Natalia Salazar Orbe
Asteon argitu du zalantza Bizkaiko Foru Aldundiak: eskola kiroleko taldeek datorren astean has ditzakete entrenamenduak. Oraingoz, ezingo dira lehiatu. Talde egonkorretan aritu beharko dira. Eta baldintza batzuk bete beharko dituzte kirol jardueraren bat eskaini nahi duten taldeek. Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek adostutako neurri zorrotzen arrazoia argitu du Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak: “Euskal Eskola Kirola batzordea eratzen dugun guztiok uste dugu hori dela taldea eta gure haurrak babesteko modurik onena”.
Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek osatzen dute batzorde hori. Araudi berezia adostu dute lauren artean, haurrek kirola “modurik egokien eta seguruenean egin ahal izateko”. Esan du kirol federazioen laguntza izan dutela agiria osatzeko. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren onespena du araudiak, eta Hezkuntza Saila ere jakinaren gainean jarri dute.
COVID-19ak baldintzatutako urte honetan, eskola kirolean “aldaketa garrantzitsu eta funtsezkoak” egongo direla iragarri du Bilbaok. Ikastetxeetan bezala, talde egonkorretan aritu beharko dute kirol diziplina anitzetan jarduten diren umeek. “Helburua da taldeotan egiten dutena kontrolatutako jarduera izatea eta balizko kutsatzeen jarraipena erraz egiteko modukoa izatea. Segurtasuna bermatzea da asmoa”.
Talde guztiek COVID-19ari aurre egiteko protokoloa izan behar dute, eta osasun arloko arduradun bat izendatu beharko dute protokoloa betetzen dela bermatzeko. Taldeko kideek eta familiek protokoloa onartzen dutela dioen akordioa sinatu beharko dute.
Oraingoz, ez dute aurreikusi taldeak noiz hasi ahalko diren lehiatzen; entrenamenduetarako baimena besterik ez dute eman. Eta horiek, ahal dela, aire zabalean egin beharko dituzte. “Egoera epidemiologikoak hobera egin ahala, hau guztia egokitzen joango gara”. Beraz, ez dute baztertu aurrerago lehiatzeko aukera ere baimentzea. Oraingoz, ordea, talde desberdinetako umeak ezin izango dira elkartu. Ez dute zehaztu zenbatekoa izan behar den talde bakoitza: “Kirol jardueraren araberakoa izango da hori, kirolaren beraren beharren araberakoa. Futbolean 11 lagun aritu behar dira, ezin duzu osatu taldea bostekin”. Azaldu duenez, “talde egonkor batean egoteak balizko kutsatzeen jarraipena egitea errazten du”.
Horrez gain, saioak ikusle barik egin beharko dituzte, eta umeek ezingo dituzte aldagelak erabili. Erabiltzen dituzten materialak garbitu eta desinfektatu egin beharko dituzte beste batzuek erabili aurretik.
Taldeen egoera
Aldundiak azaldu du eskola kirolaren batzordeak abuztuaren bukaerarako adostua zuela “programa noiz eta nola hasiko zen, eta baldintza guztiak”. Hala ere, jakinarazpenaren zain egon dira Bizkaiko kirol talde eta federazioak. Askok ez dute jakin euren jarduerak noiz hasi ahalko zituzten. Horietako batzuk haserre ere mintzatu dira, astearteko iragarpenaren bezperan ez zutelako erabakiaren eta asmoen berri. “Informazio falta izugarria dugu. Deskoordinazioa ere badago”. Hala mintzatu da Andoni Lopez Bizkaiko Karate Federazioko presidentea. Gipuzkoako eta Arabako foru aldundiek itzulera iragarria zutelako esan du hori.
Lorea Bilbaok gogora ekarri du irailaren 1ean ireki zutela eskola kirolean izena emateko epea. “Hala bada, izena emateko baldintzak betetzen dituzten taldeek datorren astean ekin ahalko diete entrenamenduei”. Ikastetxeetako itzuleraren bilakaeraren zain egon dira eskola kirola hasteko.
Taldeen aldetik, irizpide kontrajarriak sumatu dituenik ere bada. Iñigo Gomez Bizkaiko Futbol Federazioko Eskola Kiroleko arduraduna da horietako bat. Aurreikusten zuen entrenamenduak urriaren 1etik aurrera hasteko baimena izango zela: “Kadeteak futbol federatuan entrenatzen hasteko baimena emanda egon da. Baimena egon baldin bada kadeteentzat, haur kategoriakoentzat ere egon behar zen”. Federazioak informazio falta izan duela dio. “Aldundiak bidaltzen duen informazio guztia lehenengo klubei bidaltzen die, eta gero iristen zaigu guri”.
