Putzu baten isla

Maite Berriozabal Berrizbeitia

Triste antzean sumatzen zaituztet. Ez dakit udazkenagatik den edo beste zerbait daukazuen, baina kopeta erdi belztuta gabiltzala iruditzen zait. Taberna baten kanpo aldean, zutik, korro baten bueltan eta elkarrengandik distantzia laburrenean egotearen plazeraz aritu ginen joan den larunbatean. Tabernako mahai hutsaren bila egindako arineketaldiaz hitz egin zigun beste batek, eta herri kirol berria izan zitekeela esanez barre egin genuen. Oliba platertxoen eta izozkien oasi legalak harritzen gintuen beste pozten gintuela adostu genuen, eta musukoari esker bizitzan aho zabalik ibiltzeko askatasunaz hitz egin genuen. Beste une batean fikzioa liratekeenez aritu ginen nahi baino ohituago, nahi baino etsituago, nahi baino normalago.

Euria eta hotza ere etxeko planez nekatuegi geundenean iritsi zaizkigu, eta etxe barruan egoteak ez dakit ez ote gaituen derrigorrean etxean egon ginen garaietara eramaten. Jende eta kale beharrak ezin aseta gabiltzala iruditzen zait, baina beldurrak ere gurekin bidaiatzen du. Bien bitartean bizi ere egin behar dugun arren, bien bitartean nahi dugun bezala bizitzeko arnasa falta zaigu. Kaleak, mendiek, portuek eta okindegiek hor jarraitzen dute, baina gu ez gara ginenak. Munduak hor jarraitzen du, baina gu ez gara duela zazpi hilabete bezain mundutarrak.

Badirudi albistegiak kateatuta gelditu zirela eta orduan albiste izandako haren ohiartzunetan bizi garela. Baina baditu pitzadurak koronabirusaren erreinu informatiboak ere, eta albiste jasaren artean atxiloketak, berriz. Albistea irakurri eta berehala bueltatzen da gorputza beste garai batera, estuasun eta etsipen berberera. Gorputzak ondo baino hobeto daki minerako bidea, eta ia ohartu gabe eramaten zaitu patrolez betetako hotzikaretara. Garaiak ez dira errepikatzen, baina zeinen zaila den garaiak bereiztea eszenak errepikatu egiten direnean.

Bizitzan ez da ezer behin bakarrik gertatzen. Behin mailatutako izterraren ertzak ez du berehalakoan ahazten, eta kolpe berri bakoitzak beste kolpe bat gehitzen dio aurrekoari. Ezinbestean da azken kolpea bera ere, neurri batean, lehenengoaren lorratza. Dena joaten da batzen, eta denborarekin mokorreko minez bizitzen ikasten dugu edo oharkabean erortzen gara behin betiko, eta kito. Baina ez dugu ahazten, metatu egiten dugu. Aldatuko dira sasoiak, moldatuko ditugu lehentasunak edo ikasiko ditugu gauza berriak, baina bizitakoren markak ez dira behin betiko ezabatzen azaletik.

Uda azkena edo negu hasiera ote den ez dakit, baina edozer datorrela ere egingo diogu aurre, aterako dugu indarra. Barruetan egoteko sasoiak barrurantz egotekoak ere izaten dira askotan, eta balia ditzagun barruko trumoiak kanpoko zaratak isilarazteko. Ekaitzik beltzenean ere izaten da edertasun unerik, eta, euriari begira egon ordez, euritan aritu nahiko nuke. Putzurik zabalenean zerua ikusiko dugu, eta ez digu inork ukatuko zerua hankapean hartu ez dugunik.