700 langaberi prestakuntza eman eta lana topatuko diete

BILBO. Gaur egun, 82.000 bizkaitar daude Lanbideko zerrendan izena emanda. Haietako asko turismo, ostalaritza eta merkataritza arloetan ibili dira, eta COVID-19aren pandemiak eragindako krisian lan barik geratu dira. Horiei enplegua topatzen laguntzeko 3R Enpresa programa ipini du martxan Bizkaiko Foru Aldundiak. Langabe horiek orain eskulan falta duten sektoreetan birkokatzea da helburua. Zehatzago esanda, 700 langaberi beharra topatzen lagunduko diete. Horretarako, orientazioa eta prestakuntza eskainiko diete. Guztira, mila langabek hartuko dute parte foru programan.

“Langabezian dauden lehen hiletan esku hartuko duen programa bat da. Izan ere, zenbat eta denbora gehiago egin behar barik, gehiago kostatzen da enplegua topatzea”, azaldu du Teresa Laespada Inklusio, Enplegu eta Berdintasun diputatuak. Industrian, eraikuntzan, teknologian eta elikaduran hasiko lirateke beharrean, arlo horietako clusterren bidez.