Etxeko epeltasunean

Etxeko epeltasunean

Natalia Salazar Orbe

Ostegun gaua da. Amazingen Bizkaiko Agharas elkarteko boluntario talde baten Whatsapp taldera mezu bat iritsi da: “Gaur gaua oso ondo joan da. Gazteek oso afari gozoa prestatu dute. Omarrek esan du Helduen Hezkuntza Eskolarako izena eman behar duela”. Migratzaile etxegabeei etxebizitza bat eskaini eta Bizkaian bizitza proiektua garatzen laguntzeko Jauzi programan parte hartzen duten bost boluntarioetako baten mezua da. Elkarteak Barakaldon erosi zuen etxea, irailean. Harrezkeroztik, lau gazte bizi dira bertan.

Agharas elkartea ez zen sortu migratzaileei harrera egiteko. Hala ere, duela bi urte jabetu ziren behar handia zegoela arlo horretan. Eta, orduz geroztik, harrera horretara bideratu dute baliabide gehien. Izan ere, azaldu dutenez, administrazio publikoak ez du baliabide nahikorik Barakaldora bizitza proiektu hobe baten bila iristen diren askorentzat.

Ekainean AIS Group aholkularitza enpresak egindako azterketa baten arabera, Hego Euskal Herrian 50.000 biztanletik gora dituzten udalerrietan Barakaldo da pobrezia tasarik handiena duena. Agharas elkartearen esanetan, Atzerritar Legeari ere egin behar diote aurre migratzaileek: “Pertsonek euren bizitza modu duinean garatzeko etengabeko oztopoa da legea bera”.

Etorkinei gaztelera eta euskara eskolak eman dizkiete bi urtean; administrazioko izapideak egiten lagundu diete, eta neguan gaua igaro zezaten espazioak atondu dituzte. Irailaren erdialdera etxebizitza bat erosi eta Jauzi proiektuari bide emanda, beste pauso bat eman zuten. “Kalean bizi den edonorentzako etxea da. Ez dugu zehaztu profil bat”. Agharas elkarteko kide Ridouane Txakutxen berbak dira. Baldintzaren bat jarri dute, ordea: “Ez dute arazo larririk izan behar, etxebizitza kudeatzen dugunon artean ez baitago profesionalik. Boluntarioak gara. Hori dela eta, garrantzitsua da etxebizitzara datozenek ez izatea, besteak beste, alkohol edo droga mendekotasunik. Elkarbizitza lasaia egin ahal duten pertsonak hartzen ditugu”.

Hiru hilabeterako ostatua eskaintzen die proiektuak. “Helburua da ahalik eta pertsona gehienengana iristea, kalean pertsona asko baitago etxerik gabe. Etxe honetatik ahalik eta pertsona gehien pasatu ahal izatea nahi dugu”.

Jauzi proiektuak bultzada bat emateko balio izango diela sinetsita dago Txakutx: “Etxebizitzan dauden lau lagunekin egin dugun lehenengo gauza erroldatzea izan da. Horrekin ate garrantzitsu bat zabaltzen zaie. Gero gauza gehiago egin ahal izateko giltzarri garrantzitsua da errolda. Erroldarekin, osasun zerbitzurako sarbidea dute, edo pasaportea eska dezakete ez baldin badute”.

Etxebizitzan egiten dituzten hiru hilabete horietan, behar dituzten izapideak egiten lagunduko diete. Handik ateratzeko unea iristen zaienean, berriz, irtenbide bat bilatzen laguntzeko asmoa dute. “Arlo emozionala eta nora jo dezaketen, biak lantzen saiatuko gara: ea aterpetxeren batera joan daitezkeen edo administrazioak eskaintzen dituen aukerak erabil ditzaketen. Irtenbideak bilatzen saiatuko gara. Beharrezkoa da, eta sinetsita gaude ondo aterako dela”.

Herritarren harrera

Horretarako sarea eraikitzen ari dira. Babesa eta laguntza eman dutenentzat hainbat modu aurreikusi dituzte. Eta pozik daude orain arteko harrerarekin. Laguntza ekonomikoari dagokionez, “jendea ari da ekarpenak egiten. Ez dugu lortu gastuei aurre egiteko behar dugun guztia, baina ekarpenak egiten ari dira”. Diru ekarpenak egin edo bonuak erosteko aukera ere badago. “150 bonu baino gehiago saldu ditugu dagoeneko. Eta lauzpabost lekutara ere eraman dituzte euren sareen artean saltzeko”.

Proiektuak harrera ona izan du auzoan. “Liburu denda batek saldutakoarekin lortutako diruaren zati bat eman zigun. Etxebizitza ireki aurretik ere, bonuak saltzen ibili zen. Etxebizitzaren ondoan dagoen taberna batean ere saltzen dituzte bonuak. Eta etxean jarri dugun telebista tabernariak oparitutakoa da. Herriko eragileekin batzartzeko zain gaude, gainera. Uste dugu herritar eta eragile gehiagorengana iristen lagunduko digutela. Sare hori ehuntzen ari gara”.

Egoiliarrak, “pozik”

Abendura arte egongo dira Jauzi proiektuko etxebizitzan joan den irailaren 15ean sartu ziren egoiliarrak. Oraingoz, esperientziarekin gustura dago elkartea. “Haiek oso pozik daude. Kalean egon ordez, etxe batean bizi dira”. Gizonezkoak dira gaur egun etxean dauden laurak. “Emakumeak sartuz gero, bi sartuko lirateke gutxienez, logelak partekatzen dituztelako”. 20 eta 30 urte arteko gazteak dira laurak. “Iritsi berriak. Gaztelerarik ez dakite ia”. Banan-banan elkarrizketatu zituzten, eta hamabostean behin bilera egiten dute haiekin etxean bertan. “Ebaluazio bilerak dira, eta funtzionamenduaren jarraipena egitekoak”.

Horrez gain, astearte eta ostegunetan Agharaseko boluntario bat joaten da bertara, zer-nola dauden eta beharren bat duten ikustera. Ilusioz beteta eta itxaropentsu mintzatu da Txakutx.

Laguntzeko moduak 
Agharas elkarteak martxan duen proiektuari laguntzeko hainbat modu daude.
Laguntza ekonomikoa
Jauzi kide. Proiektuari urtero ekarpen ekonomikoa egingo dioten herritarrak. Bakoitzak nahi duen ekarpena egin dezake.
Bonoak. Bost euroko laguntza bonoak jarri dituzte salgai.
Laguntza teknikoa
Boluntarioak. Harrera etxebizitzan dauden gazteei laguntzeko boluntario taldeak osatzen ari dira.
Elkarteak eta enpresak
Harrera kide. Bertako enpresa eta elkarteek laguntza ekonomikoa edo edozein material emateko aukera daukate. Baita bestelako kolaborazio lanak egiteko modua ere.