Bizi berri baten esperoan

Bizi berri baten esperoan

Natalia Salazar Orbe

Ezagunak ziren oso Antonio eta Juan Cruz de la Fuente Bolanjero anaia durangarrak. Zilargileak ziren ogibidez, eta, horregatik, plateruak esaten zieten. Ogibideak baino gehiago, haien kultur arloko jardunak egin zituen ezagun, ordea. Koplagile eta soinulari trebea omen zen Juan Cruz; dantzari iaioa, berriz, Antonio. Oso plazakoak, eta kultura herrikoiari lotuak biak. “Haien omenez, plateruen etxe hau egiteko Plateruena kafe antzokia izena jarri zen. Haien omenez dator izena”. Hala azaldu du Markel Sanchez Zelaiak, Durangoko Plateruena kafe antzokiko zuzendaritza batzordeko kideak.

Hori izan da proiektuaren bizkarrezurra sorreratik. “Plateruena aukera bat izan da Euskal Herriko kulturgintza eta beste espazio batzuetako hizlariak Durangora ekartzeko; aukera bat durangarrentzat, izen handi horiek gertu ikusteko. Durangaldeko jendearentzat oso plaza inportantea ere izan da”, azaldu du Sanchezek. Balio horri oso garrantzitsu deritzo. Orain, Plateruena Kafe Antzokia Kooperatiba Elkarteko bazkideek elkartea desegitea erabaki berri dute. Izan ere, ekonomikoki ito egin da proiektua, eta ezinezkoa zaie aurrera egitea. Abenduan itxiko dute.

Hala ere, ez dute itxaropena galdu. Durangoko Udalarekin harremanetan daude. “Eraikina udalaren esku egongo da, eta udalak ikusiko du zer egiten duen haren etorkizunarekin. Nahiz eta Plateruena kooperatiba desegin, haren sorreran egon ziren pertsonen, elkarteen eta orain arte proiektuan ibili garen taldearen asmoa da hemendik atera litekeen proiektu berri batean parte hartzea. Orain arte egon den proiektuak aro bat itxi du, bai, baina euskal kultura sustatuko duen Durangoko beste proiektu batean parte hartzeko asmoa daukagu. Gure asmoa argi utzi nahi dugu: etorkizun hurbil batean proiektu hau martxan jartzea, oraingoaren haritik”.

1:

2, 1

 

(Durangoko hiltegia zegoen eraikinean egin zuten Plateruena. – Raul Bogajo/ Foku)

Udala, elkarlanerako prest

Durangoko Udalak adierazi du elkarlanerako prest dagoela. Hausnarketa prozesu bat jarriko dute martxan herritarrekin eta eragile askorekin batera, etorkizunean Plateruenaz gozatzen jarraitu ahal izateko. Hala iragarri dute proiektuaren lana txalotu duen oharrean: “Bi hamarkadatan Durango euskalduntzeko eta kulturgintza suspertzeko lana egin duen elkarlekua izan da Plateruena kafe antzokia. Aurrerantzean, beste bide batzuetatik bada ere, lan horretan bidelagun izango garela zalantzarik ez izan”.

Marian Bilbatua Durangoko Udal Kultura batzordeburuak azaldu duenez, “udalari dagokio prozesu parte hartzaile bat martxan jartzea, horretan laguntzea eta eragile guztiekin batera adostea, eta irudikatzea Plateruenaren asmo horri jarraipena emango dion proiektu egokitu bat”.

2:

2, 2

 

(Plateruena kafe antzokiaren kanpoko aldea, 2010eko neguan. – J. Hernaez / Foku)

Orain hasi den prozesua luzea izango dela aitortu du, ordea; oraindik kooperatiba desegin behar baita. Ibilbide horren bukaeran lizitazio deialdia egingo du udalak. Hala ere, aurretik hausnarketa sakona egin behar dutela sinetsita dago Bilbatua zinegotzia: “Pentsatu behar dugu zer nahi dugun, zer nahiko genukeen”. Ekonomikoki bideragarria den proiektu bat nahi dute.

