Bizipen berrien aterpe zaharrak

Bizipen berrien aterpe zaharrak

Peru Azpillaga Diez

Azkeneko mende erdian, milaka izan dira gaztetxeetan parte hartu duten Euskal Herriko gazteak, hormigoizko pareta hutsak okupatu, herriari eskaini eta edukiz bete dituztenak. Okupazioarena urteetan gazte belaunaldien artean transmititu den filosofia izan da. Baita polemika biziak piztu izan dituen gaia ere, zenbait herritarren gaitzespena sortuz. Iritziak gorabehera, kontaezinak dira halako espazioetan oroitzapenak pilatu dituzten pertsonak. Ordea, zahartu egin dira hildako eraikin horiek biziberritu zituzten belaunaldiak. Zahartu dira belaunaldiak, baina gazte izaten jarraitzen dute gaztetxeak; gizartearen arrakalak baliatuta, hormigoizko horma hotzen artean, proiektu berriak loratzen jarraitzen dutelako. Hala erakusten dute Portugaleteko eta Zornotzako bi gaztetxe berriek; uztailean jaio ziren.

gazteINFO

BIZKAIKO HITZAk egindako zenbaketaren arabera, 37 dira, gutxienez, egun Bizkaian martxan dauden gaztetxe eta gune autogestionatuak. Horien artean, badira denboraren igaroari eutsi dioten eta ondo errotuta dauden espazioak, Euskal Herrian izan den tradizio historikoaren seinale. Baina badira, baita ere, azken hilabeteetan argia ikusi berri duten proiektu gazteak, tradizioa gainditu eta gaztetxeena gaurkotasunez beteriko aldarria dela erakusten dutenak. Izan ere, proiektu bakoitzaren tokiko ezaugarrien eta bilakaera historikoaren gainetik, problematika konkretu bati aurre egiteko bide komun bati eusten diote gaztetxeek. BIZKAIKO HITZA horietako seirekin mintzatu da, proiektu bakoitzaren nondik norakoak zehaztu eta espazio horietan martxan dauden jokabide berriak plazaratuz, gaztetasunari eutsi dioten argitzeko.

MUNARRI (ZORNOTZA). Eraikitzailearen etxean

Munarri gaztetxea

Aurten bertan jaio da Munarri proiektua. Zornotzako gazteek espazio faltarekin duten arazoa gainditzeko tresna moduan ikusi dute gaztetxea, eta uztailean biziberritu zuten urteetan bertan behera utzita egon den Umpro enpresa eraikitzailearen egoitza. “Gazte talde batek eraikina okupatzea erabaki zuen. Asanblada batera deitu eta herriko gazte asko agertu ziren; 60tik gora. Gazteon beharrizanak identifikatu ziren, eta gaztetxea horiei aterabidea emateko tresna gisa erabiltzea erabaki zen”, azaldu du Ane Hernandez gaztetxeko kideak. “Oso gazte ezberdinak proiektu beraren inguruan batzea lortu du gaztetxeak”.

Hainbeste denbora hutsik daraman espazio bat okupatzeak, ordea, aukera adina zailtasun dakar berekin. Izan ere, lehendabiziko hilabeteetako indarrak espazioa atontzera bideratu behar izan dituzte. “Nahiko egoera desastrean aurkitu genuen. Ez zegoen urik, ezta argirik ere, eta dena zaborrez beteta zegoen”, adierazi du. “Leihoak apurtuta, ateak irekita, pintadaz betea… Sei urte baino gehiago zeramatzan utzita”. Txukundu ondoren, espazioaren banaketa adostu zuten: azken pisua zaintza sarearen bidez ezagutzen zuten errefuxiatu familia bati eskaini diote, eta, bigarrenean, liburutegi bat atondu. Lehenengo solairua, berriz, libre utzi dute, aisialdira bideratzeko; adibidez, biharko azoka bat antolatu dute herriko eragileekin.

Hala ere, kanporatuak izateko mehatxupean bizi direla salatu du Hernandezek. Asanbladako kide bati salaketa jarri diotela esplikatu du, eta, badaezpada, ez du haren benetako izena eman nahi izan. “Gaztetxeak deserosoak dira agintarientzat. Gu hasieratik negoziatzeko prest azaldu gara, baina ez dugu inolako erantzunik jaso, enpresako langile batek jarritako salaketa baino ez…”.

