Arizen berritu egingo dituzte tren azpiegiturak

Basauriko Ariz auzoan trenbideak sortzen dituen arazoak konpontzeko lehen pausoa eman du Eusko Trenbide Sarea Eusko Jaurlaritzaren enpresa publikoak. Azpiegiturak moldatzeko azterlanaren aurretiko ikerketa adjudikatu du. 290.400 euroren aurrekontua du, eta hamabi hilabetean eginda egon beharko du. Helburua argia da: Urbiko eta edukiontzien trenbideko pasabideak kentzea, trafikoan eragiten dituzten oztopo eta arriskuengatik.

Aspaldiko aldarrikapena izan da herrian, eta hala dago jasoa udalak iaz onartutako Hiri Antolaketarako Plan Orokor berrian ere. Azterlanean, lehenengo eta behin, Arizetik igarotzen diren zama garraiorako trenen eta bidaiarienen joan-etorriak neurtuko dituzte. Bilboko Metroaren 5. lineak nondik nora joan beharko duen ere kontuan hartu beharko dute. Gainera, trenbide pasaguneak ezabatuko dituzten irtenbideak diseinatzeaz gain, beste geltoki bat non egin erabaki beharko dute: Arizen edo inguruetan. Basauriko EH Bilduk eskatu du herritarrek parte hartu ahal izatea azpiegitura berrien diseinuan, proiektuaren garrantzia dela eta.