Open Housek Bilboko 26 eraikin eta leku publiko irekiko ditu

Open Housek Bilboko 26 eraikin eta leku publiko irekiko ditu

Natalia Salazar Orbe

Itxita, ate sendoek gordeta edo denen bistan, aire zabalean barreiatzen diren eraikinak eta guneak oharkabean pasatu ohi dira sarri asko. Beti hor egon direlakoan, gorde duten historiaren, kulturaren eta denetariko eraldaketen lekuko ahaztuak dira. Axolagabetasun horrekin hautsi eta hiriaren bihotza eta arima herritarrengana gerturatzeko asmoz, laugarren urtez antolatu dute Open House Bilbao jaialdia. Bihar eta etzi 26 eraikin eta gune publiko barrutik ezagutzeko aukera emango du, Kaleak bizi lelopean.

OUT irabazi asmorik gabeko elkarteak ohi baino eskaintza txikiagoarekin eta segurtasun neurriak zorroztuta antolatu du jaialdia. 2017an, lehenegoz egin zutenean, 47 gune ireki zituzten; 2018an, 67, eta iaz, 81 —53 Bilbon, 15 Barakaldon eta 13 Getxon—. Eskaintza txikiagoa egin behar izan dute aurten, COVID-19aren pandemiaren eraginez.

Hala ere, berritasunak izango dira. Besteak beste, orain arte zabaldu ez dituzten zazpi gune bisitatzeko aukera eskainiko dute: Bilboko Elkarte Filarmonikoa, Elorrietako ponpatze estazioa, Najako kaia, Campo Volantin, Kale Nagusia, Casilda Iturrizar parkea eta Abandoibarra. Hala iragarri du Andoni Pombok, Open House Bilbaoko eraikinen koordinatzaileak.

Pombok azaldu du herritar askok ez duela ezagutzen inguruan duena, eta Bilboko Elkarte Filarmonikoa aipatu du: “Gehienentzat oharkabean pasatzen den eraikin bat izan arren, ia 950 lagunentzako areto bat du. Europa osoko akustika onenetarikoa du, gainera”.

Horixe du helburu jaialdiak: herritarrak euren hiriaren xehetasunez ohartzea, arkitekturaren eta hirigintzaren bidez. Antolatzaileen arabera, eskaintza honen bidez arkitektura eta hirigintza ematen dira ezagutzera.

Lau urteko ibilbidean, errepikatu egin ohi dira herritarrek bereziki ikusi nahi dituzten eraikinak: “Ibaigane, Olabarri eta Chavarri jauregiak —azkeneko hori aurten ezingo da ikusi —, Deustuko sifoia, udaletxea eta Arriaga antzokia dira”, dio Pombok.

house INFO

Gogoetarako tartea

Jaialdiak herritarrek gogoeta egin dezaten nahi du: hain zuzen, kaleek, plazek eta parkeek gaur egun betetzen duten zereginaren inguruan hausnarketa egitea da asmoa, eta aztertzea zer-nola egokitu behar zaizkion eremuok sortzen ari diren errealitate eta egoera berriei. Helburu hori lortzeko, zenbait gune publiko bisitatzeko aukera izango da, eta toki horietan hainbat alderdi aztertuko dituzte. Besteak beste, azpiegitura berdea eta mugikortasuna izango dituzte aztergai, eta XXI. mendean hirian zer eginkizun duten ebazten saiatuko dira.

Gune publiko horiek egin nahi dituzte aurtengo jaialdiaren protagonista. Campo Volantin da eremu horietako bat. 1770ean sortu zuten gunea. XIX. mendearen erdialdera, hirian zeuden jende pilaketen eta garbitasun eskasaren ondorioz, gaixotasunak eta izurriteak sortzen ziren. Egoera horretan, enpresari handiak osasun eta garbitasun baldintza hobeak zituzten guneen bila hasi ziren. Horietako batzuek Campo Volantinera jo zuten. Eremu horren historia eta bilakaera ezagutzeko aukera izango da bisitetan.

Guneak zabaltzeaz gain, bestelako jarduerak ere eskainiko ditu Open Housek egun hauetan. Naturari Erantzunez eta Hiritik Naturara izeneko ibilbideetan, gogoetara bultzatuko ditu bisitariak gai horietan aditua den paisaia arkitekto batek.

Trenbideak hirian utzi dituen aztarnei buruzko hausnarketa egingo dute, berriz, Trenbidea, Hiria eta Espazio Publikoa jardueraren bidez. Hiri Pasierak aukerak gune publiko klasiko eta garaikideen azterketa eskainiko du. Hiriko gune publikoen eredu anitzak aztertzeko baliatuko dituzte saiook.

Txirrinduan ibiltzeko aukera eskaintzen duten eremuen bidez, itsasadarraren inguruko paisaiei erreparatzeko beta hartuko dute bisitariek Paisaiak Bizikletaz jardueran. Oinez eta bizikletaz ibiltzeaz gain, itsasadarrean barrena murgiltzeko aukera ere izango da. Itsasadarreko Espazioetan Nabigatuz eskaintza baliatzen dutenek ibaiertzari beste ikuspegi batetik begiratuko diote; hiriaren garapenaren gakoetako batzuk ezagutu ahalko dituzte.

Familientzako Tailerrek, berriz, umeak eta helduak elkarrekin jolasean jarriko dituzte hiriko kaleetan, irudimena eta erritmoa baliatuta. Jolas horietan murgilduta, instalazioak sortuko dituzte, eta, horien bidez, espazio publikoa birpentsatzeko gonbita egingo dute.

ARRIAGA ANTZOKIA, OPEN HOUSE

Izena eman beharra

Beste berritasun bat dago aurten: parte hartzeko, nahitaezkoa da aurretik izena ematea jaialdiaren webgunean. COVID-19ak eragindako egoeraren ondorio da neurri hori, Pomboren arabera: “Aurten, jaialdia eraldatu egingo da, partaide guztien segurtasuna bermatu ahal izateko. Bisitetan, gehienez bederatzi lagun egongo dira. Derrigorrezkoa da maskara jartzea eta sartu baino lehen eskuak garbitzea”.