SASTRAKA (PORTUGALETE). Aniztasuna ardatz duen Ezkerraldeko gaztetxea

Portugaleteko Sastraka gaztetxean sutea

Portugaleten “gazteentzako espaziorik” ez zegoela iritzita, “haien beharretara” egokitutako proiektu baten falta zutela argudiatu du Asier Alcedok. Horregatik, gaztetxe bilakatu dute zortzi urtez hutsik zeraman Karmengo Amaren ikastetxea. Joan den uztailean jaio zen Portugaleteko Sastraka gaztetxea. Eraikina okupatu ostean, proiektuari forma emateko ehun lagun inguru bildu zirela nabarmendu du.

“Porlanak jandako herria da gurea, eta espazio hau herriarentzako zabaltzea gazte antolakuntzaren bidez lanketa politiko eta sozial bat egiteko abiapuntua izan zen”. Horrelako espazio bat bereganatzeak herriko gazteria “suspertu” duela esan du Alcedok: “Asanblada plurala osatu dugu; horrek zailtasunak dakartza ezinbestean, baina, era berean, oso aberasgarria da, eztabaida interesgarriak izaten direlako”. Oraindik proiektua zehazten dabiltzala erantsi du, gaztetxea sortzeko lanekin hasi eta aste gutxira jasotako ezbehar baten ondorioz proiektua behin-behinean gelditu egin behar izan zutelako.

Abuztuaren 24an, ezezagun batzuek su eman zioten gazteek okupatutako eraikinari, eta ordurako egindako lanaren zati handi bat txikituta geratu zen. “Jada martxan hastekoak ginen, hamaika proiektu dugu esku artean, baina suteak berriz ere konponketa lanak egitera behartu gaitu”. Ez hori soilik: suak teilatua irentsi zuen. Gaztetxeko kideak konpontzen saiatu dira, baina udal peritu batek oniritzia eman behar dio obrari “legez kanpokoa” izan ez dadin. “Guk ahal izan dugun moduan egindako konponketak dira, eta ez diote luze eutsiko; jabeak konpondu beharko luke, eta, hark konpondu ezean, udalak”. Hortaz, “zalantzaz” mintzatu da etorkizunaz: “Berez badago prozesu bat irekita epaitegietan, baina ez dakigu noiz gauzatuko den, eta kaleratze arriskua hor dago”.

Hala ere, proiektuari eutsi egingo diotela eta lanean jarraituko dutela baieztatu du. Gaztetxeak Portugaleten izandako erantzuna ikusita, Alcedok ez du zalantzarik izan: “Eredu hau ez dago inola ere zaharkitua: gazte belaunaldi berri bat ari da aktibatzen, bai Portugaleten eta bai Euskal Herriko beste hainbat herritan, eta gaztetxeek ilusio berezi bat sortzen dute, beste era batera lortu ezin den kidetza sentimendu bat. Gaztetxeak nolabaiteko bateragune bat dira, eta benetan probatzeko deia zabaldu nahiko nieke gainerako herrietako gazteei, gaztetxeen loraldi berri bat bultzatzeko”.

KIÑU (IGORRE). Kolokan dago Arratiako gaztetxearen etorkizuna

Kiñu gaztetxea

Sei urtetik gorako jardunaren ostean, zalantzaz betetako egoera batean daude orain Igorren, Kiñu gaztetxean. “Bankuak eraikina berreskuratu nahi du. Epaiketaren esperoan gaude, baina egoerak ez du itxura onik”, aitortu dute Jon Pelaez eta Maitane Kareaga asanbladako kideek. Arratia osoan erreferentea izan da haien gaztetxea. Telebistako plato bat izandako eraikina okupatu zuten aspaldi Igorreko gazte batzuek, eta, geroztik, eskaintza zabala egin diete bertako zein inguruko herritarrei. “Guretzat, okupazioa eskubide bat da. Gaztetxeen kasuan, instituzioek ematen ez digutenaren aurrean alternatiba bat sortzeko aukera direlako. Jabetza pribatuaren logika apurtu, eta bizitzeko beste modu bat dakar gaztetxeak: sistematik kanpo geratzen den hori egiteko tokia da, bestela sortuko ez ziren proiektuak eratzeko tokia”, nabarmendu dute.

