Bizkaia osoa konektatuta

Bizkaia osoa konektatuta

Natalia Salazar Orbe

Martxora arte Interneterako sarbidea izatea garrantzitsua bazen, COVID-19ak eragindako pandemiak eta konfinamenduak are agerikoago egin dute behar hori. Milaka bizkaitarrek etxetik lan edo ikasi egin behar izan dute. Hainbatek egoera horretan jarraitzen dute. Testuinguru horretan, foru aldundiak iragarri du 2023rako banda zabala lurralde osoan hedatuta egongo dela. Era horretan, Interneterako konexioari dagokionez, aukera berdintasuna bermatu nahi dute.

Konexio eskasa duten eremuetarako proiektua aurkeztu dute asteon Unai Rementeria ahaldun nagusiak, Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak eta Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak. 10 milioi euroko inbertsioa iragarri dute. Horren bidez, konexioa bermatzeko azpiegitura lanen %90 ordainduko dute.

Batez ere, landa edo urrundutako eremuetarako aurreikusi dute plana. Azaldu dutenez, operadoreek ez dituzte inguru horietan konexioa bermatzeko lanak egin nahi izaten, errentagarria ez zaielakoan.

Bizkaia Aurrera digitalizazio planaren bidez 7.620 ataritara eramango dute banda zabala. Atari horiek izan daitezke etxebizitza eraikinak, baserriak edo familia bakarrarentzako etxeak zein hotelak. Denera 96 herritan egin beharko dituzte lanok.

Datu zehatzak ematea oso zaila dela iritzi arren, egin dituzten kalkuluen arabera 602 lekutan egin beharko dituzte lanak. Lanok onuragarriak izango dira 14.500 herritarrentzat. Proiektu horretan parte hartu nahi duten konpainiek azaroaren 7a baino lehen egin behar dute eskaera.

Bete beharreko baldintzak

Enpresa horiek baldintza batzuk bete beharko dituzte. Hala jaso du aldundiak onartu duen foru dekretuak: gutxienez, 300 metro simetrikoko konexioa eskaini beharko dute, datuak mugarik gabe transferitu ahal izateko; erabiltzaileek egiten dituzten alta eskaerei gehienez hamar eguneko epean erantzun beharko diete; zerbitzuaren kostua eta baldintzak populazio dentsitate handiko eremuetan eskainitakoaren antzekoak izan beharko dira.

Horrez gain, zerbitzua eteten duten gorabeheren edo matxuren %95, gehienez, 24 ordutan konponduko dutela bermatu behar dute. Gainera, konpainiek hala eskatzen duten bestelako enpresei diruz egindako azpiegituretarako sarbidea onartu beharko diete. Era horretan, erabiltzaileek eurek erabaki ahal izango dute Internet zerbitzua zer konpainiarekin kontratatzen duten.

Behin diru laguntza esleituta, lanak urte honen amaieran edo 2021. urtearen hasieran hastea aurreikusi du Aldundiak. Beraz, abiadura handiko konexioa pixkanaka iritsiko da 7.620 atari horietara, lanek aurrera egin ahala.

Europari laguntza eske

Aldundiak laguntza eskatuko dio Europako Batasunari proiektua gauzatu ahal izateko. “Proiektu hau Europako funtsetara aurkeztuko dugu, funts horiek daukaten helburua oso ondo betetzen duelako”. Hala adierazi du Unai Rementeriak: “Sektore guztien digitalizazioa sustatu nahi dugu, baina, horretarako, ezinbestekoa da azpiegiturak martxan jartzea. Ez dut uste proiektu hau baino eraldatzaileagorik egongo denik. Horregatik espero dut Europak laguntza ematea”.

Banda zabalaren hedapenak bizkaitarren arteko berdintasuna indartzen duela ere uste du ahaldun nagusiak: “Pertsonen arteko berdintasuna, udalerrien arteko berdintasuna, baita aukerekiko berdintasuna ere. Hori ezinbestekoa da”.