Trenbide berria Santander eta Bilbo artean

Espainiako Gobernuak Santander eta Bilbo artean beste trenbide bat eraikitzeko proiektuaren azterketa adjudikatu du udan. EAJren eta PCR Kantabriako alderdi erregionalistaren aspaldiko aldarrikapena da. Renfeko komunikazioak BIZKAIKO HITZAri azaldu dioenez, tren laster bat egitea da asmoa. Gehienez, 45 minutu iraungo luke bidaiak. Trenbide hori bidaiarientzat eta zama garraiorako erabiliko litzateke. Abiadura lortu gura duenez, ez ditu egungo trenbideak dituen geltoki guztiak izango: “Soilik herri garrantzitsuetan geldituko litzateke”. Azterlan horretan, hiru ibilbide alternatibo aurkeztu behar ditu WSP Spain-Apia-Sener Ingenieria y Sistemas aldi baterako enpresa taldeak. Renfek argitu du azterketa egiteak ez duela trenbidea egingo dela esan gura.