Getxo, urriko arte eszenikoen topaleku

Getxo, urriko arte eszenikoen topaleku

Maialen Arteaga

Normaltasun berriak kultura bi masailetan jo du, baina ezin izan ditu herrietako urteroko egitasmo guztiak zapuztu. Urtero bezala, urri honetan ere Getxoko Arte Eszenikoen jardunaldiak antolatu dituzte. Orain arte, bi asteburutan egiten zituzten; aurten, hiru asteburutan egingo dituzte: gaur hasi eta hilaren 25era bitartean izango da Getxo arte eszenikoen topaleku. Hamabost ikuskizuneko egitarau oparoa antolatu dute. Berezitasun bat du, ordea, pandemian antolaturiko 38. aldi honek. Izan ere, orain arte Getxoko Antzerki Jardunaldiak izenez zen ezaguna, baina denboraren poderioz bereganatu dituen askotariko diziplinei erantzunez, aurten izena aldatzea erabaki dute: “Izaera aldaketa baino gehiago, izen aldaketa izan da”, zehaztu du Iñaki Saituak, Getxoko Arte Eszenikoak jaialdiaren antolatzaileak. “Orain arte Getxoko Antzerki Jardunaldiak bezala izendatzen genuen, baina, egia esan, azken urteotan ere zirkua eta dantza bezalako diziplinak izan ditugu programazioan. Beraz, aurten izen aldaketa izango dugu, baina, azken urteetan bezala, arte eszenikoen ia diziplina guztiak izango ditugu: zirkua, pailazoak, haurrentzako eta helduentzako emanaldiak… denetarik eta denontzat izango da”.

38. jaialdiak, aldaketa handirik gabe, “aurrekoen esentzia bera” izango duela esan du Saituak: “Aurreko urteetako dinamika bera izango du”. Hala ere, egungo egoeraren ondorioz, aldaketa txiki batzuk egin behar izan dituzte, nahitaez. Egokitzapen handiena espazioa izango da:”Ez dugu ezer kalean egingo, dagoen egoerarekin Muxikebarri zentroan egingo dugu; Ereaga eta Arrigunaga auditoriumean”, azaldu du. Egoera errazteko asmoz, sarrerak Muxikebarri kultur zentroan erosi ahalko dira aldez aurretik; goizez eta arratsaldez egongo da zabalik egoitza.

Erantzun ona

Jardunaldiek “harrera ona” izaten dutela kontatu du, eta oztopoak oztopo, aurten ere herritarren erantzun berdintsua espero dutela. Udan antolatu dituzten emanaldiak jarri ditu adibidetzat: “Emanaldi batzuetara jende gehiago etortzen da; bertso saioa, adibidez, goraino bete zen”. Ikuslearen perspektiban jarri da Saitua, eta agerraldi jendetsuen inguruko mesfidantzaz hausnartu du. Egoerarik zailenetara moldatu arren, ikusleek oraindik “beldurra” dutela iruditzen zaio: “Nik uste oraindik publikoa beldur dela; normaltasun honetan ikusleei kostatu egiten zaie aretoetara sartzea”. Aurtengo emanaldietan ikusle kopurua %60ra murriztu dute, eta ikuskizun guztiak eserlekuetatik ikusi beharko dira. Oholtza gainean jarri du begirada orain, eta ikusleen arteko distantzia fisikoa irudikatu du; hutsune fisikoak baino gauza gehiago ikusten ditu taulako perspektibatik: “Suposatzen dut artistek nabarituko dituztela ikuslearen arteko hutsune horiek. Ez dakit giroa hotzagoa izango den, ez dut uste; baina hutsunea nabarituko dela, bai”.

Kultur eskaintza gauzatu ahal izateko protokolo “oso zorrotza” jarraitu behar dela azaldu du, ikusleek, antolatzaileek zein artistek jarraitu behar dutena: “Muntaketan artistak ezin dira jesarlekuetara hurbildu ere egin. Ikuskizunaren egunean, ikusleei zein artistei tenperatura hartzen diegu sartzen direnean; maskara ere derrigorrezkoa da denontzat, artistek ere emanaldia hasi arte jarrita izan behar dute”.

