Musikak saretutako zapo eta suge gazteak

Musikak saretutako zapo eta suge gazteak

Maialen Arteaga

Durangaldeko bederatzi talde gazte, bederatzi kantako disko batean. Formatu hori du gaur aurkeztuko duten Sapuek eta sugiek bilduma diskoak. Durangoko, Elorrioko, Ermuko eta Berrizko bederatzi talde gazte biltzen ditu, euskara hutsean hainbat musika genero uztartuz. Durangoko Parkatu taldeko Beñat Molinak gidatu du proiektua: “Orain hasi berri diren eskualdeko musika taldeak saretzeko eta ezagutarazteko modu bat da”. Diskoari izena ematen dioten animaliek eskualdeko herriekin dute lotura: “Durangori sapuherri deitzen zaio. Talde guztion artean izenak bota genituen, eta Sapuek eta sugiek aukeratu genuen”.

Proiektu honen ideia udako egun batean otu zitzaion Molinari, iraganeko antzeko proiektuak adibidetzat izanik. The Greatest Hits bilduma da horietako bat: 2007an eskualdeko musika taldeen kontzertu bat antolatu zen, eta, lortutako arrakastaren ostean, 25 talde horiek bilduma CD bat kaleratu zuten.

2020an antzeko proiektu bat egin nahi zuen Molinak, baina udan izan zuen ideia hori, aurreko prozesu bati esker: “Kanta gehienak Sorgiñola gaztetxeko musika gelan grabatu dira, eta argi dago hori eskura edukitzeak prozesu bat ekarri duela”. Egungo talde gazte batzuk prozesu horren emaitza direla azaldu du: “Pare bat talde gela horri esker hasi gara entseguak egiten, eta horren ondorioz gaude gogotsu”. Izan ere, Sorgiñola gaztetxea okupatu zutenean, hainbat gazte musikazale zeudela ohartu ziren. Errealitate hori kontuan hartuta, Garajetik dinamika antolatu zuten, hiru urtez eskualdeko talde gazteen topagunea izan dena. Eskari handia zegoenez, auzolanean entsegu gela bat eraikitzea erabaki zuten.

Gazteak dira proiektuaren sortzaileak eta parte hartzaileak; modu “naturalean” gertatu dela esan du Molinak: “Ez da bereziki gazteentzat sortu; emaitza naturala izan da. Talde hasiberrientzat izatea zen ideia, kanta propioak egitera bultzatzeko. Azkenean bederatzi talde batu gara, lagunak edo ezagunak. Antzeko adina dugunez, zerbait naturala izan da”.

Naturaltasun horretatik sortu zen Peio eta Itsua rap taldea. Apurka kantak grabatzen hasi zen bikotea: “Kanta kopuru bat izatea lortu genuenean, proiektu interesgarri bat zegoela konturatu ginen; hor sortu zen talde bat egiteko erabakia”, zehaztu du Peio Azkarate abeslariak.

Emakume gutxi

Naturaltasunez hartu dute euskaraz kantatzeko erabakia ere. Raparen munduan dagoen hizkuntzaren aferaz sakondu du Azkaratek: “Rapa euskaraz egitea da gure asmoa, eta ez euskal rapa. Euskal rapean jarraitu beharreko patroi batzuk daude; oro har, euskal sorkuntzan daude, ez rapean bakarrik. Euskarari ezartzen dizkioten patroi horiek oztopo izan daitezke musika euskaraz egin nahi dugunontzat”.

Laru musika taldeak ere parte hartu du proiektuan. Hiru kidez osatuta dago taldea, eta reggaetona, musika elektronikoa eta doinu lasaiak uztartzen dituzte trikitiarekin. Horientzat ere Sorgiñola izan da aterpe: “Gaztetxean entseatzen dugu, auzolanean sortutako eta egokitutako musika gelan. Musika gela edukitzea talde berriak sortzeko bultzada izan da, gazteei musikarekin jolasteko espazio libre bat eskainita”, azaldu du Maider Zubizarretak. Gazte talde gehienak lagunen artean sortutakoak direla esan du.

Lagunarteko errealitate horretan emakumezkoen presentziaz hausnartzeko galdera bat bota du Zubizarretak: “Baina zer gertatzen da lagun taldean ez dagoenean baxu jotzaile neskarik, bateria jotzaile neskarik edo noizean behin desafinatzeko prest dagoen neska abeslaririk? Musika tresnek nolabait generoa dutela dirudi”.

Musika munduan andreek duten presentzia urria dela iruditzen zaio, eta disko hau ere horren erakusle dela esan du: “Bederatzi talde elkartu gara. Horietatik hiru taldetan daude emakumeak; denera, 37 partaidetik sei gara neskak. Garbi ikusten da musika munduan mutilen eta nesken errealitatea ez dela berdina”. Zubizarretaren iritziz, emakume gutxiago egotearen zergatia ez da aukera gutxiago dituztela, baizik eta emakume izate hutsagatik jasotzen duten tratua: “Mutilengandik baino gehiago espero da emakumeengandik; entzuleek gehiago exijitzen digute”. Kasu argi bat jarri du adibide: “Desafinatzen duen neska batek kritika ugari jasotzen ditu. Mutil batek desafinatzean, nolabait, umorez hartzen da, eta,ondorioz, askatasun handiagoa du oholtzan”.

Saguek eta sugiek proiektua andreentzako “bultzada” izan daitekeela esan du Zubizarretak: “Beldurrak, lotsak eta kritikak alde batera utzi eta musikaz gozatzeko aukera denona dela aldarrikatzeko aukera bat da”. Proiektuaren aldarri feministaz baikor mintzo da: “Orain sei bagara, hurrengoan zergatik ez 11?”.

Harrera ona aurreikusten dute. Baina Molinak nabarmendu du dirua lortzea ez dela diskoaren helburua, eta, horregatik, saldutako CD kopuruek ez diela askorik axola: “Ez dakit etorkizunean jarraipenik izango duen, bigarren diskorik kaleratuko dugun. Baina elkar ezagutu dugu eta gure arteko sare bat sortzeko balio izan digu. Horregatik bakarrik, nik errepikatu egingo nuke”.