Euskara, alboratuta

Natalia Salazar Orbe
Pandemiak baldintzatuta, eta ohi baino segurtasun neurri zorrotzagoak ezarrita hasi da Bilboko Udalaren kirol eskaintza. Zortzi urtetik beherako umeentzako ikastaroak azaroan hasiko dira. Hil honetan ekin diete, berriz, adin horretatik gorakoentzako jarduerei. Bilbo Kirolak erakundeak eskaintzen ditu, eta, erakunde horrek emandako datuen arabera, 288 ikastaro eskainiko dituzte 16 urtetik beherakoentzako; horietatik 238 dira euskaraz.

Natalia Salazar Orbe

Pandemiak baldintzatuta, eta ohi baino segurtasun neurri zorrotzagoak ezarrita hasi da Bilboko Udalaren kirol eskaintza. Zortzi urtetik beherako umeentzako ikastaroak azaroan hasiko dira. Hil honetan ekin diete, berriz, adin horretatik gorakoentzako jarduerei. Bilbo Kirolak erakundeak eskaintzen ditu, eta, erakunde horrek emandako datuen arabera, 288 ikastaro eskainiko dituzte 16 urtetik beherakoentzako; horietatik 238 dira euskaraz. “Hau da, ikastaroen %82,6 euskaraz dira”. Paperak hori badio ere, errealitatea bestelakoa dela salatu du alaba ikastaro horietako batera daraman David Lopategik. Aukera zeukan euskarazko ikastaro bakarrean eman zuen alabaren izena, baina begiraleak gazteleraz eta euskaraz egiten die umeei. Txurdinagako kiroldegian gertatu da Lopategik salatutakoa.

Ikastaroaren lehen egunean bertan gertatutakoarekin harrituta geratu zen guraso hori. “Kiroldegian geundela, begiralea atera zen. Sinatu behar genituen baimenak banatu zizkigun, eta azalpen guztiak eman zizkigun; gazteleraz, noski. Bat-batean, ama batek esan zion: ‘Barkatu, nire semeak ez daki oso ondo euskaraz, eta blokeatu egiten da euskaraz egiten badiozu. Beraz, eskertuko nizuke, mesedez, hari gazteleraz hitz egitea’. Harrituta geratu nintzen. Eta are gehiago harritu ninduen begiraleak ondokoa esan zionean: ‘Bada, lasai, ele bitan egingo dugu’. Hori entzuten duzunean badakizu dena erdaraz izango dela”.

Ikastaroaren bigarren egunean, susmoak baieztatu zituen. Alabari galdetuta, hark esan zion berari eta beste bati izan ezik, gainerako seiei gazteleraz egiten ziela begiraleak. Horregatik, Lopategik uste du Bilbo Kirolak erakundeak euskararen presentziari buruz ematen dituen datuak ez datozela bat errealitatearekin. “Praktikan, oso bestelakoa da. Gero begiraleek nahi dutena egiten dute”.

Enpresaren euskara plana

BIZKAIKO HITZAk uudalari galdetu dio Guedan enpresari zer hizkuntza irizpide eskatzen dizkion euskararen erabilerari dagokionez; Guedan Bilbo Kirolak erakundeari zerbitzua ematen dion enpresa da. Bilboko Udalak erantzun du enpresak bere euskalduntze plana duela. Plan horren arabera, enpresak langileen %75 elebidunak izateko konpromisoa hartzen du. “Gutxienez, B1 maila izan behar dute”. Azaldu dutenez, “langile guztiek dute enpresa euskalduntzeko planerako sarbidea”, eta “planak pertsona bakoitzarentzako urtean 360 orduko euskara eskolak aurreikusten ditu”.

Lizitazioan aurkeztutako enpresaren euskara planak helburu gisa du “langileei beren euskara maila hobetzeko behar dituzten tresnak eskaintzea, lanpostuko beharretara egokitzeko. Baita bezeroak eskatzen dituen euskara baldintzak betetzea, eta, ahal bada, hobetzea ere”.

David Lopategi erabiltzailearen salaketaren aurrean ez dute iritzirik eman. “Edozer motatako kexak dituzten erabiltzaileak Bilbo Kirolak-ekin harremanetan jartzea gonbidatzen ditugu, eta guri helaraztea, dagoeneko egin ez badute. Jasotzen diren kexak pertsonalki eta zuzenean erantzuten eta konpontzen dira, eragin dion pertsonarekin edo pertsonekin”, esan dute.

