“Interes asko daude sendabelarren eta osasunaren alorrean”

“Interes asko daude sendabelarren eta osasunaren alorrean”

Natalia Salazar Orbe

Asteburuan Mañarin eta Garain izan da Mentxu Amunategi Barandika (Bermeo, 1970), inguruko sendabelarrak ezagutarazteko jarduerak antolatzen. Etzi Garaira itzuliko da, sendabelarrei buruzko tailerra egitera. Udazkenari indartsu heltzeko, gaztaina, sagarra eta txizalorea proposatu ditu.

Zer moduz asteburuko saioak?

Oso ondo. Inguruan hazten diren landareak behatu, eta erabilerak aztertu genituen. Landare bakoitzetik zer atal erabili behar den ere landu genuen. Jatorriz landareok nongoak diren azaldu nuen. Ezuste asko izaten dira horrekin. Esaterako, txizalorea arabiarrek hona ekarritako lore bat da. Txikoriaren ordezko infusio bat egiteko erabiltzen zuten.

Udazkenean zer sendabelar aurki daitezke?

Asteburuan horma belar deritzegunak aurkitu genituen. Guretzako horma belar bi daude. Bata, parietaria officinalis da; oso erraza da bereizten, ze itsatsi egiten da. Horrez gain, Venusen zilborra edo txantxaposta ikusi genuen: potologoa da; botoi forma du, eta, normalean, hormaren kontra aurkitzen da. Gainera, esne-belarrak aurkitu genituen; alegia, esnea duten belarrak: pikuak eta txizaloreak. Esne laranja duen iodo-belarra eta bestelako esnea duten belar batzuk batu genituen. Esne horiek garatxoak kentzeko erabil daitezke.

Horma belarrek zertan laguntzen dute?

Gibela garbitzeko oso onak dira; batez ere, transaminasa kopuruak jaisteko. Hepatitisa eta antzeko gaixotasunak dituztenek oso altu izaten dituzte transaminasak. Horrez gain, zimurrak kentzen laguntzen dute.

Medikuntza zientifikoaren osagarriak dira sendabelarrak?

Nik uste dut jakinduria guztiek eskutik joan behar dutela. Ez dut ulertzen zer dela-eta banandu eta baztertu behar ditugun batzuk eta besteak. Gaur egun, kontzientzia apur batekin, posible da uztartzea. Jakinduria guztiak batu beharko genituzke. Zerbaitengatik dira jakinduriak. Nik ez dut uste lehen eta bigarren mailako jakinduriak daudenik.

Sendabelarrak prebentzio metodo gisa erabiltzekoak dira sendatzeko baino gehiago?

Bietarako erabil daitezke, prozesuaren eta sendabelarraren arabera. Tentsioa txarto badaukagu, bizitza osoan har dezakegu elorri zuria. Horrek ez du kontraindikaziorik botikarekin. Denboraren poderioz, posible da botika horiek kendu eta sendabelarra mantentzea. Frogatuta dago. Gertatzen dena da interes asko daudela sendabelarren eta osasunaren gainean. Bakoitzak berea bakarrik defendatzen du. Ez daukagu zertan bata bestearen kontra egon beharrik.

Galtzen ari da inguruko belarrak zer-nola erabili ikasteko tradizioa?

Bai, baina neurri berean belarrak eurak galtzen ari direlako gertatzen da hori. Biodibertsitate asko galtzen ari da. Belarrak ezagutu arren, ez baldin baditugu aurkitzen, zaila da erabiltzea. Ezagutzaren aldetik bi belaunalditan gauza dezente galdu ditugu. Batetik, bestelako tratamenduak garatu direlako: farmazietako produktuak, kasurako. Lehenago ez zegoen halakorik. Duela mende batetik, asko zabaldu eta ugaritu dira era horretako produktuak. Esaterako, baditugu babak edo gogortasunak kentzeko belarrak, baina farmazian zerbait erosoagoa ematen badigute, sarri hori aukeratzen dugu. Jakinduriari ere erreparatu behar diogu; etxean erremedioak aplikatu ezean, ezagutza horiek ahaztuz doaz.

