Ibai Maruri Bilbao
Kuadrillan kalez kale ibiltzea da txikiteoa, tabernaz taberna, poteoan, eguneko kontuak esaten, politikaz, gizarte gaiez edo kirolaz eztabaidatzen. Bizitzeko era bat da; lagunekin egoteko modu bat”. Fernando Iraeta santutxuarra (Bilbo) betidanik izan da txikiteroa. Urte luzez baxoerdiak edan eta lagunekin kontu kontari ibiltzera ateratzen zen kalera, ia egunero; batzuetan auzoan, beste batzuetan Zazpikaleetan. Gaur egun, tarteka irteten da. Baina oraindik ere badira eguneroko ohiturari eusten diotenak Bilbon zein Bizkai osoan: txapela buruan, baxoerdia eskuan eta bilbainak kantuan ibiltzen dira tradizioa zintzoen gordetzen dutenak. Egunero ibilbide bera osatzen dute, taberna beretatik, ordu bertsuan. Txikiteroek badakite non topatu lagunak, hitzordu beharrik gabe. Urriaren 11n, Bizkaiko zaindari den Begoñako Amaren jai egunean, Txikiteroen Festa ospatu ohi da Zazpikaleetan, 1963an Santiago katedraleko orduko parroko Epifanio Mezori ideia bururatu zitzaionetik.
Aurtengoa 57. festa da. Baina COVID-19aren pandemia dela eta, domekan egin beharreko ekitaldiak bertan behera geratu dira. Bizkaiko Txakolina sor-markako ekoizleek ez diote eskainiko mahatsa batu ondorengo lehen mustioa Begoñako Amari, John jauregiaren kanpoko aldean duen irudian; fededunek ere ez lorerik. Bizkaiko Gozogileen Elkarteak ez du Begoña tartarik banatuko. Eta ez da Salbe jendetsurik abestuko Pelota, Santa Maria eta Txakur kaleek bat egiten duten kantoi horretan. “Guretzat egun garrantzitsua da”, aitortu du Iraetak. “Hiru kale horiek jendez betetzen dira, ibili ezinik, elkarri bultzaka. Zazpikale guztiak betetzen dira jendez”. Urtean zeharreko txikitero bakan horiek milaka bihurtzen dira egun batez. Zazpikaleen jai nagusia dela iruditzen zaio.
Eraldatzen ari den ohitura
Aitortu du txikiteroak gero eta gutxiago direla. Dena den, ez du uste galduko denik. “Beste ohitura batzuen modura, hau ere eraldatu egingo da. Orain ez da lehen beste ardo edaten, adibidez”. Iruditzen zaio belaunaldi berriek gurago dutela leku batean lasai egon, tabernaz taberna ibili ordez. “Gazteak kalean elkartzen dira gehiago, edateko eta elkarrekin egoteko”. Orain, COVID-19aren pandemiarekin txikiteoa zailagoa dela esan du. “Parentesi batean gaude. Hileotan terrazek hartu dute garrantzia, tabernetako barren ordez”.
Txikiteroa ez ezik, Santutxuko Garaizarko Matsorriak abesbatzako kidea ere bada Iraeta. Urria hasi eta hilaren 11 iritsi bitarteko egunetan Bizkai osoko hainbat abesbatza ibili ohi da Zazpikaleetako iluntzeetako txikiteoa girotzen. Aurten ere kanturako deia egin du Txikitero Artean elkarteak, baina segurtasun neurriak mantentzeko eskatu du. Txikiteroek eta Zazpikaleetako eta Bilbo Zaharreko hainbat eragileek sortutako elkartea da, Txikiteroen Eguna antolatzeko asmotan. Jaia bera bertan behera geratu arren, arrautza pintxoen urteroko lehiaketari eutsi diote, adibidez; Zazpikaleetako eta Bilbo Zaharreko 36 tabernak hartuko dute parte hilaren 23ra arte. Lokal horietatik ibilbide gastronomikoa egiteko aukera ere badago. Urteroko Ohorezko Txitikero sariak atzo banatu zituzten: Euskal Botikarien Elkargoari eta konfinamendu garaian etxeko balkoitik musika joz ibili zen Ivan Allue San Ignazio auzoko bizilagunari.
Garaizarko Mahatsorriek Atxuriko Gizakundearen elizan urriaren 11n eskaini ohi duten kontzertua ere bertan behera utzi behar izan dute. “Pena handia eman digu. Kataluniatik abesbatza bat etortzekoa zen. Urtero gonbidatzen dugu talderen bat. Datorren urtean izango da”. Domekan, Begoñako Anaidiak urtero antolatu ohi duen erromeriarik ere ez da igoko Arriagatik Artaganera; urteroko jai egitarauaren faltan, basilikan eta inguruetan ere mezak izango dira ospakizun bakarrak.