Zazpigarrena

Patxo Telleria

Pertsonaien ehiztariok ezin dugu harrapakinarekiko enpatiarik sentitu. Idatzi gabeko araua, urrezko legea. Nik nekerik gabe jarraitu dut beti; naturazkoa dut urruntze sentimentala; ez dut gizajendea maite. Azken honekin, ordea, labain egiteko zorian egon naiz.

Auzoko bat da, laugarren pisuko eskumakoa. Neskatoa, hamar bat urte, txikia, aurpegi pekaduna, potolotxoa, mugimendu baldarrekoa. Orain arte berarekin batere erreparatu gabe nengoen.

Atzo ehizatu nuen, kasualitatez. Etxe azpiko tabernako terrazan nengoen edanean, eta ondoko mahaian neskaren ama, lagun batekin hizketan. Kezkatuta. Protokoloak betetzeko, eskolako umeen urtebetetzeak ospatzekotan, asko jota ikasgelako sei lagun gonbidatu zitezkeela. Hara, alabaren ikasgelako neska-mutil guztiek honezkero ospatu dituzte urteak, eta batek ere ez du alaba gonbidatu. Batek ere ez. Amak badaki neskatoak lagunak egiteko lanak dituela, baina ez zuen susmatzen hainbesterainokoa zenik bazterreratzea.

Kezkagarriena, hala ere, alabaren erreakzioa. Ez omen da baztertua sentitzen. Seguru omen dago seiko muga hura ez egotekotan, sikiera zazpi lagun gonbidatzeko baimenik balego, guztien urtebetetze festetan egongo zatekeela. Ikasgelako zazpigarren kuttunena dela, alegia. Eta hori asko dela, kontuan izanda guztira 26 daudela ikasgelan. Ia elitean dagoela. Gaixoa.

Amak ez daki nola azaldu, minik eman gabe, bere burua engainatzen ari dela. Are gehiago, alabak xalotasun guztiarekin kontatzen dionean festa ondorengo egunetan eskolakideek zehatz-mehatz azaltzen diotela, krudeltasun osoz, zer egin duten eta zeinen ondo pasatu duten. Bera, amorratu ordez, inbidia e do herrarik sentitu ordez, pozten da ikaskideen pozarekin, gozatzen haien gozamenarekin. Inuxentea.

Ezin jakin-minari eutsi, eta arratsaldean eskolako atarian nengoen. Lehenengo aldiz erreparatu nahi nion neskato hari. Irten zenean, aita bere zain ikusi eta irribarre zabala marraztu zitzaion.

Parkera joan ziren biak. Bertan ping-pong mahai bat dago. Aitak palak eta pilota atera, eta jolasten hasi ziren. Ni gertu eseri nintzen, egunkariaren aitzakiarekin. Neska aitak egindako tanto bakoitzarekin algaraka hasten zen, “ze-ona-zaren-aita” pozaren pozez oihukatzen. Aitak jokoa gelditu eta azaldu zion aurkakoak tantoa egitekotan haserretu behar zela, eta haserre hori baliatu hurrengoan berak tantoa egiten saiatzeko. Sikiera saiatzeko. Alabak baietz, baina ondorengo tantoa jaso eta han hasi zen berriro, aupa aitaka eta gora aitaka. Gizonak pazientzia galdu zuen, ea ez ote zion ulertu. Alabak ulertu ziola, baina nola ez zen poztuko, aitatxok ping-pongean hain ondo egiten bazuen. Nola ez zen ba poztuko?

Aitak burua jaitsi eta isildu zen. Alaba galtzailea izango dela aspaldi onartu du. Baina lekuz kanpo uzten du baikortasun horrek. Erabat lekuz kanpo. “Goazen etxera” lehor batekin abiatu zen. Alaba segika joan zitzaion. Deigarria alabaren irribarrearen eta aitaren tristura keinuaren arteko kontrastea.

Hau da, bada, ehizatu dizuedan pertsonaia. Prezio onean utziko dizuet. Asko ere ez du balio-eta, gizartearen baremoen arabera.

Esan dizuet enpatiarik ezaren legea haustekotan egon naizela kasu honekin. Gutxi dira neskato hura baino gehiago estimatzen ditudan pertsonak. Asko jota, sei.