“Neurriak hartu behar dituzte; guztion osasuna dago jokoan”

“Neurriak hartu behar dituzte; guztion osasuna dago jokoan”

Peru Azpillaga Diez

Arnasten zuten airearen kalitateak kezkatuta, Durangairea plataforma sortu zuten hainbat herritarrek 2017an. Durangaldeko zenbait udalerritan aireak “usain txarrak” eta “intoxikazio zantzuak” zekartzala salatu eta ikertu beharreko fenomeno bat zela aldarrikatzen zuten. Urshena Goiti (Mañaria, 1981) da plataforma horretako kideetako bat. Eskertuta agertu da Durangoko Udalarekin, Tecnaliak airearen kalitateari buruz egindako txostena argitara ateratzeagatik. Dokumentuan, airean bentzeno partikula arriskutsuak daudela ohartarazi dute. “Eusko Jaurlaritzari alderdikeriak alde batera utzi eta neurriak har ditzala eskatzen diogu, azken batean guztiok aire bera arnasten dugulako”.

Tecnaliaren txostenak arrazoia eman dio Durangaireari?

Genuen susmo hori baieztatu du txostenak. Tecnaliaren azterketak argi eta garbi frogatu du ezarritako arauen mugak gainditzen dituzten elementu minbizi eragileak isuri direla zenbaitetan. Guk bagenuen susmo hori lehenagotik, eta azalpenak eskatzen ditugu, agerikoa zelako hau gertatzen ari zela. Etengabe jasaten ditugu usain txarrak, eta inori ez zaio bururatu zergatik galdetzea?

Zer adierazten du Tecnaliaren txostenak, zehazki?

Arnasten dugun airean bentzeno partikulak daudela esaten du. Urteko batez bestekoari begira, ez ditu gainditzen ohiko mugak, baina agerian uzten du momentu batzuetan airean dagoen bentzeno kantitateak era nabarian gainditzen dituela muga horiek. Une horiek oso arriskutsuak dira, eta azaldu behar digute nondik datozen eta zer kalte egin dezaketen.

Txostenean ez da ageri zein izan daitekeen bentzeno kantitate arriskutsu horien eragilea?

Ez dakigu zehazki nor den erantzulea, baina txostenean azaltzen da partikula horiek Durangoko mendebaldetik eta ipar-mendebaldetik datozela; hots, Iurreta ingurutik. Beraz, badago ikerketa egiteko abiapuntu bat.

Egoera hori ikusita, zer eskatzen du zuen plataformak?

Eusko Jaurlaritzari arazo hau amaitzeko neurriak har ditzan galdegiten diogu. Gu plataforma bat baino ez gara; arazo honetaz jabetu, eta konponbide bat lortzeko helburuarekin sortu ginen. Orain, arduradun politikoek neurriak hartu behar dituzte; guztion osasuna dago jokoan. Benetan zer gertatzen ari den ikertu eta horri aterabide bat emateko garaia da. Arazo larri honen aurrean arduratsu jokatu eta babestu behar gaituzte.

Zer-nolako eragina dauka kutsadura horrek herritarren egunerokoan?

Eragin zuzena du gure egunerako bizitzan. Kutsadura guztion osasunerako da kaltegarria. Are ageriagoa da asmatikoen kasua. Plataforman badira kide batzuk sintomak izan dituztenak kutsadura une handiak izan direnean: arnasteko zailtasunak, azkura… Bada zenbait egunetan etxean geratu behar izan duen jendea, kalera ateratzeak kalte egiten ziolako. Batzuk botaka ere ibili dira.

Halakoak gertatzen direnean, ba al dago instituzioen informaziorik edota aholkurik?

Hori da arazoa: kutsaduraren erroa non dagoen ez jakiteaz gain, kutsadura une handietan ere, ez zaigu inolako informaziorik heltzen. Ez dago inolako protokolorik zehaztuta, herritarroi ez zaigu abisurik ematen; ez dakigu nola jokatu behar dugun, ezta zer kalte dakartzaten ere une horiek gure osasunerako. Are gehiago, dauden kale neurgailuak ere ez dira batere fidagarriak, ez dituztelako betetzen Osasunaren Mundu Erakundearen [OME] irizpideak. Esate baterako, airearen kalitatea moderatua dela diotenean, OMEren arabera kalitate txarrekoa dela esan nahi du.

Txostenaren ondorioz neurriak hartuko direla uste duzue?

Pozik gaude txostena argitara atera delako eta horrek beste udalerriak ere martxan jartzea ekar dezakeelako. Adibidez, Iurretako Udalak ere eskatuko dio Jaurlaritzari neurriak har ditzala. Guk urteak eman ditugu txosten honen beharra aldarrikatzen, eta orain arrazoia eman digu. Lanean jarraitzeko asmoa dugu, baina badakigu gure kabuz soilik arituta zaila dela aldaketak eragitea. Beharrezkoa dugu instituzioen inplikazioa, eta espero dugu Jaurlaritzak arazoa konpontzeko neurriak hartzea. Alderdikeriak alde batera uzteko garaia da; guztiok arnasten dugu aire berbera, eta kutsadura amaiarazi beharra dago. Herritarren osasunaren eta ingurunearen alde egiteko garaia da.

2017an sortu zenuten plataforma. Nolakoa izan da orain arte zuen jarduna?

Plataforma martxan jarri zen hainbat herritarren kezkak bultzatuta. Gure osasunak arduratzen gintuen, eta baita eskualdean zegoen minbizi tasa handiak ere. Gure kabuz hasi ginen egoera ikertzen, eta Meatzaldea Bizirik plataformarekin ere jarri ginen harremanetan, haiek antzeko arazoa dutelako Petronorrekin. Hasieratik ekin genion ikerketa baten beharra aldarrikatzeari, zer arnasten ari garen jakin ahal izateko. Azkenean lortu da hori, eta, esan bezala, arrazoia genuela adierazi du txostenak. Horrek gure aldarrikapenekin aurrera jarraitzeko indarrak eman dizkigu: egoera zail batean egon arren, borrokatzeko era berriak asmatu eta arazo hau amaitzeko lanean jarraitzeko asmoa dugu oraindik.