“Diseinu proiektu baten gisa ulertu behar dugu planeta”

“Diseinu proiektu baten gisa ulertu behar dugu planeta”

Natalia Salazar Orbe

Urbanbat Arkitektura, Hirigintza eta Gizarte Berrikuntza jaialdiak gonbidatuta, bi hitzaldi emango ditu Eduardo Castillo Vinuesa (Granada, Espainia, 1989) Quarantinology Groupeko kideak Euskal Herrian. Gaur, Donostian izango da, Quarantinology erakusketaren inaugurazioan. Azaroaren 5ean, berriz, Bilborocken hartuko du parte, Etxeko Kronikak atalean. Diziplina anitzeko ikertzaileek osatzen dute taldea, eta The Terraforming programan ere ari dira parte hartzen. Espekulazioak egin dituzte Covid-19aren eta berrogeialdiaren ondorioz hirietako guneetan sortzen ari diren logikei buruz .

Berrogeialdiaren ikerketa gisa planteatzen duzue Quarantinology kontzeptua.

Guretzako, koarentenalogia arkeologia esperimentalaren antzeko zerbait da. Gaur egungo hirigintzaren konposizio aldakorrak ezagutarazteko sentsore moduan erabiltzen du berrogeialdia. Konposizio aldakor horien etorkizunari buruzko gogoeta egiten du. Lan interpretatiboa da, eta oso gai desberdinei erreparatzen die.

Pandemiaren ostean edo haren ondorioz sor litezkeen hiri ereduak planteatu dituzue?

Zehatzago, hiriaren barruan zer hiri logika alda zitezkeen aztertu dugu; hiria metropoliaz harago doan eremu gisa ulertuta. Ikerketa taldearen barruan ulertzen dugu hiriak ez direla gizakiok bizi garen metropoliak soilik; metropoliko bizimodua horrelakoa izatea ahalbidetzen duten sistema automatizatu guztiak ere hartzen ditugu kontuan.

Zer irakatsi dizue pandemiak?

Gure hirien erdiak hutsik egoten direla denbora luzez. Agian, beste era bat pentsatu beharko genuke gune horien erabilera optimizatzeko. Gaur egun, higiezinen espekulazioa da gure hirietako arazo nagusienetako bat. Horrez gain, hainbat herrialdetako ospitaleontziek —Brasilgoek, Txinakoek, Errusiakoek— aurreago gerta litezkeen balizko agerraldietan zer lan egin lezaketen aztertu dugu. Planeta osoan aritzen den osasun azpiegitura mugikor gisa planteatzen dugu. Logika horiek guztiak ikusi ditugu pandemiaren garairik bortitzenetan. Existitzen diren logika horiek hartu, eta hausnartu egiten dugu zer-nola gara litezkeen etorkizunera begira. Aztertutako beste logika batean, agerian utzi dugu elikagaien ekoizpen sistemak hauskorrak direla. Sarri gutxietsi egiten den lan indarraren mende daude sistemok. Horiek gabe, gure bizi estiloa baldintzatuta egongo litzateke. Berrogeialdiaren garairik bortitzenean behar-beharrezkotzat genituen lanpostuetako asko izan dira azkeneko hamarkadetan automatizazio sistemek gehien mehatxatu dituztenak. Pandemiak nabarmendu du ez garela uste genuen bezain modernoak.

Historian zehar munduan izan diren izurriteak aztertu dituzue, eta horiek hirietako azpiegituretan eragin dituzten aldaketei erreparatu diezue. Horrek erakusten du hau ez dela salbuespen egoera bat?