Protokoloak, egokituta
Baimena izan bezain laster hasteko prest egon dira kirol taldeetako asko. “Guk dena daukagu prest: protokoloak, taldeak, entrenatzaileak eta dena”. Carlos Galanen berbak dira. Gernika-Lumoko Arin Arin atletismo taldeko entrenatzailea da. Kirol horretan ere kadeteetatik gorako mailetakoak astelehenean hasi ziren entrenatzen. Aldundiaren zehaztasunak entzun baino lehen, egoerari erreparatuta, euren protokoloa osatua zuten: “Batetik, bakoitzak bere burua zaindu behar du entrenamendutik kanpo: tenperatura hartu behar du, eta COVIDaren sintomak dituenak ez du etorri behar. Etxean edo ikastolan kasuren bat agertzen bada eta isolamenduan baldin badaude, ez dute etorri behar. Entrenamenduak hasi baino lehen beti hartuko dugu tenperatura. Maskara jarrita izan behar dute kalera irten arte. Gel hidroalkoholikoak ditugu barruan gaudenerako”.
Institutuan egingo dituzte entrenamenduak, eta saiatuko dira leku itxietan ez egoten. “Horregatik eskatu ditugu Allende Salazar ikastetxearen eta Institutuaren instalazioak eta Urbietako zelaiak erabiltzeko baimena, kalean egon ahal izateko. Beraz, batera gaudenean maskaragaz egongo gara, eta irteten garenean korrika egitera, kendu ahalko ditugu, betiere gure arteko segurtasun distantzia bermatuta badago. Leku guztietan dagoen protokoloa gure egoerara egokitu dugu. Eta zentzuz ibiltzeko eskatzen dugu”.
Erronka berri horri aurre egiteko prest agertu da atletismo taldea. “Talde txikiak, 10 edo 15 lagunez osatutako taldeak egin ditugu, adinen arabera antolatuta. Bakoitzak begirale bat izango du. Eta protokolo bera jarriko dugu txikiekin zein nagusiekin”.
Kirolaren garrantziaz
Federazioetako zein taldeetako ordezkariek, hirurek, uste dute garrantzitsua dela eskola kirola umeentzat, betiere osasuna bermatuta. Galanenak dira berbok: “Oso inportantea da. Euren harremana da. Eskola kirolean beste mota bateko harremanak sortzen dira. Euren garapenerako oso garrantzitsua da kirola egitea. Kirola bizitza iturri da. Ondo egin behar da, ondo antolatuta. Garrantzitsua da hastea”.
Andoni Lopez borrokatzeko prest agertu da umeak eskola kirolean karaterik gabe geratu ez daitezen. “Espero dut ikastetxeetan kontuan har dezatela zer ondorio dituen umeei eskolaz kanpoko jarduerak kentzea”. Arlo horretan ere, ikastetxeetan egiten diren “burbuila taldeak” osa daitezkeela esan du. “Kirolak umeei estres handia kentzen laguntzen die. Umeek beharrezkoa dute jolastea eta kirola egitea. Trebatu egiten ditu. Segurtasun handia ematen die. Karateak eta beste arte martzialek lasaitasuna ematen diete, umeek badakitelako zer egin behar duten. Zuzentasuna ere ematen die. Batzuek uste dute zorrotzegia dela jarduerok bideratzeko modua. Ez da hala, ordea. Errespetu handia barneratzen laguntzen die”.
Eskola kirolaren etenaldiak umeengan eragin dezakeen kalteaz gain, taldeen egoerari buruz ere mintzatu da Lopez: “Klubak oso gaizki pasatzen ari dira. Ez dakit horietako batzuk ateak zabaltzeko gai izango diren, batez ere umeei ematen dizkietelako eskolak”. Federaziora deitzen dute irtenbide bila, baina eurek ere ez dute modurik laguntzeko. “Laguntza gutxi izan dugu, eta bukatu dira jada”. Diru laguntzak jasotzen zituzten eskola kirola eskaintzeagatik. “Hala ere, lehia jarduerengatik jasotzen ditugu guk diru laguntzak, eta ezin izango baditugu egin, bada, pentsa”.
Eskola kirolak 57 kirol diziplina eskaintzen ditu. Orain arte 45.000 umek ematen zuten izena horietan. Aurtengo izen ematea geldoago doala onartu du Bilbao Bizkaiko Kirol diputatuak, eta izena emateko epea abendura arte luzatuko dutela iragarri du. Eta lasaitasunerako deia egin du: “Zero arriskua bermatzerik ez egon arren, gure esku dauden neurri guztiak jarri ditugu”.
Araudi berezia