Sikatean, ur bila

Sikatean, ur bila

Ibai Maruri Bilbao

Oro har, azken urteetako ildo beretik, uda oso lehorra izan da Bizkaian. Eta iraila aurreko hilabeteak baino sikuagoa. Euskalmetek Ziortza-Bolibarko Iruzubietan duen estazioan, 15 litro pasatxo baino ez dira neurtu hil honen hasieratik orain arte. Joan den astean iritsi zen abisua: Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak ur kontsumoa murrizteko neurriak har zitzatela eskatu zien Markina-Xemeingo, Etxebarriko, Aulestiko, Munitibarko eta Ziortza-Bolibarko Udalei: hau da, Markina-Xemeingo araztegitik hornitzen diren Lea-Artibai eskualdeko bost herriei. Alde batetik, kaleak garbitzea eta lorategi publikoak ureztatzea debekatu diete erakunde horiei. Eta, bestetik, igerilekuak betetzea eta horien ura berriztea, ibilgailuak garbitzea eta patioak eta antzeko espazio pribatuak garbitzea debekatu diete herritarrei. “Eskualdean ez dugu urtegirik. Ur partzuergotik kudeatzen ditugun Bizkaiko beste herrietan badago; gehienak, Zadorrako edo Ordunteko urtegietara lotuta daude. Lekeition eta Urduñan ere baditugu urtegitxoak, herriok hornitzeko. Baina Lea-Artibain, ez. Meteorologiaren pentzudan dago ur hornidura, eta momentu honetan, ibaiak oso emari txikia du ia ez duelako euririk egin”, azaldu du arazoa Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoko Ustiaketa arduradun Koldo Urkulluk.

Azken urteetan ere antzeko egoera bizi izan dutela azaldu du, baina aurten are nabarmenagoa izaten ari da ur falta. “Ezin dugu klima aldaketarekin lotu, gu ez baikara gai horretan adituak. Baina egia da eskualde horretako udalak partzuergora sartu zirenetik nabaritu dugun joera dela urterik urtera sikate gero eta handiagoak daudela”, aitortu du. Loiuko aireportuan Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak duen estazioko datuak dira: aurten, ekainaren 1etik irailaren 23ra bitartean, metro koadroko 177,8 litro bildu dira; horietatik soilik 3,8 dira hil honetakoak. Euri gehien ekainean neurtu zen Txorierri inguru horretan eta Bizkaian, oro har. Eta salbuespenak salbuespen, azken urteetako irailak duela hamarkada bat baino lehorragoak dira azkenaldian. Euskalmeten arabera, denbora gutxi igaro da joera bat dela esateko. Lea-Artibain ez ezik, Bizkai osoan igarri da. Eta Bilbo Bizkaia Ur Partzuergotik kanpo dauden herrietan ere neurriz jokatzeko eskatu diete udalek herritarrei; esaterako, Arrietan eta Busturialdeko batzuetan. “Inguru horietan ere ez dute urtegirik, eta meteorologiaren pentzudan bizi dira”.

Edozelan ere, atzo, gaur eta asteburuan egingo duen euriarekin Lea-Artibaiko erreketako egoera konpontzen hasiko den esperantza du Urkulluk; emaria normaltzen hasiko dela uste du. Meteorologoek iragarritako euri litroak egoera arintzeko nahiko izango direla esan du. Beraz, ez du uste ur mozketak egitera iritsi beharko direnik. Hau da, ez du aurreikusten alerta egoeratik larrialdi egoerara igaro behar izatea; ur mozketak egin beharra izaten da baten eta bestearen arteko ezberdintasunik argiena. Baina Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa konponbide iraunkor baten bila dabil azken urteotan. Bereziki arlo bitan dabiltza beharrean: ur putzu edo lurpeko akuifero berrien bila eta eskualdeko hornidura sareak izan ditzakeen ur galerak konpontzeko ahaleginetan.

Bi akuifero, udatik

Zundaketak egiten dabiltza eskualdean. Dagoeneko bi milioi euroren inbertsioa egin du partzuergoak. “Ikerketa geologikoetan adituak diren enpresen laguntzarekin egiten ditugu; haiek esaten digute gutxi gorabehera non aurki dezakegun akuifero bat”. Iaz Berriatuan ibili ziren, enpresa horietako batek iradokitako lekuan, baina huts egin zuten: ez zuten putzua topatu. Aurten, Markina-Xemeinen egin dute gauza bera, Ibazetan, eta zorteko ibili dira. Dagoeneko hilabete bi daramatza urez hornitzen ekainean topatutako akuiferoak. Urkulluren arabera, asko lagundu die putzu berri horrek sikate garai hauetan. Iaz Berriatuan huts egindako lekutik oso gertu ere beste zundaketa bat egin dute aurten, eta han ere topatu dute ura. “Bagenekien han nonbait egon behar zuela. Baina, kasu honetan, Berriatuko akuifero horretako ura ez da Markina-Xemeingo Iparragirreko araztegira joango, Ondarroakora baizik; beraz, ez da egunotan ur kontsumoa murriztu behar izan duten herrientzat izango, Artibai ibarreko gainontzekoentzat baizik”, argitu du. Izan ere, eskualde osoan dute egoera bertsua: herri denak daude meteorologiak baldintzatuta.

