Melanomanoa

Patxo Telleria

Ez dakigunari buruz idaztea ez omen da zuhurra, baina ni ez naiz idazlea, nik pertsonaiak ehizatzen ditut. Ez eskatu niri pertsonaiok ulertzea.

Atzo harrapatu nuen azken hau, ezustean. Basurtuko ospitalera joan nintzen izeba bati bisita egitera. Etxean erori, eta aldaka apurtu du. Zaharrak, badakizu… Batere gogorik ez nik, baina bere etxean hartu ninduen txikitan, bakarrik geratu nintzenean, eta bisita egitera behartuta nengoen. Kontsolamendu handirik ez nion eskainiko, halere, solaskide eskasa naizelako eta berba askorik egin gabe pasatu nituen pasatu beharreko orduak.

Erizaina sartu zen zundak errebisatzera: nire izebarenak eta ondoko ohean lo zegoen emakumearenak. Ohe bien arteko kortina ireki zuen erizainak, eta emakumea ikusi nuen. Ezur batzuk apurtuak zituen. Lo zegoen, lasaigarrien eraginez. “Badakizu andrari gertatu zaiona?”, galdetu zion erizainak izebari, irribarre batez. Ezagun zen kontatzeko gogoa zuela.

“Mendiko errepide batetik gidatzen ari omen zen, bihurgunez jositako errepide batetik. Irratian kanta bat. Ezaguna zuen, eta kantatzen hasi zen, “Tell me somethin’, girl, are you happy in this modern world?…“, ahots goran, oihu batean, euforiaz… Maite zuen kanta hura. Kanta amaierarantz hurbiltzen ari zen, parterik gogokoena, “In the shallow, shallow, In the shallow, shallow…” Eta, halako batean, ezustean, errepidean tunel bat. Sartu ahala hasi zen galtzen irratiko seinalea. Tunelaren amaierako argiunea txiki ikusten zen oraindik, urrun. Azeleragailua sakatu zuen, kantaren amaiera entzuteko grinaz, galtzeko beldurrez, abiadurari erreparatu gabe. Tunelaren amaieran bihurgune bat zegoen ezkerretara. Autoak zuzen jarraitu zuen, errepideko hesi babesgarria aurretik eramanda, amildegirantz. Hegan hasi zen autoa, hegan ere emakumea, irratiko seinalea berreskuratu zuelako pozik, kantariarekin batera kantatuz, ahots goran, oihu batean, euforiaz. “In the shallow, shallow, In the shallow, shallow…” Miraria izan zen autoak lur hartze leun samarra egitea; miraria emakumea onik irtetea”.

Hola bukatu zen erizainaren kontakizuna. “Ene, hori da hori musika maitatzea”, esan zuen izebak, miresmenez. Ni isilik geratu nintzen, ez nuen mira hura konpartitzen. Kanta zuztarbako bategatik bizitza arriskuan jartzea… Halere, andre hark nire pertsonaien galerian toki bat izan zezakeela pentsatu nuen. Ez didate ordaintzen pertsonaiak ulertzeagatik.

Istorioa ez zen horrela bukatu, dena den. Nire bisita amaitutzat eman eta alde egitera nindoanean, gizonezko bat sartu zen gelan. Ordurako emakumea esna zegoen. Gizonak, emakumeari eskutik oratu, eta: “Gure kantagatik gertatu dela entzun dut”. Emakumeak baietz egin zuen buruaz, irribarrez. Gizonak ere irribarre egin zuen. Eta biak kantatzen hasi ziren: “In the shallow, shallow, In the shallow, shallow…“.

Ikaragarri deprimitu ninduen irudi azukrezko horrek. Musikagatik ez, okerrago, maitasuna deitzen dioten fikzio zentzugabeagatik jokatu zuen bere bizia andre zoro horrek. Edo, agian, eszena horregatik hunkitzeko ezintasunak deprimitu ninduen. Auskalo. Neure burua ere ez dut ezagutzen.

Agur esan nion izebari. Bikoteari begira zegoen, bera ere irribarrez. Masailean negar malko bat.