“Matxinaden oroimena baztertuta egon da; ez da interesik egon”

“Matxinaden oroimena baztertuta egon da; ez da interesik egon”

Peru Azpillaga Diez

“Herritarroi dagokigu botereak bazterrean uzten duen memoria gure egin eta berpiztea, beste inork ez duelako egingo”, ohartarazi du Hektor Ortega historialariak (Bilbo, 1966). Hain zuen ere, ideia horri erantzungo diote urriaren 19tik 24ra bitartean Bilbon egingo diren Zapalduon Memoria jardunaldiek. Zehazki, Ortegak emango dio hasiera egitarauari: 1718ko aduanen aldaketak eragindako matxinada ezagutzeko ibilbidea gidatuko du.

Zerk piztu zuen matxinada?

Garai hartan, aduanak Ebro ibaian eta Gaztelako mugan zeuden, Hego Euskal Herriari dagokionez. Euskal Herria foruek arautzen zuten. Merkatu librea zegoen indarrean, eta produktuei ez zitzaien muga zergarik kobratzen, ez sartzerakoan ezta irteterakoan ere; horregatik, merkeagoak ziren. Urte hartan, ordea, Ondorengotza Gerra izan zen Espainian, eta Filipe V.ak hartu zuen erregetza, [Espainiako] lehen borboitarrak. Aduanak kostaldera eramatea erabaki zuen, eta horrek matxinada piztu zuen.

Nolakoa izan zen?

Herri errebolta bat izan zen, Bizkaiko eskualde batzuetan eta Gipuzkoako Deba ibarrean eragina izan zuena. Baina, batez ere, Bilbo izan zen epizentroa. Aduanak kostaldera ekartzea izan zen matxinadaren sua piztu zuen erabakia, baina, oinarrian, arrazoi sakonagoak ere baziren.

Zer arrazoi?

Kontrabandoa eta horrek ekarritako aberats berriak.

Zer lotura du horrek aduanekin?

Aduanak mugitzeko prozesua kontrabandoari oso lotuta egon zen. Bilboko portura tabako asko heltzen zen Ameriketatik, eta handik Euskal Herri osora zabaltzen zen. Hona heltzen zen, eta ez zuen zergarik ordaintzen; beraz, merkea zen oso. Aitzitik, tabako hori legearen barruan Gaztelara sartzen zenean, Urduñan edo Balmasedan zeuden aduanen bidez, muga zergak ordaindu behar ziren, produktua garestituz.

Muga zergak ez ordaintzeko sortu zen kontrabandoa, beraz.

Hori da. Kontrabandoz pasata merkeago saldu zenezakeelako. Horren ondorioz, sekulako kontrabando sarea sortu zen Bilbora heltzen zen tabakoa Gaztelara eramateko. Garai hartan esaten zen Bilboko itsasadarreko errota guztietan ez zela ehotzen tabakoa besterik.

Aldaketa kontrabandoa amaitzeko egin zen orduan?

Besteak beste. Arazoa da kontrabando horri esker Bilboko merkatari batzuk asko aberastu zirela denbora oso gutxian, eta, beraz, botere handia eskuratu zutela. Horrek, ordea, ez zien graziarik egin hemengo aristokraziari eta ohiko merkataritza tradizionalean ibiltzen ziren lur jabe aberatsei. Aberats berriekin lehian ikusi zuten beren burua, eta, horregatik, aduanen aldaketa aukera bezala baliatu zuten. Betiko lur jabe horiek instituzioak kontrolatzen zituzten, eta, teorian foruak defendatzen zituzten arren, praktikan aduanen leku aldaketa onartu zuten.

Horregatik matxinatu ziren herritarrak?

Herritarrek euren bizi kalitatea kaltetu egin zela ikusi zuten, muga zergek produktuak garestitzen zituztelako. Era beran, ikusten zuten foruek pertsona libre bilakatzen zituztela, eta, aduanen aldaketaren bidez, foruak urratzerakoan, gizarte mailan behera egiten zutela sentitu zuten; hau da, libre izateari utzi eta mendeko bihurtzen zirela.

Matxinada horren aztarnak presente daude oraindik ere?

Bilbon, zoritxarrez, ez da egon antzinako ondarea jasotzeko eta kontserbatzeko kultura indartsurik. Kontrara, Bilbo aldean ia dena desagertu da. 300 urte baino ez dira igaro, eta ez da batere erraza gertakizun horiekin lotutako eraikinak topatzea. Ibilbidean zehar, bost edo sei geldialdi egingo ditugu geratzen diren aztarna gutxi horiek ezagutzeko: besteak beste, Gizakundearen komentuan, Belostikaleko Arana Jauregian eta gaur egun Bilboko Euskal Museoa den eraikinean.

Aztarna gutxi egoteaz gain, matxinada bera ere ez da ezaguna.

300 urte bete zirenean ez zen ezer egin. Ni orduan hasi nintzen ibilbide hau egiten. Matxinada honetan hiru pertsona hil zituzten, horien artean Bizkaiko ahaldun nagusia. Errepresioak, ostera, hamasei pertsona exekutatu zituen hirian bertan. Argi dago Bilbon matxinaden oroimena oso baztertuta egon dela; ez da egon herri gatazkak gogoratzeko interesik. Normalean instituzioek egiten dituzte halako memoria ariketak, baina hemen ez da interesik egon.

Zergatik?

Oso matxinada erradikala izan zelako, bai edukietan bai formetan. Aberatsen etxeen aurka oldartu ziren, euren ondasunak erre zituzten… Boterearen aurkako erantzun bortitz bat izan zen. Beraz, hori gomutara ekartzea ez da agintean egon direnen interesekoa. Gatzaren matxinadari buruzko plaka bat dago, baina ez, ostera, aduanen aldaketari buruzkoa. Zergatik? Herritarren lanari esker. Oroimen hori herritarrok gure gain hartu behar dugu, eta akuilu bilakatu beste lekuetara zabaldu, eta erakunde publikoek mantentzeko ardura euren gain har dezaten.