Lurra, zura eta industria batzen dituen gozoa

Lurra, zura eta industria batzen dituen gozoa

Natalia Salazar Orbe

Aspaldi atera genuen Bilboko Baldosa tarta, baina Bizkai osoa, bizkaitar guztiak ordezkatuko zituen gozo bat behar genuen”. Isusko Oribek azaldu du Bizkaiko Gozogileen Elkarteari zer-nola otu zitzaion aurkeztu berri duten Bizkacao txokolatea sortzeko ideia. Bertako kidea da Oribe, eta euren gozoak “bestelako frankizietatik” bereiziko zituen produkturen baten bila ibili dira. Hala, ur, zur eta ke ukituak uztartzen dituen txokolate bat sortu dute. “Oso zapore bizia du. Oso txokolate purua da, benetan interesgarria eta berezia”.

Gozogileen elkartea duela bizpahiru urte hasi zitzaion proiektuari bueltaka. Bizkaiko “produktu esklusiboa sortzeko asmoagatik” abiatu zuten prozesua. Hala azaldu du gremioak ohar bidez. “Bizkaitar gisa identifikatu eta bereiziko gintuen eta gure nortasunaren beste seinale bat bezala munduan eraman ahalko genukeen produktua nahi genuen”. “Pentsatu genuen txokolatea izan zitekeela bizkaitar guztiak barnean hartuko zituen gozoa”, esan du Oribek.

Ikerketa sakonak egin zituzten “Bizkaiko zaporea” izango zuen gozoa ontzeko. 2018ko urtarrilean, Frantziara jo zuten gozogileen elkarteko hainbat kidek, eta hainbat kakao aldaera dastatu zituzten, bilatzen zuten zaporea aurkitu zuten arte. Ordurako erabakia zuten izena: Bizkacao.

Proba ugari

Proba ugariren ondoren aurkitu zuten errezeta. Papua Ginea Berriko, Sao Tome eta Principeko Errepublika Demokratikoko, Ekuadorko eta Venezuelako kakaoak uztartzen dituen nahastearekin sortu dute Bizkaiko txokolatea. Oribek azaldu duenez, horiek guztiek jaso dituzte lurraldearen ezaugarriak: “Bizkaia zer da? Bada, lurra, egurra eta industria ere bai, hau da, kea ere bai. Pentsatu genuen hori iradoki behar zigula gure txokolateak dastatzen genuenean. Eta hori lortu genuen lau txokolate desberdin nahasita. Era horretan lortu genuen Bizkaian bakarrik jan daitekeen zerbait berezia egitea”.

Hala da, Bizkaiko gozo esklusiboa izango da, eta Bizkaiko Gozogileen Elkarteko kide diren gozotegietan soilik aurkitu ahal izango da produktu berria. COVID-19ak sortutako egoeran lagungarri izateko modu bat ere badela uste dute gozogileek: “Gure ukiturik gozoena ematea erabaki dugu, bizi dugun errealitatea pixka bat gozatzeko”.

BIZKAIKO GOZOAK

SOKONUSKO TURROIA

SOKONUSKO TURROIA

Amerikatik Bilbora. Elezahar batek dio Iñigo Urrutia bizkaitarrak XVII. mendean Ameriketatik ekarritako kakaoa baliatuta egin zuela lehenengo Sokonusko turroia haren familia gozogileak. 1830az geroztik Bilboko Martina de Zuricalday gozotegian egiten dute. Handik Bizkaiko beste hainbatetara zabaldu da pralinez egindako gozoa.

KAROLINA

KAROLINA PASTELTXOA

Merenge tarta. Merengea, hostorea, arrautza gorringoa eta txokolatea ditu Bilboko gozogile batek sortu zuen pastelak. Merengea oso gustuko zuen gozogilearen alaba batek, eta, zikindu ez zedin, hostorea jarri zion azpian.

GURINEZKO OPILA

GURINEZKO OPILA

Suitzatik Bilbora. Bernardo Pedro Franconi eta Francesco Matossi suitzarrek Bilbora eraman zuten esnezko opil suitzarren aldaera bat dira gurinezko opilak. 1813an gozotegi bat zabaldu zuten Bilbon, eta apurka negozioa hedatzeari ekin zioten.

SAN JUANEN OINATZAK

SAN JUANEN OINATZAK

Bermeon sortua. Gaztelugatxe gozotegiak San Juanen Oinatzak izeneko pastak sortu zituen 2017an. Elezahar baten arabera, San Joanek hiru pausotan egin zuen Bermeotik Gaztelugatxerainoko bidea. Kondaira horretan oinarrituta sortu zituzten. Txokolate eta hurrez betetako gurinezko pasta kurruskariak dira, eta oinatzen forma dute.

ARROZ PASTELA

ARROZ PASTELA

Arrozik gabeko arroz pastela. Gurina, hostorea, esnea, irina, arrautza eta azukrea dira arroz pastelaren osagaiak. Ez dago oso argi non duen jatorria, baina Bizkaian egiten da orain. Batzuek uste dute arroz-esne soberakina alferrik ez galtzeko pastela egiten zuten etxekoandreek sortu zutela. Beste batzuek, Filipinetatik ekarritakoa dela.

BILBOKO BALDOSA TARTA

BILBOKO BALDOSA TARTA

Benetako lauzen neurrikoa. Hiribilduaren sorreraren urteurrena ospatzeko sortu zuten Bilboko Baldosa tarta, 2004an. Espaloietako baldosen forma eta neurri bera du pastelak. Kafea, karamelua, toffea eta txokolate beltza eta zuria ditu osagaietako batzuk.

BEGOÑAKO AMAREN TARTA

BEGOÑAKO AMAREN TARTA

Bizkaiko gozogileen eskutik. Bizkaiko Gozogileen Elkarteak sortu zuen, lehiaketa bat antolatuta. Ehun gozogilek baino gehiagok aurkeztu zuen proposamena, eta bizkotxoa, pralinea, esne gaina eta gurina uztartzen dituen pastela hautatu zuten Begoñako Amaren egunerako.

ORI BALTZAK

ORIBALTZAK

Gernika-Lumoko gozoa. Gernika-Lumoko Bidaguren gozotegian egiten dituzte bonboi moduko gozoak. Apar bizkotxozko bi taparen barruan, gurin-krema sartzen diote. Gero, hori guztia txokolate zuriz edo beltzez estaltzen dute.