Sader enpresa behingoz Zorrotzatik kentzeko eskatu dute bizilagunek

Sader enpresa behingoz Zorrotzatik kentzeko eskatu dute bizilagunek

Natalia Salazar Orbe

“Irailaren 8ko goiz honetan hau da Zorrotzan aurki dezakeguna. Saderren lantegiak, ohikoa denez, zerbait deskargatu du, ez dakit zer, baina ezin da arnasarik hartu”. Bilboko auzoko bizilagun batek egindako bideoa zabaldu du Zorrotzako auzo elkarteak. Bertako kide Fernando Ramosek euren kezka azaldu du, inguruetako bizilagunek eztarriko mina eta azkura izaten dituztelako. Botagura ere ematen omen du. Ongarriak egin eta biltzen dituen Sader enpresaren isuriei buruz ari da. Urteak daramatzate bertako eta inguruko bizilagunek enpresa handik kentzeko aldarrikapenarekin. Enpresatik ateratzen den keak eragin diezaiekeen kaltearen beldur dira. Eta usaina “jasanezina” dela diote. Mobilizazioei ekiteko asmoa iragarri dute.

2018rako aurreikusita zegoen hondakinak inerte bihurtzeko Sader planta Zorrotzatik kentzea. Bilboko Udalak hirigintza hitzarmena sinatu zuen 2015ean Saderrek auzo hartan duen jarduna eteteko. Zorrotza Puntarako Hiri Antolamendurako Plana moldatzea onartu ondoren, bi urteko muga ezartzen zuen akordioak enpresa Zorrotzatik kanpora eramateko. Plana 2016rako prest egotea espero zuten. Beraz, enpresa, gehienez, 2018rako Zorrotzatik kanpo egotekoa zen.

Plana ez dago indarrean, ordea. Hala ere, Zorrotzako eta inguruetako bizilagunek enpresaren jarduera behingoz eten dadin eskatu dute. Ramosek eman ditu argudioak: “Plana egin zein ez egin, epea ezarrita zegoen: bi urtekoa zen. Bi urte horiek pasatu dira. 2018an bete zen ezarritako epemuga. Atera dezatela Zorrotzatik! Pasatu da denbora hori. Gainera, udalak bi milioi euro ordainduko ditu enpresa desegiteko”.

Udalak eta Agaleus Medio Ambiente y Energia SM enpresak —horren barruan daude Zorrotzan kokatutako Sader eta Profersa enpresak— sinatutako hitzarmen horrek 2,7 milioi euroko kalte-ordaina aurreikusi zuen enpresak planta lekualdatzeko gastuetara bideratzeko.

6.000 metro koadroko azalera hartzen duen plantak Zorrotzan jarraitzen du. Eta bizilagunek egoera jasanezina dela salatu dute. “Enpresak hemen jarraitzeko beldur gara. Inguruan zaudela enpresak isurtzen duen kea edo usaina agertzen bada, eztarriko mina hasten zaizu. Eta begietako azkura. Beste batzuek botaka egin dute. Etxeko leihoak ezin dira zabaldu; itxi egin behar dira, kiratsa jasanezina delako. Inguruan parke berri bat ere badago, baina ez dabil inor”. Landa edo Punta ingurua bezala ezaguna den eremuko parkeari buruz ari da Ramos. “Batez ere, Zorrotzan sufritzen dugu, baina baita San Ignacion (Elorrieta aldean), Deustuko erriberan, Olabeagan eta Basurtun ere. Haizearen norabidearen arabera beste leku horietara iristen da edo hemen geratzen da, Zorrotzan”.

Isurien neurketak

Usainak sortzen dien eragozpenaz gain, bizilagunak kezkatuta daude plantaren jarduerak euren osasunari kalte egiten diola sinetsita daudelako. Hori dela eta, azterketa epidemiologikoa eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari. “Susmoak ditugu Zorrotzan minbizia tasa altuagoa dela. Horregatik eskatu genuen azterketa. Hala ere, Osakidetzak Bilbo osoan egin zuen, eta Bilbo osoko datu orokorrak eman zituen, ez zehazki gure barrutikoak. Hori ez da guk aldarrikatzen duguna”.

Isurien eragina neurtzeko beste elementu bat airearen kalitatea neurtzeko estazioak dira. Jaurlaritzako Ingurumen sailak Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarea du. Kutsadura mailak kontrolatzeko eta zaintzeko tresna gisa aurkezten du Jaurlaritzak, eta, horri esker, lurraldeko airearen kalitatea ebaluatzeko betebeharrari erantzuten diola dio. Ramosek salatu du Jaurlaritzak kendu egin zituela Elorrietan eta Zorrotzan airearen kalitatea kontrolatzeko zeuden estazioak. “San Ignacion Elorrietakoa eta guk Zorrotzan geneukana kendu egin zituzten. Gero esaten dute Bilboko airearen kalitatea ona dela. Noski, arazo bat duzuen lekuan ez duzue jarri-eta kalitatea neurtzeko estaziorik!”.

Estazioak martxan zeudenean, urteko neurketen batez bestekoaren arabera, parametroak legeak onartutakoak ziren. Hala ere, bizilagunak ez zeuden konforme. “Pikoak egoten ziren. Egun batzuetan, konturatzen ginen kutsadura oso altua zela, eta, hain justu, egun horietako datuak ez ziren agertzen. Hain justu, egunik txarrenak zirela nabaritzen genuenean gertatzen zen hori. Eta noizbehinka azaltzen zen pikoak gertatu zirela. Gero esaten zuten batez besteko neurketek ondo ematen zutela. Bai, baina pikoak egon diren egunetan zer gertatu zaio bizilagunon osasunari?”.

Beste beldur bat ere badute. Enpresak ebakuazio edo larrialdi planik ez duela salatu du Ramosek. “Ongarrien lantegia da, eta ez daukate ezer. Ondo-ondoan etxeak ditu, gainera”.

Egoera horren aurrean, San Ignacioko, Deustuko erriberako, Olabeagako eta Basurtuko bizilagunekin batera mobilizazioak egin zituzten. Azkena konfinamendu betean egin zuten, martxoan. Aurrera begira, bide beretik jarraitzekoak dira: “Asmoa daukagu iraila bukatzean edo urrian ere horrelako beste mobilizazio bat egiteko elkarrekin. Oraindik ez dugu zehaztu datarik, baina ezin da horrela jarraitu. Eusko Jaurlaritzak edo Bilboko Udalak ez badute neurririk hartzen gure osasuna babesteko, itxi egin beharko dute. Ezin dugu horrela jarraitu”.