Hala da. Hau aztertzen hasi ginenean, jabetu ginen pandemiak eta gaixotasunak aldaketarako motor izan direla historian zehar, eta gizartearen eta hirien eraldaketa eragin dutela. Hiriari ezartzen zaion salbuespen egoera gisa ikusi beharrean, historian azaltzen den motore zikliko baten antzera ikusten dugu guk. Egoera horrek hiria ulertzeko dugun modua birkonfiguratzen eta berregituratzen du. Besteak beste, 1770eko izurriaren ondorioz, Katalina Handiak goitik behera berreraiki zuen Mosku. Hilerriak eta drainatze kanalak egin zituen. Mendebaldeko Paris edo Londres hartu zituen eredu. Berrogeialdia ezartzeko logika intrintsekoak ere beti izan dira berberak. Londresko 1660ko izurri bubonikoan, hiriko agintariek zaindariak jarri zituzten kalean, urruntze soziala edo herritarren arteko segurtasun tarteak bermatzeko, eta bilatzaileak, transmisio katea arakatzeko. Logika horiek beti egon dira.

Hausnarketa sakonek eragingo zituzten aldaketok. Egun planifikazio sakon hori egiten ari dira?

Birusak erakutsi du ez gaudela uste genuen bezain prestatuta. Gobernantza falta orokorra dago. Horrek agerian uzten du estatu nazioen gobernantza sistema ez dela gai birusari aurre egiteko. Birusak azaleratu du gure eredu politikoak eta gobernantza ereduak hauskorrak direla gure mugetatik kanpo dauden arazoei aurre egiteko. Planifikazio falta lokala ez ezik, orokorragoa ere azaleratu da.

Antropozenoak munduko hirigintzan zer ondorio ekologiko dituen ere aztertzen ari zarete. Zer ondorioztatu duzue?

Asko eta zenbakaitzak dira, eta horietako asko, ezezagunak. Besteak beste, klima aldaketa ez da gai ekologiko hutsa. Gatazka geopolitiko bat ere bada. Gaur egun, ikerketa ugarik lotzen dute klima aldaketa Siriako gerrarekin. Hiriek migrazio masiboen ondorioak pairatuko dituzte. Elikagaiak ekoizteko kateak ere aztertu behar dira: demografia izugarri hazten ari den honetan, goitik behera aldatu beharko dira. Energia, geologia eta egitura guztien eta ingurunearen arteko oreka lortzeko, hausnarketa sakona beharko da. Makro eskalan egindako plan orokorrak beharko dira, eta luzera begirakoak. Hori da gaur egun daukagun arazoa: ez daukagu gobernantza ekologikorik egunerokotik kanpo. Gobernatza ereduak diseinu kontua ere badira. Hurrengo belaunaldiak ere kontuan izango dituzten politikak jaso behar dituzte.

Aholkularitzarik ematen duzue?

Gure taldea think-tank [ideien laborategi] baten parte da, Moskuko Strelka institutuak abiatutako Terraforming egitasmoaren barruan. Institutu hori aitzindaria da antropozenoak planetako osoko hirietako sistemei zer-nola eragingo dien ikertzen. Harvardeko Urban Theory Labek (AEB) egindako ikerketen arabera, baliteke hiriek Lurraren gainazalaren %0,3 bakarrik hartzea. Hiri horiek hornitzeko erabiltzen diren eremuak, aldiz, gainazalaren %70 dira; hiriaren fenomenoa sostengatzen dute. Horiek kontuan izan behar ditugu hiriak ekologiaren ikuspegitik diseinatzeko orduan.

Ikerketa horiek zer-nola eragin dezakete mundua eta hiriak egituratzeko plangintzetan?

Programa oso konplexua da. Hala ere, The Terraforming programari izena ematen dion tesi nagusienetako bat zera da, planeta diseinu proiektu baten gisa ulertu behar dugula. Terraforming kontzeptua 1990eko hamarkadatik dator; orduan hasi ziren hausnartzen zer-nola alda genitzakeen Martitzen sistema geologikoa eta atmosferikoa bizia Lurrean ezagutzen dugun bezala sustenga zezaten. Programaren tesia zera da, lan hori Lurrean bertan garatu beharko dugula bizitzeko bideragarria izatea nahi badugu. Terraformazioa ezinbestekoa da. Aldaketa klimatikoa terraformazio prozesu bat da, baina patologiko gisa erakusten da, ez dagoelako planifikatuta. Ustekabeko prozesu horren aurrean, beharrezkoak dira kontzienteki egindako diseinu bat eta plan bat, eraldaketa hau patologikoa izan ez dadin.