Beethovenen geltoki berria

Beethovenen geltoki berria

Maialen Arteaga

Musika klasikoak Euskal Herriko plaza eta geltoki berriak hartuko ditu aurten. Proiektuak martxan jartzea erronka den honetan, Getxok musika klasikoa herrian zabalduko du. Beethovenen 250. urteurrena ardatz hartuta, lau hilabeteko jardunaldiak antolatu dituzte Getxoko kultur etxeak eta musika eskolak. Musika Eskola Irekia du izena urtarrilera arte iraungo duen ekitaldi zikloak: hilaren 21ean eman zioten hasiera, eta urtarrilaren 5ean izango da azkeneko emanaldia. Musika klasikoaren jardunaldi hauek antolatu dituzten lehen aldia da. Kultur egitasmoetarako sasoi korapilatsua izan arren, gogotsu agertu dira.

Musika eskolako zuzendari Joxean Llorentek esan du “eragin soziala eta kulturala” lortu nahi dutela “izaera musikaleko ekintzekin”. Izan ere, datozen hilabeteetarako antolatu dituzten ekintzak izaera askotakoak dira: hitzaldiak, ikuskizunak, kontzertuak, ikus-entzunezkoak, bertsoak… Diziplina askoren bitartez omenduko dute Beethoven.

Musikari ezagun hura gurtzea baino gehiago, bestelako helburu batzuk gailentzen direla dela dio Llorentek: “Helburua ez da Beethovenen figurari egindako omenaldi soil batean geratzea, baizik eta modu didaktiko eta berritzaile batean musikaria herritarrengana hurbiltzea”.

Haria aukeratzea ez zen zaila izan. Musikariaren izena aho batez erabaki zuten antolatzaileek.”Beethoven hautagai perfektua zen”, adierazi du Llorentek. “Aurten 250 urte beteko dira hura jaio zenetik, eta musika klasikoaren munduko artistarik handienetako bat da”, kontatu du. “Benetan musikari handia izan zen; haren jaiotzatik bi mende eta erdi betetzen diren honetan, ez oroitzea ahanztura handia litzateke guztion partetik”. Urteurren borobila izateaz gain, beste hainbat arrazoi ikusten ditu Llorentek musikari alemaniarra gogoratzeko: “Trantsizioaren eta erromantizismoaren artean dagoen konpositorerik handienetako bat da. Erromantizismorako salto horretan, ilustrazioaren iraultzan aurkitu zuen inspirazioa. Eta ez musikarako bakarrik: balio pertsonal gisa jaso zituen orduko printzipioak, eta haietan militatu zuen”. Iraganeko zantzuak musikan gorpuztu zituen, beraz, Beethovenek.

Denen gustuko gozokia

Erabakia “telepatikoa” izan zela iruditzen zaio Getxoko musika eskolako zuzendariari. “Denek gustuko duten gozoki bat eskaintzea bezala da”. Hala, kontrakotasunik ez da agertu Bizkaiko udalerrian. Behin pertsonaia aukeratuta, egitaraua zehazteari ekin zioten. Ideia zaparrada oparoa izan zutela azaldu du Llorentek, baina, guztiak ideia “onak” izan arren, modu didaktikoan jarduteko sei eskaintza aukeratu behar zituzten, haren esanetan.

Urriaren 21ean ekin zioten eskaintza horri, Mercedes Albaina adituaren eta Kubaki perkusio taldearen hitzaldi musikatu baten bitartez. An die Freude kantu famatuarekin girotu zuten saioa. Zikloari hasiera emateko formatu ona iruditzen zaio Llorenteri: “Kantua ia Europa mailako ereserkia bat da, eta hitzaldi musikatu entretenigarri baten bitartez, hasierarako bere irudia herritarrengana hurbildu nahi genuen”. Musika Eskola Irekia-n “ezinbestean” bermatu behar ziren ezaugarri batzuk daudela aitortu du Llorentek. Horietako bat perkusioa da: “Beethovenen musika bereziki perkusiorako ere idatzita dago. Hortaz, Kabuki laukoteak ukitu batzuk egin zizkion Beethovenen pieza famatuari, eta oso ondo gelditu zen. Publikoak asko gozatu zuen”.

Cuarteto Quiroga laukoteak emango dio segida zikloari. Igande honetan, 19:00etan, izango du saioa harizko instrumentuen taldeak. Beethovenen bi pieza interpretatuko dituzte. Ez dute lehenengo aldia Getxon. 2018an Espainiako Musika Saria irabazi zutenetik, nazioartean itzal handia dute, baina hastapenetan Getxo izan zuten aterpe. Horregatik, taldeari gonbita helaraztean proiektura “zalantzarik gabe” batu zirela azaldu du musika eskolako zuzendariak.

Azaroaren 10ean izango da hurrengo emanaldia; ikus-entzunekoak eta solasaldi bat uztartuko dituen diziplina anitzeko ikuskizuna izango dela aurreratu du. Hilaren 25ean, zuzeneko piano kontzertuak eskainiko dituzte, solasaldi eta errezitalekin batera. Pianoak ere ezin zuen huts egin Beethovenen zikloan, hark konposatutako partitura asko musika tresna horretan baitaude oinarrituta. Llorrentek azaldu duenez, azaroaren 25era arteko emanaldiak “klasikoagoak” edo “ohikoagoak” dira.

Cuarteto Quiroga taldea.

Abendua, berritzaileago

Abendutik aurrera etorriko diren ekitaldiek, ordea, azarokoek baino kutsu berritzaileagoa izango dute: “Berritasunaren eta sorkuntzaren perspektibatik diseinatu ditugu”.

Abenduaren 9an hasiko dira bestelako emanaldi horiek. Beethovenen musikak zineman izan duen presentzia landuko dute, eta pelikula zatiak emango. Handik bi astera, abenduaren 23an, kontzertu berezi bat emango dute. Xabier Lizaso piano jotzaileak joko du, baina, izaera didaktiko eta berritzaile horri eusteko, bertsoekin uztartuko dute saioa: Andoni Egaña bertsolari zarauztarrak lagunduko dio, Beethovenen 9. sinfoniaren doinua erabiliz. Azkenik, datorren urtarrilaren 5ean, Euskal Herriko Gazte Orkestrak emango dio itxiera proiektuari. Proiektua oso erakargarria dela esan du Llorentek: “Emanaldi guztiak kontuan hartuta, uste dut ziklo oso ona gelditu zaigula, eta borobilagoa egitea ez litzatekeela posible izango”.

Harrera ona izango duela uste dute antolatzaileek. Beethovenen inguruan gauza asko jakinak diren arren, azaleko informazioan geratzen dela iruditzen zaio. Modu horretan, Getxoko Musika Eskola Irekia Beethovenen bizitza “lehenengo lerrotik” eta “talentu handiko jendearen eskutik” bizitzeko aukera bat dela uste du.

Sarrerak Internet bidez, zein fisikoki erosi ahal izango dira, Muxikebarri kultur egoitzan. COVID-19agatik ezarritako neurriak direla eta, 400 eserleku inguru jarriko dituzte, eta saio bakoitzeko sarrerak indibidualki salduko dira. Musika Eskola Irekia izenak dioen bezala, irekitasun hori bermatzeko sarrerek “prezio eskuragarria” dutela azaldu du. Hiru euro, zazpi euro eta hamabi euro balio dute, saioaren arabera.