Maiz “sistemak kanpoan” utzitako pertsonen proiektuen aterpe bilakatu direla esan dute Pelaezek eta Kareagak, eta, sortu zirenetik, herriari zein eskualdeari hamaika alternatiba eskaini diotela esplikatu dute. Horrek Arratian espazioarekin arazo bat dagoela erakusten duela deritzote. “Gazteek beren beharrak asetzeko tokirik ez zutelako jaio zen gaztetxea, eta, egun, argi dago arazo hori indarrean dagoela oraindik”. Baina, nabarmendu dutenez, helburuak berbera izaten jarraitu arren, gaztetxe bat “erabat proiektu dinamikoa” da. “Moldatuz doa etengabe, momentuko beharrei erantzuteko, eta horrek asko ikasteko aukera ematen du. Formakuntza fabrika bat ere bada; asko izan gara hemen lanean hasi eta ia ogibide bat topatu dugunak”.

Kiñu gaztetxean, esate baterako, belaunaldi guztietako pertsonak biltzen direla jakinarazi dute: “Udalak antolatutako udalekuetara datozen umeetatik hasi eta kirola egitera datozen nagusietaraino”. Urtetik urtera aldatu arren, “denetarik” eskaini dute bertan: boxeoa, sukaldaritza tailerrak, gitarra klaseak, bertso eskolak, azokak…

Horregatik, herriaren partetik “babesa” jasotzen dute, momentu batzuetan zenbait desadostasun existitu baldin badira ere, adin eta mota askotakoak direlako gaztetxean era batera edo bestera parte hartzen duten pertsonak. Horrek zenbaitetan “pedagogia lana” eskatu die. Hori dela eta, kaleratze arriskuaren aurreanm “indartsu” sentitzen dira. “Gazte asko batzen dira azkenaldian, eta, datorrena datorrela, ziur gaude gaztetxeak iraungo duela”.

HORI BAI (LARRABETZU). Euskal Herriko gaztetxe zaharrenaren adibidea

hori bai gaztetxea

Euskal Herriko historian bere alea jarritako proiektua da Larrabetzuko Hori Bai gaztetxea. 55 urte beteko ditu aurten, eta, egun, Euskal Herrian martxan den gaztetxerik zaharrena da. Herriko gazteentzako bideratutako espazio bat izatetik harago, toki erreferentzial bat bilakatu da Hori Bai, Larrabetzuko azkeneko mende erdiko belaunaldi guztientzat. Frankismo garaian, euskal kulturaren espresio guztiak ukatuta zeuden unean jaio zen. Testuingurua erabat aldatu den arren, euskal kulturarekiko “konpromisoa” mantentzen duela azaldu du Txomin Aiarza gaztetxeko kideak: “Gazteek garai hartan zituzten ezinegonak asetzeko jaio zen espazio hau. Egun, ezinegon horiek aldatu egin dira, eta hala egin du gaztetxeak ere horiei erantzun ahal izateko”.

Urteetan zehar, gaztetxetik herriko belaunaldi guztietako gazte asko igaro direla azaldu du Aiarzak, eta, beraz, herriaren bizitzaren barruan, elementu “kohesionatzaile” bilakatu dela azpimarratu du. “Kontaezinak dira era aktiboan zein pasiboan toki honetatik igaro diren pertsonak; horrek eragiten du herriko jende askok izatea toki komun hau, belaunaldien arteko zubiak eraikiz eta Hori Bai herri izaeraren parte bihurtuz”. Esate baterako, gaztetxea hustu nahi zuteneko herri erantzuna jarri du adibidetzat Aiarzak. “Ez zen gaztetxearen eta udalaren arteko gatazka bat izan; herriaren eta udalaren artekoa baizik. Presio horri esker, espazioa mantentzen dugu gaur egun”. Arazoak gaindituta, proiektua guztiz errotuta dagoela esan du.

Okupazioaren inguruan galdetuta, helburu bat baino “tresna” bat dela gogoratu du: “Azken batean, okupazioak autogestioa eta burujabetza sustatzeko aukera eskaintzen du, eta horrek herriak dituen beharrizanak asetzeko askatasuna ematen digu”. Alde horretatik, gazteriak gaur egungo sistemaren barruan “aseak ez dauden” beharrizan, kezka eta gogo batzuk dituela nabarmendu du Aiarzak: “Herriaren gehiengo bati lotutako beharrak dira, horregatik espazio eta proiektu hau herri osoaren esku dagoen tresna bat da”. Hori dela eta, 1980ko hamarkadako filosofia bat izan arren, “gaurkotasun handia” duen proiektua dela deritzo: “Gazteriak gaztetxeen beharra du haien premiak ase ahal izateko, baina herriek ere gaztetxeen beharra dute oraindik, gaztetxeek herrietako gazteria hezi egiten dutelako, eskola alternatibo baten modura”.

