BIZKAIKO GOZOAK

Sokonusko turroia

Amerikatik Bilbora. Elezahar batek dio Iñigo Urrutia bizkaitarrak XVII. mendean Ameriketatik ekarritako kakaoa baliatuta egin zuela lehenengo Sokonusko turroia haren familia gozogileak. 1830az geroztik Bilboko Martina de Zuricalday gozotegian egiten dute. Handik Bizkaiko beste hainbatetara zabaldu da pralinez egindako gozoa.

Karolina

Merenge tarta. Merengea, hostorea, arrautza gorringoa eta txokolatea ditu Bilboko gozogile batek sortu zuen pastelak. Merengea oso gustuko zuen gozogilearen alaba batek, eta, zikindu ez zedin, hostorea jarri zion azpian.

Gurinezko opila

Suitzatik Bilbora. Bernardo Pedro Franconi eta Francesco Matossi suitzarrek Bilbora eraman zuten esnezko opil suitzarren aldaera bat dira gurinezko opilak. 1813an gozotegi bat zabaldu zuten Bilbon, eta apurka negozioa hedatzeari ekin zioten.

San Juanen Oinatzak

Bermeon sortua. Gaztelugatxe gozotegiak San Juanen Oinatzak izeneko pastak sortu zituen 2017an. Elezahar baten arabera, San Joanek hiru pausotan egin zuen Bermeotik Gaztelugatxerainoko bidea. Kondaira horretan oinarrituta sortu zituzten. Txokolate eta hurrez betetako gurinezko pasta kurruskariak dira, eta oinatzen forma dute.

Arroz pastela

Arrozik gabeko arroz pastela. Gurina, hostorea, esnea, irina, arrautza eta azukrea dira arroz pastelaren osagaiak. Ez dago oso argi non duen jatorria, baina Bizkaian egiten da orain. Batzuek uste dute arroz-esne soberakina alferrik ez galtzeko pastela egiten zuten etxekoandreek sortu zutela. Beste batzuek, Filipinetatik ekarritakoa dela.

Bilboko Baldosa tarta

Benetako lauzen neurrikoa. Hiribilduaren sorreraren urteurrena ospatzeko sortu zuten Bilboko Baldosa tarta, 2004an. Espaloietako baldosen forma eta neurri bera du pastelak. Kafea, karamelua, toffea eta txokolate beltza eta zuria ditu osagaietako batzuk.

Begoñako Amaren tarta

Bizkaiko gozogileen eskutik. Bizkaiko Gozogileen Elkarteak sortu zuen, lehiaketa bat antolatuta. Ehun gozogilek baino gehiagok aurkeztu zuen proposamena, eta bizkotxoa, pralinea, esne gaina eta gurina uztartzen dituen pastela hautatu zuten Begoñako Amaren egunerako.

Ori Baltzak

Gernika-Lumoko gozoa. Gernika-Lumoko Bidaguren gozotegian egiten dituzte bonboi moduko gozoak. Apar bizkotxozko bi taparen barruan, gurin-krema sartzen diote. Gero, hori guztia txokolate zuriz edo beltzez estaltzen dute.