Lopategi minduta dago: “Eskola horretarako eman genuen izena, euskaraz eskaintzen zen talde bakarra zelako. Hastapeneko saioetan, 10 eta 14 urte arteko gazteentzat euskaraz eskaintzen zen talde bakarrean eman nuen alabaren izena”. Sei urtetik gorakoentzako tenis eskaintzetako zazpi gazteleraz dira, eta lau, euskaraz.

Kiroldegian zeuden gurasoek ez zuten elkar ezagutzen. Hala ere, begiradengatik sumatu zuen Lopategik bazirela bera bezala pentsatzen zutenak: “Beste ama batengana hurbildu nintzen, eta esan zidan bera ere harrituta geratu zela, eta idazki bat egingo zuela. Guk, gurasoen aldetik, kontua mugituko dugu”.

Kezkatuta geratu ziren haietako batzuk. “Bitxia da, zeren seme-alabekin frantsesez hitz egiten duen beste ama bat ere bertan zegoen. Eta esan zuen beren-beregi euskarazko taldean apuntatu zituela seme-alabak, ezin dielako eskaini era horretako espazio euskaldun bat, eskolatik kanpokoa, aisia beste era batean garatzeko. Eta harrituta zegoen”.

BILBAO KIROLAK

Irizpide zehatzak

Lopategik uste du Bilbo Kirolak erakundeak zerbitzua ematen dion Guedan enpresari hizkuntzaren erabilerari buruzko irizpideak transmititu beharko lizkiokeela: “Guraso batek era horretako planteamendua egiten badu, begiralearen erantzuna argia izan beharko litzateke: ‘Ez, barkatu, hau euskarazko talde bat da, eta euskaraz egingo dugu’. Kontuan hartu behar da gaztelerazko beste hiru talde zeudela. Horietan apuntatzeko aukera zuen”.

Begiraleari berari ere zuzenean helarazi zion kezka, ikastaroaren bigarren egunean. “‘Bai, tarteka euskaraz eta tarteka gazteleraz egin beharko dut’, erantzun zidan. Nik ezetz esan nion. Ikastaroa euskaraz da. Eta gazteleraz askoz ere eskaintza handiagoa dago”. Beraz, uste du kirol eskaintzaren artean euskarazkoa nabarmen handiagoa dela iragartzea “itxurakeria” dela. Hizkuntz Eskubideen Behatokian ere salatu du bizitakoa. Izan ere, haren ustez, “euskaraz eskaintzen den talde bakarrean hau ezin da gertatu. Hau onartezina da”.

Behatokia modu berean mintzatu da. Agurne Gaubeka Erauzkin bertako zuzendariarenak dira berbok: “Ezin da gertatu guraso hauek salatzen dutena. Euskarazko ikastaroak gutxi izan, eta, gainera, ordutegiagatik zein gaztelaniazko taldean tokirik ez dagoelako norbait euskarazko ikastaroan apuntatzen bada, zergatik pasatzen da ikastaro hau gaztelaniazko bat izatera?”.

Horrelako “kasu ugari” gertatzen direla adierazi du: “Askotan, barneratua dugu hala izan behar duela, gure hizkuntza eskubideei uko egin behar diegula, gaztelaniaren mesedetan. Hizkuntza nagusiak txikia jaten du, hainbat espaziotan norbaitek menperatzen ez duenaren aitzakiarekin. Euskara sustatu eta babesteko dinamikak eta eskaintzak ezerezean geratzen dira behar bezala bermatzen ez baditugu”.

Udalen erantzukizuna

Antzeko egoerak uste baino sarriago gertatzen direla esan du Gaubekak. Bilboko kexa gehiago jaso dituzte, Gabonetako eta udako jarduerak antolatzen dituzten azpikontratatutako enpresen hizkuntzaren erabilerarengatik. “Haurrentzako jarduerak antolatzen dituzten enpresek hizkuntza eskakizunak betetzen dituztela berretsi beharko luke udalak”.

Bizkaiko hainbat herritan ere helduentzako ikastaroen eskaintzan gaztelera nagusitzen dela salatu du. “Batzuetan kexak heltzen zaizkigu, baina beste herritar asko ez dira ausartzen, eta gaztelaniazko eskaintza onartzen dute”. Haren ustez, erakunde publikoek, herritarraren eskubideak bermatzen direla ziurtatzeko, mekanismo eta neurri bereziak jarri behar dituzte martxan.