Landareak ezagutuz gero errazagoa da zaintzea?

Noski. Ezagutzen dugunaz arduratzen gara. Landareak ezagutuz gero, arreta handiagoa jarriko diegu. Eta arreta jarrita, zaintzen eta babesten ahaleginduko gara. Horrez gain, garrantzitsua da nire moduko jendea egotea sendabelarrei buruzko informazioa eta sekretuak zabaltzeko.

Nondik jaso duzu zuk ezagutza hori?

Gehienbat, EHNE sindikatuaren bitartez. Horrez gain, asko ibili naiz baserriz baserri. Nire amonak zerbait galdetuz gero, “madarikatua!”, esaten zidan. Orduan, pentsatu nuen ezagutu beharreko zerbait bazegoela hor atzean. Horrela hasi nintzen. Laura Gurmindo nafarra izan nuen irakasle. Oso ona zen; asko irakatsi zidan, eta bidea izugarri erraztu. Nik neuk ere nire aldetik naturopatia ikasi nuen, eta jarraitu nuen landareen ikerketarekin. Gainera, andre nagusien sekretu asko ere jasotzen ditut. Batzuek ez dute ezer kontatu nahi. Orduan, sekretu eta ezagutza asko galdu egiten dira. Ez dakit beldurra edo egoismoa den.

Zer jakin-min izaten dute zure ikastaroetara edo tailerretara doazenek?

Askok ezagutzen dituzte landareak. Baina nik erabilera asko ezagutzen ditut. Landare askok tindagaiak askatzen dituzte, edo osasunerako eta apaintzeko erabil daitezke: ileari bolumena emateko edo sendotzeko, argitzeko, iluntzeko… Landareak zer-nola ekoiztu, hazi eta zaindu ere azaltzen dut. Historiari ere begiratzen diogu: zer eragin izan duten eta zer-nola joan diren gauzak lantzen. Lehen zer landarerekin garbitzen genituen arropak, zergatik; zer-nola erabiltzen genituen landareak arkakusorik ez egoteko oilotokietan; zergatik egiten ziren idi eta behientzako belar oheak… Alde antropologikoari ere erreparatzen diot.

Ba al dago sendabelarrei buruzko liburu gaurkoturik?

Bai. Nekane Martiarenaren liburuak oso errazak dira. Inguruan ditugun landareak azaltzen dira. Gida bezala oso baliagarriak dira.

Ba al duzu udazkenean sendo mantentzeko gomendiorik?

Sagar eta gaztaina sasoian gaude. Gaztainak oso onak dira, oso proteina interesgarria da. Gainera, buruarentzako, memoria lantzeko, primerakoa da. Batu sagarrak eta egosi gaztainekin batera. Sagarra oso antioxidatzaile ona da. Bi horiekin pure bat egin daiteke. Azukre apur bat gehituta, marmelada antzekoa ateratzen da. Eta egosi eta izoztuz gero, okelari laguntzeko edo arrozarekin nahasteko ere bitxia izan daiteke. Honi loratxo batzuk gehituko dizkiogu. Txizaloreek bitamina eta mineral asko dauzkate. Egunak laburtzen hasten diren honetan, indarra eta gogoa behar dugu. Horretarako, txizalorearen lorak egokiak dira. Petalo batzuk hartu eta entsaladara, arrozera edo purera bota ditzakegu, edo infusioan hartu. Freskotan zein sikatuta erabil daitezke. Guk behar ditugunean agertzen dira txizaloreak; alegia, udaberrian eta udazkenean. Udaberrian, indarra hartzeko, udaberriari eta udari aurre egiteko. Udazkenean, hotza dator; argi barik geratzen gara, eta beste bultzada bat behar dugu. Udaberrian gehiago agertzen dira, udazkenean atseden hartu beharko genukeelako.