Irauteko laguntza barik

Irauteko laguntza barik

Ibai Maruri Bilbao

Joan den martxotik, ostalariak amesgaizto batean bizi dira. COVID-19agatik alarma egoera indarrean sartu zenerako hainbat herritan taberna eta jatetxeak daborduko zarratuta egon diren. Eta konfinamendutik irtetea ez dute batere erraza izan, ezarritako mugak zirela eta. Udatik birusaren agerraldi nagusien nolabaiteko erantzule egin dituzte. Baina horiek ez dira ostalaritzak krisi betean dituen arazo bakarrak. Bizkaiko Tabernariak kolektiboak hainbat protesta egin ditu azken hilabeteetan, bizi duten “itolarriak heriotza eragingo” diela-eta.

Haietako batzuek negozioa itxi behar izan dute, eta, hein handi batean, erakunde publikoak egin dituzte egoeraren erantzule: diru sarrera itxi edo estutu diete, baina irteerak ez dira neurri berean apaldu. “Zarratzera behartu gaituzte lehenengo, eta neurriak hartzera gero. Ondo. Baina lagundu gaitzatela”, kexatu da Silvia Diaz. Dikas Bilbao enpresako ugazabetako bat da. Bilboko Zazpikaleetan hiru taberna izan ditu: Kukusoak eta Zazpi Bide duela 12 urtetik, alokatutako lokal banatan; orain dela bi urte Muga erosi zuen. Lehen biak joan den irailean zarratu behar izan zituen, lonjen jabearekin izandako desadostasunak tarteko. Hirugarrena “kostatuta” dauka zabalik.

Martxoan, tabernak zarratu zituenean, hiru tabernetako beharginak aldi baterako erregulazioan jarri eta Kukusoak eta Zazpi Bide zituen lokalen jabearekin harremanetan jarri zen. “Ulertu zuen nire egoera, eta alokairua ez ordaintzeko esan zidan. Hiru hilabetez ederto egin nuen lo”. Baina ekainean, tabernak ireki zituenean, lo ederra amesgaizto bihurtu zitzaion. “Esan nion errenta berria adostu genezakeela, betikoa ezin niolako ordaindu. Eta gero, ahal nuenean, ordainduko niola zorra. Baina haserretu egin zen”.

Abokatuarenera joan behar izan zuten, eta jabeak martxo, apiril eta maiatzeko errenta ere ordaintzeko eskatu zion orduan. Abokatuak martxotik ekainerako errentak barkatu zizkion frogarik zuen galdetu zion, baina ez zuen, ahoz esandakoa izan zen eta. Negoziazio gogorren ondoren, akordio bat lortu dute. Eta Diazek taberna biak itxi behar izan ditu.

Barrenkale Barrenan gau giroko lokal bat ere badauka Diazek. Erosteko aukera izan zuen, eta lehengusuari alokatu zion negozioa. “Ni ez naiz pertsona ona. Besterik gabe, erabaki burutsuak hartzen ditut. Konfinamendu garaiko alokairua barkatu nion, eta orain errenta berria adostu dugu. Nik gurago dut errenta bat jaso, txikiagoa bada ere, lokala itxita eduki baino”. Hori gertatu zaio orain zarratu dituen bi tabernak egon diren lokalen jabeari: alokairu eskaintza egin du, baina berari eskatzen zion errentaren erdia eskatuta. “Gauden egoeran, ea nork alokatuko dizkion eta nork jarriko dituen martxan taberna berri bi”.

Argi dago: lokalaren jabea gertatutakoaren erantzule egiten du. Baina ez soilik hura. Baita erakunde publikoak ere. “Esaten dute ezin dutela ezer egin, alokairu horiek eremu pribatua direlako. Gure tabernak ere negozio pribatuak dira, eta ederto sartu dira zarratu egin behar ditugula esateko. Ez dut auzitan jartzen ixteko egon zen beharra, baina, hori agindu zutenean, gu babesteko neurriak hartu behar izan zituzten”.

