Natalia Salazar Orbe
Astelehenean, Gernika-Lumoko kale eta bazterrak ez dira beteko behi eta zezenenen orro eta marruen oihartzunez. Jende pilaketarik ere ez da izango. Plazek ez dute nabariko urriko lehen astelehena denik, ez baitute egingo egun hori ezagun bihurtu duen azokarik. Urriko azken astelehena ere letra txikiz dator aurten. Beste herrietan bezala, ez da-eta azoka handirik edo berezirik izango. Uzta jaso berri duten baserritarrek erakuslekurik garrantzitsuenak galdu dituzte. Eta abeltzainei ere ihes egin die diru iturri nagusiak.
Ondo ezagutzen dute egoera hori Adela Andikoetxea baserritarrak eta Jon Koldo Bikandi abeltzainak. Era horretako azoketan sari ugari jasotakoak dira biak ala biak. Lehenengoak 700 sari baino gehiago eskuratu ditu ortuariengatik; bigarrenak abelburu onenaren sari mordoa lortu du, azokaz azoka. Bikandi bezalako abeltzainek diru iturri garrantzitsuenetako bat galdu dute: “Azoketara joateko diru laguntzak egoten dira, ganadua prestatzeko eta hobetzeko. Azoketara joateak esan nahi du ganadua hobetzen ari garela. Azokarik ez badago, ez dago diru sarrerarik abeltzainentzat; ez dago laguntzarik baserritarrentzat”.
Abeltzainentzat bestelako azoka txikiagorik ere ez dago, gainera. Abelburuak salerosteko Mungian hamabost egunez behin, domekaz, egiten zen azoka ere bertan behera utzi dute. Hori zen modu erregularrean ganadua salerosteko Bizkaian egiten zen azoka bakarra.
Baserritarrentzat urte zaila izan da COVID-19ak markatutakoa. Andikoetxea erretiroa hartzeko atarian dago. Amaren eta senarraren gaixotasunek erabakia azkartu zuten. Ia 35 urteko ibilbidea egin du azokarik azoka. “Egoera honetan, ez nekien aurten zerbait landatu edo ez. Azkenean, tipulak eta porruak landatuta nituenez, piper, tomate eta leka apur batzuk jartzea erabaki nuen, Bilbora eramateko”. Udaletxe ondoan zapatuetan egiten duten azokara joaten da, tokatzen zaionean. “Lana uzteko asmoa nuenez, azoka berezirik ez egiteak ez dit kalte handirik egingo. Baina jarraituko banu, bai, handia, nire bizimoduaren oinarria azoka horiek zirelako. Baserritar gazteei eta azoka bereziotatik soilik bizi direnei kalte oso handia egingo die egoera honek”.
Aurten, Bilbotik kanpoko erakusleku gutxitan izan da Adela Andikoetxea ikusteko aukera. Eta giroa eta azpiegiturak ez dira izan beste urte batzuetakoak, gainera. “Sopelako azokara bakarrik joan nintzen [irailaren 5ean egin zuten], etxe ondoan dagoelako, eta eurek deitu zidatelako. BBKren erakuslekurik ez zegoen. Ikusle gutxiago gerturatu ziren, baina oso ondo antolatu zuten: dena hesitu zuten, eta bi plazatan jarri gintuzten. Ekoizle gutxi geunden, beste urte batzuekin alderatuta. Hala ere, nik nahiko ondo saldu nuen. Ez naiz kexatuko”.
Andikoetxea Urdulizkoa da, eta azaldu du bertako azoka ez dutela egin. “Nire inguruan egin dituzten bakarrak, nik dakidala, Gorlizkoa eta Sopelakoa dira”.
Kezka, gazteengatik
Gazteen egoerak asko kezkatzen du. Bilboko azokara mutil gazte batekin batera joaten da. Negutegietan kalteak izan dituzte biek: “Egoera hau hondamendia dela esan zidan. Azoka berezirik gabe, are gehiago”, ekarri du gogora, penaz. “Gaztea da. Uste dut etxez etxe, Internet bidez ere saltzen duela, baina oso gaizki pasatzen ari da. Haizeak negutegiak apurtu dizkio. Arazoa larria da”.
Azoka berezi guztiak ere ez direla berdinak azaldu du. “Nik, esaterako, San Tomas egunean [Bilbon] oso ondo saltzen dut; Gernikako Urriko Azken Astelehenean, berriz, ez horrenbeste”, aitortu du. “Nik nire esperientziari buruz hitz egiten dut, eta egia esatea gustatzen zait. Kontua da baserritar asko elkartzen garela. Gernikara askok eramaten ditugu barazkiak, eta asteleheneroko azoka ere egoten da. Ez dut esango gaizki saltzen dudanik, baina Gernikan ibiltzen den jende mordoa kontuan izanda, bai. Asko eta asko begiratzera baino ez dira joaten. Algortan Gernikan baino gehiago saltzen dut. Hala ere, Bilbokoa, Algortakoa eta Gernikakoa dira onenak. Gorliz eta Sopelakoak ere onak dira. Nik Sopelan Plentzian baino gehiago saltzen dut”.
Kolore festa
Lan nekeza da haiena: “Santomasen gauerdia arte egon behar dugu bertan, udaltzainek ez digutelako materiala jasotzeko furgoneta sartzen uzten. Eta askotan goizeko bostetan iristen gara azokara”. Prestaketa lanak ere zorrotzagoak dira, batez ere, lehiaketak dituzten azoketarako. Kolore festa ziruditen Andikoetxearen eta beste ekoizle askoren erakuslekuek. “Hala ere, gero eta sari gutxiago dago, eta saltokiak ez dira egoten lehen egoten ziren bezala”.
Bost ordu behar izan zituen berak dena prestatzeko. “Eta gero, saldu ezean, beste bizpahiru ordu behar nituen dena jasotzeko. Sariak badaude, esfortzu handiagoa egiten duzu. Saririk ez baldin badago, eta helburua saltzea besterik ez bada, zuretzako erosoen den moduan jartzen dituzu espezie bereko ortuariak batera sailkatuta”.
Erakusleihoak baino gehiago
Azoketarako diru laguntzez gain, erakusleiho garrantzitsua galdu dute abeltzainek, Bikandiren arabera. “Azokak egiten direnean, jende asko mugitzen da. Ganadua ikustera gerturatzen dira, eta lehiaketek beti mugiarazten dute salmenta. Lehiaketetan-eta ibiliz gero, errazagoa da saltzea”.
Egoera ez du ondo ikusten. “Azokatako lehiaketetarako ganadutegia hobetu guran ibiltzen gara, eta zekor bat edo behi bat erostea pentsatzen dugu. Azokarik egin ezean, hoztu egiten zara. Ez dago horretarako poztasunik”.
Gernika-Lumoko Urriko Lehen Asteleheneko eta Elizondoko (Nafarroa) azokak dira garrantzitsuenak eurentzat. Hala dio Bikandik. “Lehiaketak egiten direlako. Gainerakoak erakusketarako dira”.
Beldur ere bada; azoka batzuk egiteari utzi ostean, horiek berreskuratzerik izango den beldur: “Udal diru laguntzak ere oso mugatuta daude. Bertan behera utziz gero, gauzak hoztu egiten badira, zer gertatuko da? Aurrerago jarraituko al dute denek era horretako azokak antolatzen?”.