ARRIGORRIAGAKO GAZTETXEA. Klase gatazkan sakonduz

Arrigorriagako gaztetxea

Espazio baten beharrak eraman zituen Arrigorriagako Gazte Asanbladako kideak ere euren herrian zegoen kiroldegi abandonatu bat okupatzera. Bost urte inguru daramatzate bertan lanean. Lehenengo urteetan atontze lanak eta barnera begirako lanketek zentraltasuna hartu bazuten ere, azkeneko urteetan euren jarduna zabaldu eta herri zein eskualde mailako sare bat osatzea lortu dute; besteak beste, herriko harrera taldearekin batera errefuxiatu talde batentzako etxebizitza proiektu bat garatuz. Hala azaldu du Amaia Gorrotxategi asanbladako kideak jarduna: “Azkenean, guk mundua ulertzeko beste era bat dugu. Borroka komunitate bat eraiki nahi bagenuen jendearengan, hurbildu eta erreferentzia bat garatzeko beharra ikusi genuen”.

Arrigorriagako gaztetxean garatuko dituzten dinamikek agerian uzten dute espazio horiek urteen poderioz izandako eraldaketa. “Okupazioa klase gatazkaren barruan dauden auzi askori erantzuna emateko tresna modura ulertzen dugu, gazteek herrian dituzten zailtasunak azaleratu eta komunitate borrokalari bat sortzeko bidean”.

Herriarekiko harremana sendotzearekin batera, jende askok okupazioarekiko eta, zehazki, gaztetxearekiko zuen ikuspuntua aldatzea lortu dutela erantsi du Gorrotxategik. Halako espazioek edozein motako lanketak garatzeko duten potentziala azpimarratu du: “Gaztetxeak beti egon dira lotuta aisialdiarekin eta kulturarekin, baina, autogestioaren bidez, klase borrokaren atal asko landu daitezke”. Esaterako, harrera proiektuaren bidez, pertsona batzuei etxe bat eskaintzeaz harago, Arrigorriagan komunitate antirrazista eta antifaxista bat errotu eta langile elkartasuna zabaltzeko aukera izan dutela esan du.

ZAZPI KATU (BILBO). Gazteen harramazka

2016-01-19, Bilbo. 7katu gaztetxea. 19-01-2016, Bilbo. 7katu gaztetxea

Bilboko Zazpikaleetan dagoen gaztetxe historikoa da Zazpi Katu. Erreferentea Bilbo osoko gazte belaunaldi askorentzat. Hamalau urte daramatza martxan, eta auzoko gazteek egindako hirugarren okupazio saioaren emaitza izan zen. “Udalari ez zaio gustatzen gazte batzuek autogestioaren bitartez euren buruak antolatu eta espazio bat birjabetzea; horregatik bota gintuzten behin baino gehiagotan”, salatu du Marta Fantova gaztetxeko kideak. Hala ere, auzoaren partetik “harrera ona” izan dutela adierazi du, bertan garatzen dituzten proiektuek inguruko gazte eta auzokideentzat “onuragarriak” direla iritzita.

Gaztetxearen bidez gazteei aisialdirako eta elkar ezagutzarako espazio bat eskaintzen zaiela azaldu du, baita autogestioan murgildu eta asanblada batean lehen pausoak emateko aukera ere. Horretaz gain, auzoari begira “eskaintza kultural eta politiko alternatibo bat” egiten dela nabarmendu du, eta, Bilbora begira, eragileek erabili ahal duten espazio irekia dela gogoratu du. “Gaztetxeak guztiz beharrezkoak dira, mundu honetan arrakala gutxi daudelako sistematik ihes egiteko. Dena dago sistemara bideratuta, eta halako espazioek haizea eman eta alternatiba propioak garatzeko aukerak ematen dizkigute, gure bizimodu propioa eraiki ahal izateko”.

Fantovaren aburuz, Zazpikaleetako gaztetxeen sorreratik gauza asko aldatu diren arren, “esentzia eta helburu bera” mantenduz “eguneratu” diren proiektuak direla dio. “Edozein herri edo auzorentzako funtsezko proiektuak dira oraindik, gazteak eraldaketa edo alternatibak eraikitzeko bidean jartzeko tresna. Horregatik, munduak horrela jarraitzen duen bitartean, gaztetxeek ez diote existitzeari utziko”.