Abarketak jantzirik jaio zen taldea

Abarketak jantzirik jaio zen taldea

Natalia Salazar Orbe

Iurretako dantza taldea zehazki noiz sortu zen esaterik ez dago. Herriaren izaera, bizkarrezurra eta arima euskal dantzei lotuta eduki ditu urteetan Durangaldeko ia 20 kilometro koadroko azalera duen eremu horrek. “Beti egin da dantzan. Ez dago data zehatzik. Daukagun daturik zaharrena 1600. urte ingurukoa da. Guretzat ez dago datarik; etorri egin zaigu. Ez da sortu taldea. Guri etorri egin zaigu, eta guk jarraitu egin dugu”. Hala esan du Mikel Deuna dantza taldeko kide Unai Esturok.

Film Sozialak Zinema Ikusezinaren Jaialdian Jantzari dokumentalagatik parekidetasunaren saria jaso baino ordu batzuk lehenago hitz egin zuen Bizkaiko Hitzarekin. Dantza taldeak berak, Bideografik ekoiztetxeak eta Anboto agerkariak elkarlanean ondu dute Iurretako dantza taldearen azkeneko 130 urteetako bizia laburbiltzen duen lana.

Bi garai oso desberdin bereiz daitezke Iurretako Mikel Deuna dantza taldearen ibilbidean. Taldearen gidaritza hartu duen azken belaunaldira arte, herriari erabat lotuta egon dira dantza eta taldea. “Belaunaldiz belaunaldi joan gara bertan sartzen”. Orain, aldatu egin da joera. “Iurretagaz lotura handia izan dugun jendea izan gara gu. Dantzari berriek prototipo hori apurtu dute. Haietako asko ez dira jatorriz iurretarrak, edo ez dira iurretarren seme-alabak. Apurka sartu dira dantza taldean. Erabat desberdina da nik, 46 urte ditudala, taldean egin nuen ibilbidea eta neukan ikuspegia, eta belaunaldi berriko gazteok daukatena”. Dokumentalean aitortza egin diete gazteoi.

Parekidetasuna

Belaunaldi berri horren eskutik etorri da parekidetasuna ere. Iurretako taldeko emakumeak 2018an atera ziren plazara lehenengoz tradizioz gizonek egin duten dantzari dantza egitera. Euskal Herrian eta Durangaldean ere, izan ziren plazan ordura arte gizonei zegozkien dantzetan aritako emakumeak lehenago ere. Dena dela, Iurretako egoera berezia dela deritzo Esturok: “Harrokeriarik barik esaten dizut. Gureak duen berezitasuna da herrian oraindik garrantzi handia duela dantzak. Eta dantzariek”.

Urrijena jaialdiak argi erakusten du tradizio hori. Bost urtean behin antolatzen dute, eta dantzari guztiak elkartzen ditu topaketak. Duela gutxi arte, gizonezkoak bakarrik elkartzen ziren bertan. “Nahiz eta neska dantzariak egon, antolakuntzan jende gazteagoa sartu ginen arte ez zen aldatu. 2014an aldatu genuen egun hori, eta, dantzari dantzaz gainera, gorulari dantzak egiten hasi ginen, ikusten genuelako dantzarien erdiak kanpoan geratzen zirela”.

Tradizioak indar handia izan arren, esan du emakumeek dagokien lekua hartzeko bideak ez duela sortu gatazkarik. “Nire sasoian, pentsatu ere ez zen egingo. Eskaririk ere ez zegoen, ze mutilak asko ginen. Era naturalean gertatu zela esatea agian asko da, lanketa bat egin delako, baina gatazkarik ez da egon. Batzuek dokumentalean onartzen dute hasieran pentsatu zutela mutilak egonda zergatik egin behar zuten neskek. Errezelo pixka bat egon zen”. Orain, dantza taldean hasten diren denei dantza guztiak irakasten dizkiete.

IURRETAKO MIKEL DEUNA DANTZA TALDEA

Emakume aitzindaria

Miren Bikandi izan zen gizonezkoen dantzak egiten aitzindaria. Aita dantza irakaslea zuen. “Baserrira joaten zitzaizkien dantzan ikasi nahi zuten mutilak. Mireni ere asko gustatzen zitzaion, baina aitak esaten zion hori ez zela nesken kontua”, dio Esturok. Ekin eta ekin, aitak azkenean utzi zion alabari mutilen bat falta zenean haren lekua hartzen. Hala ikasi zituen dantzari dantza, aurreskua eta atzezkua, besteak beste.

Azken bi dantza horiek galdu egin ziren herrian, 1950 aldera ohorezko eta hiribilduko aurreskuak egiten hasi zirenean. 1960ko hamarkadan, galdutako dantzak berreskuratu guran, taldeak Miren Bikandiren aitarengana jo zuen. Gurpil aulkian zegoen, ordea, eta ezin izan zizkien irakatsi, eta Mirenek irakatsi zizkien galdutako dantzok. Pandemiaren hasieran hil zen emakume hura, 88 urte zituela, lehenago hainbat sokadantzatan aritu ostean.