Kanpoko barruak

Maite Berriozabal Berrizbeitia

Gehienezko 30 kilometro orduko abiadura ezarri dute Bilbo erdialdeko kale askotan. Hemendik aurrera presari neurria hartzen asmatu beharko du poltsikoa urratu nahi ez duenak. Ohitzea izango da kontua, baina nola aldatzen den kontua auto barruan edo kanpoan zaudenean. Izan ere, orduko 30 kilometroko abiadura nahi eta ezin bat da gidari zoazenean. Oinezkoarentzat, berriz, abiadura horretan doanean ere, norbera baino dezentez azkarrago doan gurpildun burdin zatia da autoa.

Kanpotik ikusten dena eta barruan gertatzen dena gauza beraren bi ondorio izan daitezke, baina ez dira gauza bera. Antzeko zerbait ari zaio gertatzen nire inguruko bati. Osasun kontuengatik hilabeteko baraualdia egitea erabaki du, eta asko izan dira tentuz ibiltzeko esan diotenak. Esan diote aurpegi eskasa daukala, hankak tarraz daramatzala, jan gabe autoa hartzea ez zaiola komeni… Eta berak buruarekin baietz egiten die denei. Ahoa lehortzen zaiola esaten du batzuetan, eta halakoetan kamamila bat edaten du trago txikiz.

Ingurukoak egiten ari dena ulertu ezinda dabiltza. Ze nezesidade izan dezake norbaitek jan gabe eta ahal dela edan gabe egoteko. Nola abia dezake pertsona batek hilabeteko baraualdia eguneroko ardura guztiei muzin egin gabe. Ezin dute ulertu. Beragatik arduratzen direlako esaten diote zaintzeko, kontuz ibiltzeko, gorputzari entzuteko… Eta berak, baietz erantzuten die. Imajinatzen dut kanpokoen ezin ulertuak beste kolore bat duela pertsona horren barruan. Baraualdiaren onurez konbentzituta dagoen norbaiten ahotsak izango dira haren burutik pasatzen direnak.

Pentsatzen dut kanpotik antzematen dioten nekea bere baitan ez dela horren neketsua. Ziurrenik espero dituen onuren gogoak ingurukoen beldurrak estaliko dizkio.

Ez baita gauza bera barruan egotea edo kanpotik ikustea. Hala ere, kanpoan egoteko modu asko dago. Badago besteari gertatzen zaionak zeharkatzen duen jendea, bestearen ahotik entzundakoa edo esan gabe igarritakoa gorputzean iltzatzen zaiona. Badago bestearena eta norberarena ondo baino hobeto bereizi arren albokoaren bizipena norbere azalean simulatzeko gaitasuna duen jendea. Badago bestearena sentitzeko gaitasunik edo borondaterik ez daukan arren errespetuz disimulatzen duen jendea. Badaude albokoa ikusi ere egiten ez dutenak eta aurpegiko keinua aldatu ere egin gabe hala adierazten dutenak.

Inguruan gertatzen denaz arduratzen den jendea gustatzen zait. Badakit askotan zaila dela bestearen eta norberaren arteko distantzia neurtzea, baina hobe noizean behin hanka sartzea, ahalegina egin gabe alde egitea baino. Inbaditu gabe galdetzea ez da beti erraza, baina indiferentzia adieraztea garratzagoa iruditzen zait. Bestearen bizitza ez da norberarena, ez. Baina norberari gertatzen ez zaionak norberari gertatzen zaionak adina inporta du. Ingurura begiratu eta ingurukoak ikusten dituen jendearen zalea naiz. Injustiziek tripa barrua erretzen dietenez inguratu nahi dut, beraien gorputzak zeharkatu ez dituzten pozez pozteko gai den jendez eta abiaduran ibiltzea baino iristea garrantzitsuagoa dela uste dutenez.