Muga tabernarekin aurrera jarraitzen du orain. Baina “ikaratuta” dago aurrera begira zer etor daitekeen pentsatuta. “Egun batetik besterako erosten dut generoa. Ezin da epe ertainera pentsatu”. Hartzen diren neurriek haserrea eragin diote. Ulertzen du pandemiari aurre egiteko erabakiak hartu behar direla, baina iruditzen zaio ostalaritza ez dela egoeraren erantzulea. “Irakurri dut kutsatzeen %3 baino ez direla taberna eta jatetxeetan gertatu. Eta murrizketak soilik gurean? Azkenean, metrora joan beharko dugu pintxoak saltzera, han gurean baino jende gehiago dago eta”. Kontatu ahala haserretu da: “Besteenak ordaintzen ari gara; ez dago eskubiderik”.

Terraza berririk ez

Koherentzia falta salatu du. 120 metro koadroko lokalean dago Muga. “40 lagunentzako lekua daukat; beraz, orain 20 sar daitezke. 20 metro koadroko taberna txikietan, azken urteetan obrarik egin ez badute, aspaldiko araudiaren arabera 40 lagun sar daitezke; beraz, orain, 20. Normala da hori?”. Bilboko Udalak Zazpikaleetan terrazak irekitzeko ipini dituen trabak ere gaitzetsi ditu. “Gu zorteko gaude, murrizketekin Mugak sei mahairentzako lekua duelako. Lehen zortzi genituen. Baina auzoan terraza jartzeko edo dutena handitzeko egin diren ehun eskaeretatik guztiei esan diete ezetz. Zer egingo dute Somerako tabernek?”. Normala iruditu zaio joan den astean Pelota kaleko Basaras tabernak, Zazpikaleetan zabalik dagoen zaharrenetakoak, urte bukaeran itxi egingo dela iragarri izana.

“Lokal txikia da, eta baldintza hauetan negozioa ez da errentagarria. Lehen 20 lagun sartzen ziren barrura, eta kalea ere bezeroz lepo izaten genuen. Orain asteburuetan jende asko pasatzen da, baina barruan sar daitezkeenak badaudela ikusi eta aurrera jarraitzen dute”, azaldu du egoera Beatriz Martin ugazabak. Diezek esan bezala, bera ere ahalegindu da terraza handitzen, baina ezezkoa jaso du. “Ez didate mahaitxo jartzen ere utzi”. 12 urte daramatza negozioarekin. Ez du garesti ordaintzen errenta, baina guztira gastu asko dira; “gehiegi”, gaur egun dituen diru sarrerekin ordaintzeko.

Arazo bera izan du Bilbon Santutxuko Arsuaga kalean 30 urtean egon den Dayton tabernako ugazaba Javi Gabiriak ere. Lokalaren jabeak ulerbera jokatu du errentarekin. Alokairua barkatzeko prest ere egon da, baina ez da nahikoa izan. “Egunean 100-110 euroko fakturazioa genuen, eta taberna duen edonork daki hori ez dela bideragarria”. Azaldu du bere arazo nagusia ostalaritzan ipini diren mugak direla. “Barran egoteko debekua kolpe gogorra izan zen. Guk kanpoan ditugun zortzi jesarlekuekin ez da errentagarria”. Tabernako gastuak eta langile bakarraren soldata ordaintzeko lain ere ez du lortu.

Ez du ulertzen zergatik ipini diren neurri gogorrenak ostalaritzan. “Sektorerik higienikoena izan gara betidanik. Guk osasun ikuskarien kontrol zorrotzak pasatzen ditugu sarri-sarri. Beste sektore batzuetan ozta-ozta betetzen dira ezarri diren neurriak”. Kexatu da erraztasunen ordez administrazioak trabak ipini dizkiela. 3.000 euroren laguntza jaso zuen Eusko Jaurlaritzatik, alokairurako. “Oso-osorik lokalaren jabeari eman nizkion”. Espainiako Gobernuak onartutako aldi baterako erregulazioak “tranpa” bat izan direla salatu du. Eta Bilboko Udalak poteorako tabernak ixtea nahi duela iruditzen zaio: “Terraza handitzeko baimenak ukatu dituzte. Are gehiago: jarlekuak kentzera behartu ninduen Udaltzaingoak. Ez digute laguntzarik txikiena eman”.