Garatek erabaki dezake finala

I. Urrezko Pala Pro binakako pala txapelketako finala bihar jokatuko dute, Mungian. Ibon Garate eta Ibai Perez ariko dira Esteban Gaubeka eta Xabier Ibargarairen aurka.

Ibai Maruri Bilbao

“Jendeak uste du [Esteban] Gaubeka eta [Xabier] Ibargarai direla faboritoak, baina ni ez nago ados. [Ibon] Garatek txapelketan erakutsi duen mailan jokatzen badu, nik uste dut finala erabaki barik dagoela oraindik”. Ibai Perez da Garateren atzelaria, eta hura ere oso ondo dabil, Mungiako Danak Bat Pelotazale Alkarteko Egoitz Ojinagaren esanetan. Ez du batere argi nork irabaziko duen I. Urrezko Pala Pro txapelketa —lehengo Binakako Munduko Pala Txapelketa—: “Nire ustez, emoziorik ez da faltako, eta ikusleok asko gozatuko dugu”. Txapelketa osoa bezala, finala ere Mungiako udal pilotalekuan jokatuko da, bihar, 17:00etan. Jaialdi berean erabakiko da zer bikote geratuko diren hirugarren eta laugarren.

Eskura jarri dituzten txartel guztiak salduko direla ziur dago Ojinaga. Osasun krisia dela eta, %20ko muga ipini dute: soilik 200 sarrera ipini dituzte zaleen eskura. Pozik daude txapelketa osoan ere ikusleak gerturatu direla eta. “Ez dator beste urteetan beste jende, baina oso gustura gaude. Gaur egun palak duen egoeran, txapelketak betetzen du zalea erakartzeko funtzio hori”.

Berez, joan den martxoan jokatzekoa zen txapelketa, baina, pandemia lehertu, eta atzeratu egin behar izan zuten, noiz arte jakin barik. Azkenean, irailaren 18an ekin zioten zortzi pilotariek lehiari. Hauek izan dira barikuero finalera iristeko puntuak lortzen ibili direnak: Esteban Gaubeka, Pablo Fusto, Xabier Ibargarai, Ibai Perez, Ibon Garate, Iñaki Urrutia, Dan Necol eta Iker Gordon. Txapelketa liga formatuan egin da, eta guztiak guztien aurka lehiatu dira.

Ojinagaren ustez, eredu hori oso erakargarria da zaleentzat. “Pilotariak sasoiko egon behar du astero-astero. Ez badago puntu-puntuan, asko nabaritzen da”. Pablo Fusto ipini du adibide. Txapelketa “ona” egiten ibili ondoren, joan den barikuan azken partida 2-0 irabazten zihoala, lesionatu egin zen. “Hirugarren jokoa Garatek irabazi zuen, eta finaletik kanpo geratu da Fusto”. Dena den, Ojinagaren iritziz, Garate izan da aurrelarietan erregularrena, eta “ondo merezita” dauka finalera pasatu izana. Atzelarien artean, berriz, Ibai Perez ikusi du nagusi. “Ez da egun bateko kontua edo bikote kontua. Bakoitzak berea defendatu behar du astero, eta egun guztietan egon behar dute mailarik onenean”.

Ojinagaren esanetan, Mungiako frontoia “oso gogorra” da pala jokalarientzat, luzea delako: urte osoan frontoi laburrean jokatzen dute, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Han jokatu da, berbarako, banakako txapelketa: Gaubeka nagusitu zitzaion Ibargarairi, otsailaren 28ko finalean. “Mugian, lehen jardunaldian, zerbait gehiago kostatzen zaie, baina gero ohituz joaten dira”. Finalera heldu ez direnei ere egin die errepasoa. “Necol beti ikusten dugu ondo datorrela, baina gero txapelketan ez da ondo ibiltzen. Igual bikote kontua da. Iaz ere ondo etorri zen: Kutxabank txapelketa oso ondo amaitu zuen, banakakoa ondo egin zuen, eta jarraian egin genuen binakakoa, eta ez zen hain fin ibili. Ez dakit zergatik”. Haren ustetan, Necol Mungian “ez da lehertzen”, “ondo” ibiltzen da, baina “ez finalera heltzeko moduan”. Urrutia eta Gordon ere “ondo antzean” dabiltzala esan du. Baina iruditzen zaio “apur bat falta” dutela Perezen eta Ibargarairen mailara heltzeko: “Hurbil daude, baina jardunaldiak pasatu ahala ez dira bere parera ailegatzen”.

