Udazkena, musikaz lagunduta

Udazkena, musikaz lagunduta

Peru Azpillaga Diez

Martxoaz geroztik, Ugaon zuzeneko musikarik gabe geratu direla ohartarazi du Goio Ramos Ugaoko Sarea Sound System musikazaleen elkarteko kideak. “Jaietako kontzertuak, gure elkarteko egitasmoak… dena geratu da bertan behera”, azaldu du penatuta. Egoera horri buelta emateko asmoz, udalarekin harremanetan jarri ziren, eta Udazken Musikatua kontzertu zikloa egiteko proposamena helarazi zioten, bihar bertan martxan jarriko dena. Aurrekontuarekin “gorabehera” batzuk izan arren, akordio batera heldu zirela azaldu du Ramosek, eta, udalaren jarreraz gain, egitasmoan parte hartuko duten musikari eta langileen “prestasuna” txalotu nahi izan du, “erraztasun handiak” jarri dituztelako.

“Pentsatu genuen, baldintzatuta bazen ere, Ugaon musikari lotutako kultura berreskuratzen hasteko garaia zela”. Hain zuzen ere, horretarako sortu zuten elkartea. “Berriz ere, musika eskaintzaren dinamizazioari heltzeko hautua egin dugu: musikazaleei zer gozatu eskaini, eta, horrekin batera, horretaz bizi diren pertsonei lan egiteko aukera emateko”, zehaztu du Ramosek.

Bihar bertan hasiko da egitasmoa, Gariren kontzertu batekin, eta, abenduaren 18ra arte, bi kontzertu eskainiko dituzte hilero. Kontzertu guztiak zapatuetan izango dira, 20:00etan, eta Ugaoko Jane Jauregiko ganbaran eskainiko dituzte. Osasun neurriak betetzeko, 60 pertsonara mugatu behar izan dute kontzertu bakoitzera joan ahalko den jende kopurua, eta, horretaz gain, beharrezkoa izango da sarrerak aurretiaz eskuratzea. “Kontzertu guztiak doakoak izango dira, eta sarrerak pilaketarik eta agerraldirik ez sortzeko baliatuko ditugu”. Ramosek jakinarazi duenez, gainera, Ugaokoek lehentasuna izango dute eskuratzeko orduan.

Egitaraua osatzeko, elkartearen hiru oinarriak edo lan ildoak jarraituz aritu direla dio: “Musika, hizkuntza eta emakumeen presentzia”. Hortaz, sei musika talde arituko dira jaialdian; seiak euskara hutsean aritzen diren artistak dira, eta horietako hiruk emakumeak dituzte buru.

Oraingoan, baina, laugarren ideia bat ere sartzen saiatu direla azaldu du: “Herriarekin edota gure elkartearekin lotura duten taldeei lekua egiten saiatu gara”. Horren adibide dira Maria Rivero abeslaria eta Mumia taldea. “Balmasedakoa da Rivero, baina Zeberion bizi da aspalditik, eta harreman handia dugu berarekin. Era beran, Mumia Arrigorriagako gazteek osatutako talde bat da, eta haiei ere eskaini nahi izan diegu jotzeko aukera”. Azkenik, auzolana sustatzeko asmoz, kartel orokorraz gain, kontzertu bakoitzeko kartelak ere argitaratuko dituzte, eta kartel horiek guztiak herriko sortzaileek diseinatutakoak izango dira.

Udalaren diru laguntza batekin antolatu dute egitasmoa. “Aurrekontua aurkeztu genien, eta, negoziazio baten ostean, gure proposamena onartu zuten, moldaketa batzuk eginda”, nabarmendu du Ramosek. Gaur egungo osasun neurriekin halako egitasmo bat diru laguntzarik gabe antolatzea “ezinezkoa” dela ere erantsi du. “Elkartean boluntarioak gara denok, musikazaleak, baina, hala ere, diru laguntzarik gabe ezingo genuke halako proposamen bat aurrera atera”. 60 pertsonarentzako soilik tokia izanda, sarrerak kobratuta ere, teknikariak eta materiala ordaintzeko diru nahikorik ere ez luketela lortuko adierazi du. Horregatik, instituzioen aldetik kulturan inbertitzeko dagoen beharra azpimarratu nahi izan du: “Hau ez da gastu bat, inbertsio bat da, eta funtsezkoa da sektore hau aurrera atera ahal izateko”.

Okerretik txarragora

Ramosen aburuz, kultura egoera “kaxkarrean” zegoen pandemia baino lehen, eta, gero ere, hala izaten jarraituko duela uste du. “Batetik, diputaziotik eta Jaurlaritzatik bultzatzen den hizki larriz idatzitako kultura dago; ekitaldi handi eta masiboak, BBK Live eta antzeko egitasmoak. Baina, bestetik, kultura xumea dugu, ez horregatik garrantzi txikiagokoa, baina beti bigarren maila batean egon dena”.

Egungo egoeran, arazo hori agerian geratu dela nabarmendu du Sarea Sound System musikazaleen elkarteko kideak: “Lehen ere ez genuen gehiegi bultzatzen kultura; teknikarien kasuan, esaterako, orain ikusi egin da zer-nolako baldintzak dituzten”. Artisten eta musika teknikarien baldintzak kulturaren egoera “txarraren” adibidetzat ditu: “Kultura beti egon da txarto; pandemia ezin dugu gehiago hondoratzeko aitzakia gisa erabili”. Egitasmoa sektoreari bultzada bat emateko jarri dute martxan, eta, aurrera begira, gehiago antolatu ahal izatea espero dute.

EGITARAUA
Kontzertu asteko lehen hiru egunetan, Ugaokoek 946480704 telefonoan izango dute haien sarrerak eskuratzeko aukera; gainontzekoek, berriz, ostegunetik ostiralera. Pertsona bakoitzak hiru aulki erreserbatu ahalko ditu, guztien telefonoak eta izenak emanda. Kontzertura maskara jantzita sartu beharko da.
Bihar
20:00. Gari.
Urriak 31
20:00. Jurgi Ekiza.
Azaroak 14
20:00. Mice eta Joseba B. Lenoir.
Azaroak 28
20:00. Maria Rivero eta Tribu Banda.
Abenduak 12
20:00. Aiora eta Piti (Zea Mays).
Abenduak 19
20:00. Mumia.