Ziklo bat amaitu, eta beste bat hasi

Ziklo bat amaitu, eta beste bat hasi

Zihara Jainaga Larrinaga

Mende erdi bat baino gehiagoko zikloa bukatzear dago Mañarian. Denda bakarra dago herrian, eta jabeak erretiroa hartuko du datorren otsailean. Ondorioz, Rafa Bizkarra harategia izenez ezagutzen den saltokiak ateak itxiko ditu laster. Aitzitik, herriko denda bakarraren galera eragozteko asmoz, udalak negozioa erosi eta datozen hilabeteetan dendaren kudeaketa lehiaketara aterako duela iragarri du.

Rafa Bizkarraren aitak ireki zuen herriko denda, 1968an, eta 1980 inguruan hartu zuten semeak negozioaren ardura; 40 urte egin ditu dagoeneko ordutik. Urteko egun guztietan, astegun zein jaiegun, irekita egon da herritarrek edonoiz zituzten beharrak asetzeko. “Familiak 50 urtetik gora daramatza negozioan, eta ni 14 urterekin hasi nintzen lanean hemen”, esan du Rafa Bizkarrak. Harategiaz gain, fruta denda, okindegia eta supermerkatu txiki bat ere bada.

Ainara Otxotorena Mañariko alkateak azaldu duenez, herrian denda bat egotea bermatu beharragatik erabaki zuen udalak negozioa erostea. “Gurean jende nagusi asko dago, eta iruditzen zaigu beharrezkoa eta oinarrizkoa dela herrian bertan horrelako zerbitzu bat izatea”. Alkateak dioenez, funtsezkoa da Mañariaren moduko herri batek denda bat izatea. “Oinarrizko erosketa bat egiteaz gain, momentu batean zerbait ahaztuz gero, eskura edukitzeko aukera hori nik uste dut pribilegio bat dela”. Azaldu du, helduek ez ezik, herriko jende gazteak ere ohikoa duela erosketak bertan egitea.

Dendaren etorkizuna erabakitzeko, herritarrekin saio parte hartzaileak egin nahi dituzte. “Dendan aldatu edo gehitu beharrekoak jaso nahi ditugu; hala, kudeaketa lizitatzerakoan iritzi guztiak hartuko ditugu kontuan”. Otxotorenak zehaztu duenez, Maraka enpresa arduratuko da saio parte hartzaileez, eta urte honen amaiera bitarte egingo dituzte.

Jarraipena ziurtatuta

53 urtetan zehar, denetariko oroitzapenak izan ditu Bizkarrak harategiko lau pareten artean. Jabeak aitortu duenez, alde batetik pena ematen dio zikloari bukaera eman beharrak, baina, era berean, bere betebeharrak konplitu izanaren sentsazioarekin doa. “Dena eman dit dendak; ez naiz ia hemendik atera ere egin. Oso eskertua nago”.

Udalak hartutako erabakia ilusioz hartu du Bizkarrak. “Pozgarria da jarraipen bat izatea”. Denda itxiz gero, herria “hilko” litzatekeela uste du.

Dagoeneko jendea galdezka hasi dela azaldu du Otxotorena alkateak. “Herrian denda bakarra izanik, ikusi dute negozio moduan irteera baduela, eta jendeak interesa dauka”. Hortaz, ez du arriskurik ikusten Mañarian denda gabe gelditzeko. Formatuari dagokionez, saio parte hartzaileetan erabakiko da zein izango den etorkizuneko dendaren formatua. “Badago jende bat gustatuko litzaiokeena formatu berarekin jarraitzea, baina egongo da jende gazteago bat ere nahiko lukeena beste hainbat produktu eskaintzea, beste ildo bateko produktuak”, azaldu du Otxotorenak. Udala denentzako gustuko zerbitzua ematen saiatuko da. Bizkarrari, bestalde, dendaren ardura herriko jendeak hartzea gustatuko litzaioke, baina zail ikusten du.

Otxotorenak nabarmendu du Mañariko herriak asko zor diola Rafa Bizkarra harategiari. “Ez da ohiko denda bat, ez dauka denda normal baten funtzionamendua. Jaiegunetan ere zerbitzua eskaintzen du: edonoiz topatuko duzu irekita”. Konfinamendu garaian denda oso lagungarria izan da askorentzat. “Alde horretatik, asko eskertu beharreko zerbait dauka herriak”.