Oroimenari tiraka, sustraietan murgilduta

Oroimenari tiraka, sustraietan murgilduta

Natalia Salazar Orbe

Gerra gordina aurrez aurre izan zuten Markina-Xemein inguruan. Defentsarako lubakiek ahal zuten beste egin zieten aurre tiro, bala eta bonba erasoei. Kalamu eta Akarregi mendiak; Etxebarri ingurua. Frontea bertan izan zen, Euskal Herriko beste hainbat lekutan bezala. Lehen guda lerro haiei buruzko ikerketa ugari egin dira. Askoz ezezagunagoak dira lubakiok hautsiz gero tropa faxistei aurre egiteko eraiki ziren bigarren guda lerroak. Horiek ezagutarazi eta balioa emateko asmoz Memoriaren Ibilbidea aurkeztuko dute etzi Ahaztuen Oroimena elkarteak eta Artibai mendigoizale taldeak, Markina-Xemeinen.

Artibai taldeko kide Eneko Arratek esan du herrian duten ondarearen zati bat ahaztuta egon dela “Lehenengo gudalerroa hautsiko balitz badaezpada prestatzen ari ziren bigarren lubaki bat, defentsa modura erabiltzeko. Baina azkenean, Gernikako eta inguruetako bonbardaketak gertatu zirenean, alde egin zuten eta ia amaitu ere egin gabe gudalerro hori bertan behera geratu zen. Lehenengo lerroa oso ezaguna da, baina ez ginen konturatzen hemen bertan altxor handi bat geneukala”. Mendi Asteburuaren barruan aurkeztuko dute lubari hori eta bi bunker lotzen dituen ibilbidea. Domekan bisita gidatu antzeztuen bidez emango dute ezagutzera ondare historiko hori.

Ez da izan lan samurra. Apurka-apurka, herritarren ezagutzaren hariari tiraka ari dira lantzen proiektua. Ahaztuen Oroimena elkartearen lana goraipatu du Arratek. “Lan handia egiten ari da inguruetan memoria kolektiboa berreskuratzeko eta ondare hori babestu eta ezagutarazteko”. Haiekin eta beste hainbat herritarrekin batera hasi ziren Zapola inguruko lubakiak eta bunkerrak katalogatzen eta garbitzen. “Garbitzen hasi ginenean konturatu ginen bazegoela lubaki bat benetan polita. Oso ondo mantendu da. Bi bunker ere aurkitu genituen erabat ezezagunak markinar-xemeindarrentzako”.

Herri lurrak

36ko gerraren aztarna horiek herri lurretan daude, gainera. Memoria historikoa mendiak mendeetan izan duen garrantzia eta presentziarekin uztartzea erabaki dute bi taldeek. “Herri lurretan egonik, ez da baso ustiapen erraldoirik egin, eta lubakiak oso ondo mantendu dira”. Gogora ekarri du herri basoak herritarrentzako sostengu izan direla. “Zura denerako erabiltzen zen. Basoa izan da gure elikagai eta erregai iturri mendeetan zehar”. Mendiko ondarea ere zaindu eta ezagutaraziko dute, “mendi jakintza berreskuratzeko”.

Prozesuan informazioa batu ahala, elementu berri ugari azaleratu dira. 2018an auzolanean garbitu zituzten lubaki baterako eta bunkerrerako bidea. “Eta herriko zaharrek esaten ziguten beste bunker bat ere bazegoela”.

Hariari tiraka hasi zitzaien. Inguruan ikazkinak egoten zirela jakinik, gaztetan ikazkin ibilitako batengana jo zuten. “Hark esan zigun beste bunker bat zegoela harrobiaren gainean”. Txarie deitzen dioten bertako baso itxiaren ingurua seinalatu zien. “Hara sartzea ere oso zaila da. Oso labirinto itxia da. Halako batean, jo eta bide bat zabalduta, mapa batean ikusitako bide zahar baten ostean aurkitu genuen bunkerra. Bista ederrak daude eremuan”.

Ia hiru kilometroko bidea

Erabaki zuten ibilbidea osatu behar zutela. “Lubakietatik hasita, bunker batera joan, Zapolako gaina harrapatu eta Zapolazpin topatu berri dugun bunker horretara joanda, bista ederra da. Bunker horretatik ikusten da lehenengo gudalerro osoa; edo gure inguruko osoa, bederen”.

Guztira 2,8 kilometroko ibilbidea osatu dute. Prozesuaren lehen atala besterik ez da Memoriaren Ibilbidea. “Aterako dira gauza mordoa jakintza berreskuratzeko prozesu honetan. Elur zulo bat ere badago. Oso jende gutxik ezagutzen du. Ez dugu nahi, ordea, izugarrizko proiektutzarra osatu eta gero abandonatuta utzi. Aurten zati bat egin dugu; datorren urtean beste bat egingo dugu. Pixkanaka. Hori da gure asmoa”.

MENDI ASTEBURUA

Atzo abiatu zituzten Mendi Asteburuko ekitaldiak, Markina-Xemeinen. Bihar eta etzi izango dute jarraipena.

Bihar, zapatua

18:30. Josu Santamarina Otaolak eta Ahaztuen Oroimena elkarteko kideek Guda hotsak, Gerra zibileko guda lerroen ikerketa arkeologikoa hitzaldia emango dute. Batez ere, Markina-Xemein inguruetan egindako ikerketei buruz ariko dira. Ikus-entzule kopurua mugatua denez, izena eman behar da aurretik, 94-616 63 03 telefono zenbakira deituta edo kulturgunea@uhagon.com helbidera idatzita.

Etzi, domeka

10:00. Zapolako guda lerrorako bisita gidatu antzeztuak. Joan nahi duenak izena eman behar du aurrez, leaktibai@gmail.com helbidera idatzita. 12:00etan ere bisita gidatu antzeztu bat izango da.

18:30. Mendifilm emanaldia. Esperantza aretoan egingo dute. Hiru film emango dituzte: Harria Herria, Nebula eta Cholitas. Sarrerak bost euroan daude salgai, gaur arte, udaletxeko harreran.