JULIETAS Romeo Circo ikuskizuna.Markeliñeren eskutik

Protokoloak, erronka

Kultur arloak motorra berriro piztu zuenetik, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Protokolo “zurrun” hori orain ohiko bilakatu bada ere, lehenengo kultur ekitaldietan erronka bat izan da: “Jardunaldiak iritsi direnerako ohitura hartu dugu,baina ez da erraza izan”, aitortu du Saituak. “Poliki-poliki ohitura hartzen hasi gara. Hainbat tokitan zaila izan da protokoloak ezartzea; hasieran bozgorailuetatik esan behar izaten genituen gauzak, edo gu ibili behar izaten ginen momentuan jendea bideratzen”.

Kultura segurua dela azpimarratu du, eta kultura seguru horren beharra aspaldikoa dela: “Kultura beharrezkoa izan da beti, eta, beraz, ahal dugun guztia egin behar dugu aurrera atera dadin”. Emanaldi gehienak aurrera eraman dituzte: “Gure asmoa saio guztiak egitea da, eta aldaketak egin behar baditugu ere, apustu hori mantendu egingo dugu”. Antolatuta zeukaten eskaintzatik pare bat ekitaldi soilik utzi dituzte bertan behera, baina erabaki hori artistek hartu dute: “Jazzaldia eta urriko beste emanaldi bat bakarrik utzi ditugu bertan behera. Jazzaldia, atzerriko hamabost artistek honaino etorri behar zutelako, eta urrikoa, Ingalaterratik etorri behar zirelako. Gure esku zeuden ekitaldiak aurrera eramatea erabaki dugu”.

Ikusle kopurua murrizteak kultur sektoreari “asko” eragin diola dio Saituak. Hala ere, horma bera igo nahian dabiltza sektoreko langile denak, eta elkar babesteko kulturaren alde egin behar dela uste du: “Musikariak, aktoreak, teknikariak… emanaldietatik bizi dira. Guk horri guztiari eutsiko diogu, ahal dugun arte”.

EGITARAUA
Arte eszenikoetako askotariko disziplinak bildu dituzte 38. Getxoko Arte Eszenikoen jardunaldiek. Gaur hasi, eta hilaren 25era arte egongo dira. Ekitaldi guztiak Muxikaberrin izango dira.
Gaur, ostirala
20:00. Denis Santacana Compañía de Danza-ren, Sharing Home ikuskizuna, Ereaga aretoan.
Bihar, larunbata
13:00. Circo Choscoren Indartsuak zirku antzerkia, Arrigunaga aretoan.
18:00. Anita Maravillas konpainiaren Cottondarrak haur antzerkia, Ereaga aretoan.
Etzi, igandea
13:00. Mugmus Laborategia konpainiaren Esku Harriak diziplina pluraleko ikuskizuna, Arrigunaga aretoan.
19:00. Markeliñe zirku antzerki konpainiaren Julietas, Romeo Circo ikuskizuna, Ereaga aretoan.
Urriak 12
13:00. Kiki, Koko eta Moko pailazoen Natura gara ikuskizuna, Arrigunaga aretoan.
19:00. De Gernika a Nueva York ikuskizuna Baleukoren eskutik, Ereaga aretoan.
Urriak 16
20:00. Kutsidazu bidea, Ixabel, Demodé produkzioak taldearen eskutik, Ereaga aretoan.
Urriak 17
20:00. Ados taldearen LLoviendo ranas antzezlana, Ereaga aretoan.
Urriak 18
19:00. Producciones Come y Callaren Enigma Pessoa antzerkia, Ereaga aretoan.
Urriak 23
21:00. Around the World dantza ikuskizuna, Brodas Bros-en eskutik, Ereaga aretoan.
Urriak 24
13:00. Nazioarteko Dantza Eguna, Getxoko dantza eskolen parte hartzearekin, Ereaga aretoan.
18:00. Gorakada konpainiaren Pinocchio haur antzerkia, Arrigunaga aretoan.
Urriak 25
13:00. Hika taldearen Tonbola antzerkia, Ereaga aretoan.
19:00. Elektrical Flower ikuskizuna Elektrart/Dantzaz konpainiaren eskutik, Arrigunaga aretoan.