur azkeneko proposamenak jasota, datozen egunetan antolaketa batzordeak banan-banan aztertu eta erabakiko du zeintzuk diren egingarriak. Ondoren, behin betiko araudia jasotzen duen ordenantza idatziko luke. Bedialaunetak espero du azaroko osoko bilkuran onartuta geratuko dela, eta, oniritzia jasotakoan, herritartasunean ondoetorria emateko ekitaldiak egiten hasi ahalko dira Ondarroan.