Jakin-minari atea irekita

Jakin-minari atea irekita

Zihara Jainaga Larrinaga

Galderen erantzunak bilatzen saiatzen da zientzia, eta, lortutako erantzunekin, hainbat bide eta aukera berri irekitzen ditu. Ateak zabaltzeko giltzak erabiltzen diren bezala, zientziak ere bestelako ateak zabaltzeko moduak eskaintzen ditu. Hain zuzen, ateak zabaltzeko grina horrekin, duela sei edo zazpi urte, Ondarroako lagun talde bat elkartu zen, eta zientziaren inguruan hausnartzen hasi ziren. Zientziarekiko interesak elkartu zituen. Ardurak. Aitzitik, euren artean zientzia alorreko ezagutza falta zegoela nabaritu zuten. “Zientzia zerbait beldurgarritzat geneukan”, esan du Eduardo Zabalak. Egunerokoan zituzten galderen erantzunak topatu nahi zituzten. Hori horrela, hitzaldi zientifikoak antolatzea pentsatu, eta horretarako onena elkarte bat sortzea zela iruditu zitzaien. Hala sortu zuten Ondarroako Zientziaren Giltzak elkartea, duela sei urte.

Zabala elkarteko kideetako bat da. Aitortu du Ondarroako taberna bateko gela txiki batean antolatu zituztela lehen egitasmoak. Hasierako haietan, 30 lagunetik gora joatea lortu zuten. 50 hitzalditik gora antolatu dituzte urte hauetan. Gaur egun, Bekoizini aretoan elkartzen dira hilabetean behin, normalean hilabeteko azken astelehenetan, 18:30ean.

Zientzia zentzurik eta zabalenean jorratzen dute hitzaldietan. Gehienetan, aditu baten parte hartzea izaten dute, eta zientziak planteatzen dituen irtenbideak edo arazoak izaten dituzte hizpide. Denetariko gaiak jorratzen dituzte: medikuntza, fisika, kimika edo astronomia. “Gastronomia ere landu izan dugu”, azpimarratu du. Parte hartzen duten hizlariei ikuspuntu zientifikoa eskatzen diete, eta horiek bakoitzak bere ezagutzatik egiten dituzte ekarpenak.

Zabalak dioenez, osasunari loturiko gaiak izaten dira arrakastatsuenak. “Kasu horietan, ehundik gora entzule izaten ditugu”, azaldu du. Horrez gain, hizlaria ezaguna izateak ere jendea erakartzen duela aitortu du.

Adinak beste ekitaldi

Adineko publikoa izaten da nagusi Zientziaren Giltzak Elkarteak antolatutako hitzaldietan. “Formakuntza zientifiko gutxiko jendea”. Horregatik, Zabalak azaldu duenez, hizlariek jendearengana hurreratzeko ahalegina egiten dute kontzeptuak azaltzerakoan, eta ahalik eta azalpenik argienak ematen dituzte. Edonorentzat ulergarriak; ahal dela, hitz teknikorik gabeak.

Hitzaldiak izaten dira Zientziaren Giltzak Elkartearen egitasmo nagusiak, baina bestelako ekintzak ere antolatu izan dituzte. “Gure asmoak oso zabalak dira: irteerak, behaketak eta Zientzia Asteak antolatzen ditugu, besteak beste”. Hain zuzen, hiru Zientzia Aste antolatu dituzte orain arte, eta horietan ikasleek zein adinekoek parte hartzen dute.

Orain, telematikoki ere bai

COVID-19aren pandemia betean, hitzaldiak bertan behera utzi behar izan zituzten martxoan, eta joan den astelehenean egin ahal izan zuten konfinamendu osteko lehena. Hain justu, Joan Sebastian Elkanoren mundu biraren bosgarren mendeurrena aitzakiatzat hartuta, Donostiako Itsas Museoko zuzendaria gonbidatu zuten, eta itsasontzien eraikuntzaz aritu ziren. Berrikuntza batekin itzuli ziren, orain bi modura ikusi ahalko baitira hitzaldiak: sarean eta aurrez aurre. Youtuberen bitartez emango dituzte zuzenean.

Koronabirusari buruzko hitzaldirik antolatzea ez dute buruan, oraingoz. “Komunikabideek nahikoa hitz egiten dute horretaz”. Egitekotan, landu gabeko ikuspuntuez egin nahiko lukete. Hurrengo hitzaldia hilaren 19rako antolatu dute:, nanofotonikari buruzkoa izango da, eta argian eta nanofisikan aditua den fisikari batek parte hartuko du. Abendura arteko hitzaldi denak programatuta dauzkate.

Lauzpabost lagunekin hasitako elkartean, egun 80 lagun biltzen dira hilabetero. “Jende nagusia izaten da batik bat”, aipatu du Zabalak. Baina hasieratik gazte talde batek interesa agertu duela azpimarratu du. “Gaur egun, gazte horiek ateratzen dute aurrera elkartea”. Momentuz, badauka etorkizuna elkarteak. Hori horrela, etorkizunera begira, bi erronka dituzte zientziazaleek: hitzaldi denak euskaraz egitea lortu nahi dute, eta, ahal dela, hizlariak emakumeak izatea. Zientziarengiltzak.org webgunean aurki daiteke elkartearen inguruko informazioa.