Itxieraren diagnosian bat datoz denak: gaur egun ezagutzen den Plateruenaren eredua agortu egin da. Sanchezenak dira hitzok: “Ezagutu dugun Plateruena hasieratik eta gaur egunera arte oso antzekoa izan da. Jatetxe bat izan du, taberna bat, eta kultur programazioak egin izan dira. Eredu horrek agortze zantzu batzuk erakutsi ditu azkeneko urteetan. Kontsumo ereduak aldatu egin dira. Eta gero, COVID-19ak sortutako egoera dela eta, handi geratu zaizkigu dauzkagun ostalaritza ekipamenduak”.

Itxieraren albisteak erreakzio katea eragin du Euskal Herri osoan. Biharko elkarretaratzera deitu du Euskal Herrian Euskaraz egitasmoak. Euskararen eta kulturaren aldeko egiturazko neurri eraginkorrak aldarrikatuko dituzte, 12:00etan, Plateruena aurrean.

2004an ireki zuten Plateruena kafe antzokia, Durangoko hiltegia izan zen eraikinean. Berbaro euskara elkartearen ekimenez jaio zen. Elkarte horretako kidea ere bada Sanchez: “Durangon euskal kulturgintza landuko zuen espazio bat sortu gura genuen; euskal kulturgintzarentzat arnasgune bat bilakatu gura horretatik Durangori era horretako espazio bat ematea zen asmoa”.

2, 3

(Plateruena taberna, barra mokaduz betea duela, 2018an. – Endika Portillo / Foku)

Bazkidetza kanpaina “erraldoia” jarri zuten abian. Milatik gora bazkide izan ditu. “Jende horren guztiaren ekarpen ekonomikotik eta lanetik sortu zen gaur egun ezagutzen dugun Plateruena kafe antzokia”.

Zabalik daramatzan urte guztietan bide berari jarraitu dio proiektuak, Ihintza Orbegozo Igartua Plateruenako kulturgintzako arduradunak azaldu duenez: “Durangon kultur egitaraua dagoen leku bakarrenetakoa da. Programazio zabala eskaintzen du. Beti landu izan dugu herritarren parte hartzea, eta lortu dugu Durangoko eragile, elkarte eta norbanako askok haiena sentitzea espazio hau. Hori guztia euskaraz egin dugu. Beste kultura eta hizkuntza batzuk baztertu gabe, baina, batez ere, euskaratik euskarara landu dugu”.

Ikuspegi horren adierazgarri da, Plateruenako bi ordezkariei han izandako ekitaldi gogoangarrienei buruz galdetuta, herriko ekinbideak izan dituztela gogoan biek ala biek. Zilar asteak, urteurren ekitaldiak edota Hitzez eta Hotsez. Sanchezen esanetan, “izen handiak nabarmendu dira, baina baloratu behar da durangarrentzako zer izan den kafe antzoki hau”. Horrez gain, zerrenda luzea osatu dute Plateruenako oholtza zapaldu duten artista zein hizlariek: Berri Txarrak, Zea Mays, Debbie Harry, Nacho Vegas, Deluxe, Clem Snide, Swans, Minus-5, Jose Bove, Xabier Arzalluzz, Arnaldo Otegi, Xabier Lete, Ramon Jauregi edota Mari Luz Esteban izan dira bertan.

2, 4

(2015eko Durangoko Azokaren programazioaren aurkezpen ekitaldia, Plateruena antzokian. – Luis Jauregialtzo / Foku)

Herritarren lanak eraikia

Bazkidena ez ezik, hainbat herritarren inplikazioa izan du proiektuak: langileak, boluntarioak, artistak, antolatzaileak… Proiektuak izan dituen zailtasunei aurre egin diete denen artean. Eraikina udalarena da, eta hemezortzi urterako lizitazioa eman zion antzokiari —datorren otsailean bukatuko da epea—. Eraikina egokitu egin behar izan zuten, ordea. Milioi eta erdi euro behar izan zituzten horretarako. Jaurlaritzak 120.000 euro eman zizkien. Udalak ez zuen egin ekarpenik. Kooperatiba osatu zuten kideek egin behar izan zioten aurre zor hari. Berbarok zuen taberna salduta lortu zuten diruaren herena; herritarren ekarpenei esker, beste heren bat. Gainerako 500.000 euroak ordaintzeko, zorpetu egin zen proiektua.

Zor horren zama eraman dute urteotan. Ikusteko dago aurrerantzean zer eta zenbateko babesa lortuko duen egitasmoak.

AIKO TALDEA

(Aiko taldeak antzokian egindako erromeriaren une bat, 2013an. – Aiko taldea)