“Pandemia bat tokatu zaigu, eta batzuk ez dira larritasunaz ohartu”

“Pandemia bat tokatu zaigu, eta batzuk ez dira larritasunaz ohartu”

Ibai Maruri Bilbao

Ruben Natividad Andres kardiologoak (Barakaldo, 1980) hainbat argazki egin zizkien Barakaldoko San Eloy ospitaleko lankideei, COVID gaixoei eta haien senideei, eta hil amaiera arte ikus daitezke Bilboko Metroaren geltokietan. Udaberrian egin zituen, lankide batzuekin elkarlanean, pandemiaren gogorrenean: “Herritarrok hedabideen bitartez jasotzen dugu errealitatearen berri. Baina orduan kazetariok zuen etxeetan zeundeten, isolatuta. Osasun langileak elkarrizketatzen zenituzten. Baina ezin zenuten bertatik bertara ikusi zer gertatzen zen. Guk hori erakutsi nahi izan dugu, gizarteak jakiteko benetan zer gertatu den, eta, neurri batean, oraindik gertatzen ari den”.

Ohikoa da zu argazki kamerarekin ospitalean ikustea?

Zaletua naiz betidanik. Argazkilaritza ikastaroak egiten ari naiz Bilboko akademia batean. Bakoitzak bere zaletasunak ditugu. Badago triste edo larri dabilenean musika entzun edo poesia irakurtzen duen jendea, beste batzuek kirola egiten dute, eta nik argazki kamera hartzen dut. Lanera ez dut eroaten; bizitza pertsonalean sarri egiten ditut argazkiak, baina ez ospitalean. Garai hartan, nire lankideak oso ahul zeuden, nekeak jota, baina, aldi berean haien aurpegiek adierazten zuten edozein erasori aurre egiteko prest geundela. Lankideen artean sortu zen ideia: une larri hura betikotu behar genuela pentsatu genuen, taldea sendotzen laguntzeko eta gure ogibidea duintzeko. Azken batean, pertsonak gara, nahiz eta hedabideetan gerrako soldadutzat hartzen gintuzten. Bai, nik Medikuntza ikasi nuen jendea zaindu nahi nuelako, baina sekula ez nuen pentsatu neure burua eta nire familia arriskuan ipiniko nituenik. Irratian entzun nuen norbait esaten Medikuntza ikasi duenak badakiela zer arrisku dituen. Bai, baina ez tamaina horretakoak. Hura gerra frontean egotea bezain arriskutsua zen, eta guk ez dugu gerrarik bizi izan. Gure lana ahalik eta ondoen egiten saiatu diren pertsonak gara.

Baina dena zen berria zuentzat.

Eritasun berri bati egin behar izan diogu aurre. Dena izan da berria. Kontraesan asko izan dira. Hasieran, oxigenoa zen gure tresna bakarra. Ezin genien besterik eman. Ez zegoen antibiral baliagarririk. Lehenengo esan ziguten kortikoiderik ere ezin genuela eman; gero ikusi genuen hobetzen laguntzen zutela. Hiesaren aurkako sendagai bat ere probatu zen, baina ez du balio. Halako asko egon dira. Eta, apurka, nola jokatu ikasiz joan gara. Ni kardiologoa naiz, eta pneumoniak eta arnasbideetako infekzioak sarri ikusten ditut, baina hura ezohikoa zen erabat.

Sei hilotan zer ikasi duzu?

Nik argi dut: orain lehen baino gehiago sinesten dut pertsonengan. Baikorra naiz. Lankideengan gizatasun handia topatu dut.

Zer helburu zenuen argazkiak egitean? Zeren bila ibiltzen zinen?

Ahalegindu nintzen errealitatea erakusten. Ez nien ezer eskatzen. Gelara sartu aurretik, edo irtetean, esaten nien gela huts batera etortzeko, eta han egiten genituen argazkiak. Ohazal bat atzean ipinita egiten genituen. Baldintza prekarioak genituen argazkilaritza lan on baterako. Nik ez nien eskatzen tristura aurpegirik jartzeko; esaten nien sentitzen ziren bezala agertzeko. Ohartu ginen aurpegi batzuek bakardadeaz egiten zutela berba, beste batzuek erresilientziaz, beste batzuk talde lanaz… Gauza bakarra nahi nuen: maskararen eta betaurrekoen marka erakustea. Ordu askotan erabiltzen genituen, eta hori islatu nahi izan nuen. Segurtasun handiko maskara haiek eta urpekari betaurreko haiek min ematen ziguten.

Argazkiekin batera, erakusketan protagonisten bizipenak eta gogoetak ezagutu daitezke.

Argazki bakoitzak QR kode bat du azpian, eta Bizkaiko Medikuen Elkargoaren webgunera sar zaitezke. Haiek izan dira gure bidelagunak eta erakusketa sortzeko kudeaketa egin dutenak. Bideo bat ikus daiteke, Jose Bautista World Press Photo saridunak egindakoa. Berak konposatu duen musikarekin bilakaera bat egiten du; hasierako aurpegiera minduetatik bukaerako baikorragoetarako jauzia. Eta lekukotzak ere bildu ditugu. Kritika ere badago, bai erakundeekiko, bai gizartearekiko, askok erakutsi duten kontzientzia faltagatik. Protagonistekin elkarrizketak egiten genituen, eta azkenean hori zen irudia bera baino interesgarriagoa. Sekulako irakaspenak eman dizkigute. Orduko esperientzia surrealista hura ez zen amesgaizto bat izan; benetakoa izan zen, eta hori erakutsi nahi dugu.

Orain zelan zaudete?

Kasu gutxiago daude, dezente gutxiago. Ospitaleratzeak ere gutxi dira lehengo aldean. Lasaiago gaude.

Gutxiago dira, baina gora hasi dira. Lehengo egoerara itzultzeko kezkarik duzue?

Argi dago bigarren olatuan gaudela. Ez dakigu olatuak zipriztinduko gaituen edo aurretik eroango gaituen. Asko ikasi dugu gaixotasunaren inguruan. Asko hobetu da arazoari aurre egiteko modua. Baina oraindik ere ezinbestekoa da gizarteko kideok elkar zaintzea. Ez du ezertarako balio Osakidetza positibo bila ibiltzea gero ez badute bakartu nahi. Aztarnariei gezurretan ere badabiltza. Badira segurtasun neurriak hartzen ez dituztenak. Gure aitita- amamek gerra bat bizi izan zuten; guri pandemia bat tokatu zaigu, eta batzuk ez dira larritasunaz ohartu. Talde berekoak gara. Martxo-apiriletako espiritua berreskuratu behar da, eta ulertu norbanakoen jokabideek taldearen ongizatean duten eragina.