Bestelako zundaketa batzuk ere badituzte buruan, baina oraindik oso hasierako fasean daude, eta ez du ezer aurreratu gura izan. Datozen hilabeteetan berri gehiago emango dituztela adierazi du Urkulluk. Eta komeni zaie bilaketak ondo joatea. Izan ere, aurten topatutako putzu bi horiek ez lukete eskualdeak sikate sasoietan duen hornidura arazoa erabat konponduko. Ez dira nahikoa kontsumo eskaerari aurre egiteko euria urri den hilabeteetan. “Momentu honetan, segundoko bospasei litroko defizita dugu, eta putzu hauek 8-10 litroko ekarpena egingo dute. Hau da, defizita estali eta gutxi gehiago irabaziko genuke. Sikate gogorrago eta luzeagoetan oso larri ibiliko ginateke eskaerari aurre egiteko”.

Norbanakoek eta erakundeek erabiltzen duten uraz gain, ur kontsumoa kontrolatzerako orduan kontuan hartzekoak dira matxurak: litro asko alferrik galtzen direla zehaztu du Urkulluk. Horregatik, horretan ere beharrean dabiltzala esan du. Izan ere, Lea-Artibaiko bost herriok populazio aldetik txikiak diren arren, hedaduraz handiak dira, eta sarea osatzen duen hoditeria oso luzea da. Berbarako, kontsumoa murrizteko eskatu den herriotan, 7.000 herritarreko biztanleria hornitzeko 1.500 kilometro dituzte. “Zenbat eta luzeagoa, ur galerak izateko aukera handiagoa egoten da”. Horregatik, hainbat metodo erabiltzen dituzte hori kontrolatzeko. Batetik, kontsumo patroiak osatzen dituzte: “Adibidez, astelehenetako kontsumoa begiratzen baduzu, astero antzekoa izaten da. Beraz, jakin dezakezu hurrengo astelehenetan ere zenbat kontsumituko den. Bat-batean aste batean ikusten baduzu ezohiko kopuruetan ibili garela, badakigu leku horretan ur galeraren bat egon behar dela”. Ur galerak neurtzeko sistema hori ez dute Lea-Artibain bakarrik erabiltzen; Bizkaian Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak zerbitzu ematen duten herrietan, guztira, hodien emaria neurtzeko 4.000 gailu dituzte han-hemen jarrita. Udalerri bakoitza guneka banatzen dutela esan du, galeren kontrola zorrotzagoa izateko; hau da, errazago topatu ahal izateko hoditeriaren zein lekutan dagoen arazoa.

Captura de pantalla 2020-09-24 a las 15.29.05

Hoditeria berritu

Lea-Artibain are kontrol zorrotzagoa egiten ari dira, han dutelako ur falta izateko arriskua. Horregatik, kontsumo kontrol horiez gain, soinua neurtzen duten beste gailu batzuk ere erabiltzen dituzte eskualdean. “Ur galera bat dagoenean, hodiaren barruan kanpoan baino presio handiagoa dago, eta horrek zarata sortzen du. Sarean zehar, leku estrategiko batzuetan, kalean egoten diren kutxatiletan, estalkia kendu eta sentsore batzuk sartzen ditugu soinua atzemateko”. Wifi sarearen bidez kontrolatzen dituzte gailuak, eta haiek jakinarazten digute non atzematen duten presioaren zarata hori. Azaldu du neurketak gauez egin behar direla, egunak berezkoak dituen soinuek desitxuratu egin dezaketelako gailuak egiten duen neurketa. Gailu horiek tokiz aldatzen dituzte tarteka. Gutxi gorabehera, astebete inguru egiten dute leku batean. Urkulluren esanetan, ur galerak detektatzeko programa horretan ur partzuergoak urtero 120.000 euroren inbertsioa egin behar izaten du.

Hoditeria zenbat eta zaharragoa, orduan eta aukera handiagoa matxurak egoteko. Horregatik, partzuergora sartzen diren udal berriekin akordioa egiten dute, hoditeria berritzeko. Zementu zuntzezko hodiak dira ur galera gehien dituztenak, eta horiek guztiak aldatu behar izan dituzte, baita 40 urtetik gorako erabilera dutenak ere. Ustiaketaren lehen urtean arazoak eman dituzten hodiak ere aldatu egiten dituzte, produktu akastunak direlako.