Palazaleen herria

Badira urte batzuk Mungiako Udalak eta Munduko Pilota Batzarrak palari bultzada bat ematea erabaki zutenetik. Harrezkero, herrian jokatzen da txapelketa hau. “Mungia herri garrantzitsua izan da pala munduan”, azpimarratu du Ojinagak. Besteak beste, herrian jaiotakoak dira Iñaki Ipiña, Claudio Beitia eta Pedro Elgezabal jokalari historikoak. Euskal Herrian palaren herrialdea da Bizkaia, eta lurralde historikoan Mungia da zale gehien duten herrietako bat. Beste herri palazaleak Armintza (Lemoiz), Sopela, Getxo eta Sestao dira. “Gure inguru honetatik kanpo oso ezezaguna da pala”, penatu da Ojinaga. Enpresa bakarra dago, Innpala, eta hark antolatzen ditu txapelketak; tartean Mungian jokatzen ari diren I. Urrezko Pala Pro hau, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Mungiako Udalaren laguntzarekin.

Ojinagak esan du hedabideen babesa falta dutela: bereziki, telebistarena. “Egunkarietan albiste laburretan agertzen gara, baina telebistan ia inoiz ez. Kasu honetan, zortea dugu txapelketa telebistaz emango dutelako”. Esku pilotaren itzalpean hazi ezinik dagoen pilota joko bat da haiena. Hala ere, lasai dago, uste duelako badatorrela atzetik lekukoa hartuko duen belaunaldia. “Gazteak badaude: Bizkaian badaude oso polito dabiltzan jokalariak, maila onekoak; Gipuzkoan ere badago bakarren bat”.

Gazte horiek goragoko mailetan zelan jokatzen duten ikusi behar dela dio; onenen aurka lehiatu, lan eginez, maila hartzeko. Urrutiarekin, adibidez, hori gertatu dela esan du: “Oso ona zen afizionatuen mailan. Profesionaletara igaro zenean, ondo ibili zen, eta, apurka-apurka, Ibargarai eta Ibai Perezen mailara iristen ari da”. Horretarako, umeek ezagutu egin behar dute pala: pilota joko hori dagoela jakin, eskoletan izena eman, ikasi, jokatu eta euren bidea zabaldu.

FINALA

1. Esteban Gaubeka

Postua. Aurrelaria.

Jaiotza. Armintza, Lemoiz, 1977.

Altuera. 1,80 metro.

Pisua. 80 kilo.

Debuta. 2002-12-21, Bilbo.

Palmares profesionala. Lautan munduko banakako txapeldun, eta hirutan binakako txapeldun.

1. Xabier Ibargarai

Postua. Atzelaria.

Jaiotza. Erratzu, Nafarroa, 1985.

Altuera. 1,79.

Pisua. 77.

Debuta. 2008-3-20, Bilbo.

Palmares profesionala. Nazioarteko Irekiko txapeldun.

2. Ibon Garate

Postua. Aurrelaria.

Jaiotza. Bilbo, 1986.

Altuera. 1,77.

Pisua. 77.

Debuta.2018-10-27, Sopela.

2. Ibai Perez

Postua. Atzelaria.

Jaiotza. Sestao, 1990.

Altuera. 1,73.

Pisua. 72.

Debuta. 2014-10-26, Sestao.

Palmares profesionala. Munduko banakako txapeldun, 2017an.

3. ETA 4. POSTUAK

1. Pablo Hernan Fusto

Postua. Aurrelaria.

Jaiotza. Buenos Aires, 1980.

Altuera. 1,89.

Pisua. 95.

Debuta. 2003-10-16, Bilbo.

Palmares profesonala. Seitan munduko binakako txapeldun, eta bost aldiz banakoko munduko txapeldun.

1. Iñaki Urrutia

Postua. Atzelaria.

Jaiotza. Armintza, Lemoiz, 1994.

Altuera. 1,82.

Pisua. 78.

Debuta. 2017-11-01, Armintza.

Palmares profesionala. Bilbo Uria torneoko txapeldun, 2018an.

2. Dan Necol

Postua. Aurrelaria.

Jaiotza. Akize, Okzitania, 1989.

Altuera. 1,81.

Pisua. 80.

Debuta. 2015-1-10, Saint Geours de Maremne, Frantzia.

2. Iker Gordon

Postua. Atzelaria.

Jaiotza. Sopela, 1990.

Altuera. 1,83.

Pisua. 80.

Debuta. 2016-11-5, Sopela.

Palmares profesionala. Bilbo Uria torneoko txapeldun, 2017an.