Garaian garaiko perplejitatea

Patxo Telleria

Lankide askok amore eman du aspaldi. Beste zeregin batzuetan dabiltza, pertsonaiak harrapatzeari utzita. Garaiak aldatu omen. Lehen edonon aurkitzen zirela zuztarreko pertsonaiak, zinezkoak, benetakoak, jatorrak, eta orain, aldiz bla, bla bla.

Nago garai guztietan egin duela hegan lelo berberak gure txapelen gainean, Sokrates belaunaldi berriei buruz gaizki esaka hasi zenetik: “Gaurko gazteak luxu zaleak dira; gaizki heziak daude; ez dute adineko jendea errespetatzen, eta abar…”.

Garaiak uste baino gutxiago aldatzen dira. Itxura mudatzen doa; funtsa, ordea, ez. Horregatik, gauza naiz oraindik, ustez basamortua dirudien kalearte honetan, giharretako zolitasuna eta begien zorroztasuna galdu dudan arren, pertsonaiak topatzeko. Edo hala uste dut nik. Hemen eskaintzen dizuet azkeneko harrapakina. Haren trukean eskatzen dudana ordaintzerik ez duela merezi uste baduzue, esan besterik ez duzue. Astea baraurik pasatuko dut. Ez da lehen aldia izango.

Tabernan harrapatu nuen. Edanda zegoen, mingaina askatzen ari zen. Haren ondoan eseri nintzen, sikieran ordu erdiz musukorik gabe egotekotan.

Hiru belaunaldiko istorioa kontatu zidan. Hasi, bere aitonarekin. Errezilgo baserritarra. Soldaduskatik libratu zen horregatik. Baserrira kateaturik bizi zen, astearteetan Tolosako feriara egiten zuen eskapadak salbu, aziendak ikusi eta inguruetako baserritarrekin afari-merienda egitera. Hura zen bere mundua. Behin bakarrik, bere bizitza osoan, joan zen bidaia luzeago batean. Herriko Kooperatibak autobus bidaia bat antolatu zuen Santanderko (artean ez zen Kantabriarik) basetxe batera, hango esne ekoizpen berriak bisitatzeko. Autobusak Bilbo ingurua zeharkatu zuen, A-8 egin berritik. Autobuseko leihotik hiritzarra eta inguruak ikusi zituen, txundituta. Hainbeste fabrika, hainbeste tximinia, hainbeste langile musubeltz… Eta pentsatu zuen: “Baratze bakar bat ere ez, behi bakar bat ere ez, arto soro bakar bat ere ez… Zer jango ote dute dohakabe hauek?”. Kezka horrekin joan zen beste mundura. Haren semeak xamur irizten zion aitaren kezka xaloari. Nola azaldu industria pujanteak ematen zuenarekin nahi beste babarrun eros zezaketela langile horiek?

Seme hori, nire pertsonaiaren aita, ez zen baserrian geratu. Tornugintza ikasi eta Bilboko Euskalduna ontziolan sartu zen errematxadore, aitaren abarkak kendu eta buzo urdina jantzita. Kalera bota zuten mende amaierako industria eraisketa gordinarekin. Zahartzaroan, haren semeak paseoan ateratzen zuen, Uribitarteko ibilbide ezin berriago eta txukunagotik, arestian bere lantokia izandakotik. Kezkaz begiratzen zion paisaiari. Pentsatzen zuen: “Fabrika bakar bat ere ez, tximinia bakar bat ere ez, barku bakar bat ere ez haren zama deskargatzen. Nola irabaziko dute langileok haien asteroko jornala?”. Haren semeak xamur irizten zion aitaren kezka xaloari. Nola azaldu hirugarren sektore emergenteak hutsune hura aise betea zuela?

Seme hori nire pertsonaia da. Aitaren indemnizazioa baliatu zuen inguru hartan taberna bat errentan hartzeko. Aitaren buzo urdina kendu eta jakatxo zuria jantzi zuen. Ondo moldatu zen, Gughenheimetik irteten zen turista andanari jan-edana ematen. Uda honetan kendu zioten taberna, pandemiarekin bisitarien joan-etorriak eten zirenean. Orain, bere kezka pattarrean ito nahian dabil: “Hainbeste taberna hutsik, hainbeste jatetxe, museo, hotel… alferrik galduta. Nondik aterako ote dugu bizimodua?”. Nire pertsonaiak, tamalez, ez dauka seme-alabarik; beraz, oraingoz inork ezin dio xamur iritzi haren kezka xaloari.