Gorabeherak Ezkerraldean

Gorabeherak Ezkerraldean

Ibai Maruri Bilbao

Pandemia dela eta, ezohiko urtea izan da arraunean. Jarraitzaileen animoak telebistaren edo irratiaren beste aldean geratu dira, kai eta hondartzetan jendea pilatzeko debekuengatik. Baina bukatu berri den denboraldiko estropadek urteroko gazi-gozoak ekarri dituzte Bizkaian. Horretan ez da aldaketarik izan. Itsasoak eragindako gorabeherak Ezkerraldean nabaritu dira gehien gizonezkoen arraunean. Osasun agintariek ezarritako mugengatik ospakizunak apar gutxikoak izan diren arren, poza nagusi izan zen joan den asteburuan Santurtzi aldean: El Corte Ingles bandera arraun klubera eroatearekin batera, aurtengo Eusko Label ligako koroa ere etxeratu zuten Soterako arraunlariek.

Hain zuzen ere, estreinakoz irabazi dute Kantauri itsasoko arraun txapelketa nagusia. Txanponaren ifrentzuan, euren auzokideak ageri dira: Kaiku, Bizkaiko arraunaren historian izena letra larriz idatzia duena, mailaz jaitsi da. Horrela, santurtziarrak ezti gozotan daude, eta sestaoarrak disgustua gainditu ezinik dabiltza gaur egun.

Kamioi baten gainean ibili ziren Santurtziko arraunlariak herrian barrena joan den domeka arratsaldean. Goizean, denboraldiko azken bandera eskuratu zuten Abrako uretan; bezperan, Bermeokoa. Abuztuan irabazi zuten lehenengoa, Boiron (Galizia), Zierbenari ozta-ozta aurrea hartuta. Bizkaiko txapelketa ere irabazi dute aurten. Uda borobila izan da santurtziarrentzat. Taldeko arraunlarien ustez, “erregulartasunak” eman die garaipena. Behin izan da hamaikagarren, bederatzigarren eta seigarren; gainontzeko estropada guztietan aurreneko lau postuetan ibili da. Kontxan egin zuten okerrera. “Guk garbi izan dugu beti ondo genbiltzala, eta talde barruan ez da inolako zalantzarik izan”, aitortu dio BERRIAri Soterako arraunlari Ander Zabalak. Eta oreka horrek saria izan du, aurtengoa liga irregularra izan baita oro har: “Eguraldi eta itsaso aldaketek asko eragin dute gorabehera horietan, baita erdiko taldeen maila onak ere. Aurreko urteetan, goiko taldeek estropada txar bat eginez gero, lau bat puntu galtzen zituzten. Aurten, aldiz, zortzi-bederatzi puntu galtzeko ez zen ezer behar”. Beste sari bat ere lortu dute Soterakoek: Asier Zurinaga patroia izendatu dute ligako onena, 11 punturekin.

Urdaibairentzat ez da urte ona izan. Hirugarren bukatu dute ligan. Bandera bi eroan dituzte Bermeora: Bilbokoa eta Oriokoa. Baina ezustekoengatik gogoratuko dute aurtengo uda: abuztu hasieran norbait egoitzara sartu zitzaien, eta hil bukaeran istripua izan zuten herriko portuan entrenatzen ari zirela.

Kolperik latzena, berriz, Kaikukoek jaso zuten joan den abuztuaren 28an, Galiziako uretan. Hamabi urte goi mailako arraun ligan igaro ondoren, jaitsi egin dira. Egun hartako estropadan gutxienez laugarren egin behar zuten maila salbatzeko, baina azkenak geratu ziren sailkapenean. Garai oparoak bizi izan ditu Sestaoko traineruak —2011ko, 2012ko eta 2013ko ligak irabazi zituen jarraian—, baina azken urteetan gain behera ibili dira, eta aurtengoak eman die azken kolpea. 1922an sortu zen Kaiku Kirol Taldea, eta hiru urte geroago trainerua. Bost urte barru izango dute, bada, mendeurrena. Lehen mailan ospatzea dute helburu.

Bizkaiko Arraun Txapelketa

Ondarroarrek bandera bi

Emakumeen estropadei dagokienez, lehen mailako Euskotren ligan badaude Bizkaiko arraunlariak: berbarako, Nerea Badiola eta Amaia Galdos ondarroarrak liga irabazi duen Orioko trainerukoak dira. Baina goi mailan ez dago Bizkaiko herririk. Herrialde historikoan dauden andreen lau arraun taldeak bigarren mailan dabiltza —hau da, ETE ligan—, Gipuzkoako eta Lapurdiko beste bost talderekin. Laugarren amaitu du denboraldia Ondarroak, bosgarren Deustuk, zazpigarren Isuntzak eta zortzigarren Lutxanak.

Deustuk denboraldi orekatua egin du, 4. eta 5. postuetan ia estropada gehienetan. Ondarroak, berriz, gorabeheratsuago ibili den arren, bandera bat ekarri du Kantabriatik (Espainia) Bizkaira: Castro Urdialesekoa. Eta Bizkaiko txapelketa ere eskuratu zuten ondarroarrek uztailean Lekeition jokatutako estropada saioan.