Gidariek eta txirrindulariek zalantzak dituzte

I. M. B.

“Helburuarekin bat egiten dugu, baina ez hori lortzeko hartzen ari diren neurriekin”. RACVN Real Automovil Club Vasco-Navarro gidarien elkarteak ez du begi onez ikusi Bilboko Udalak hiri osoko abiadura muga orduko 30 kilometrora jaistea. Duela urte bi, kale gehienetan ezarri zenean ere kritiko agertu ziren; orain, are gehiago: “Propaganda hutsa da. Hiriko bide nagusietan abiadura hainbeste mugatzea artifiziala eta arriskutsua da”. Mario Garcia elkarteko komunikazio arduradunaren esanetan, gaur egungo teknologiak “neurri adimentsuagoak” hartzeko aukera ematen du. Eta uste du abiadura era horretan mugatzeak ez duela bermatzen ipini dituzten helburuak lortzea.

Uste du errepideak unean uneko egoeraren arabera egokitu beharko liratekeela. “Autobideetan orduko 130 kilometroko muga egon arren, euria egiten duenean, 110era jaisten da automatikoki. Eta eskolak dauden kale batean jar daiteke 20ko edo 30eko muga ikastetxera sartzeko eta irteteko momentuetan, baina gainontzekoan abiadura handiagoa”.

Ukatu egin du kutsadura gutxitzen lagunduko duenik. Azaldu du azeleratzean eta galgatzean isurtzen dela gas gehien. “Ibilbide berean motelago joan behar baduzu, semaforo gehiago harrapatuko dituzu gorrian. Hala, gehiagotan azeleratu eta galgatu beharko duzu, gehiago kutsatuz”. Gainera, esan du orduko 50 kilometroko abiaduran joateko hirugarren martxan eroaten dela autoaren motorra. “30eko abiadurara jaisteko, martxa txikiagoan sartu eta biraketa abiadura handitu behar duzu; ondorioz, gehiago kutsatuko duzu”. Horrez gainera, “epe laburrera begira” hartutako erabakia dela salatu du: “Hamar bat urte barru, ibilgailu elektrikoak izango dira nagusi, eta ez dugu kutsadura eta zarata arazorik izango”. Ukatu egin du ibilgailuak direnik “kutsaduraren erantzule bakarrak”.

Garciak ez du uste 30eko mugak segurtasuna handitzea dakarrenik. Iruditzen zaio gidariak errepideari eta gainontzeko ibilgailuei begira baino gehiago ibiliko direla “abiadura kontrolatu ezinik”. Gainera gaitzetsi egin du helburua istripuen larritasuna arintzea izatea, “istripuak saihestea izan ordez”.

Bidegorriak baino gurago

Txirrindulariak, ostera, pozik daude neurriarekin. Biziz Bizi plataformako Javi Umaranen arabera, “neurri positiboa” da. Esan du eurek igarri dutela dagoeneko 30eko muga zuten kaleetan seguruago dabiltzala: “Ibilgailuak eta bizikletak abiadura bertsuan ibiltzeak arriskua txikitzen du”. Baina zalantza egin du muga aldatuko zaien kale batzuetan neurria beteko den: “Deustuko zubian, esaterako, 50eko muga ere ez da errespetatzen. Uztailean neurketak egiten ibili ginen, eta asko ziren 70eko abiaduran igaro zirenak. Nork beteko du kale horietan 30eko muga?”.

Umaranek bidegorriak baino gurago ditu 30eko kaleak. “Bidegorriak ondo daude esperientzia gutxi duten txirrindularientzat edo zirkulazio arauak ezagutzen ez dituzten gazteentzat, baina bizikletaz ibiltzera ohituta gaudenok nahiago ditugu errepide lasaiak”. Dena den, 30eko muga duten kaleetan aldeak daudela esan du. Norabide bakarrekoak direnetan trafikoa lasaiagoa izaten dela iruditzen zaio, norabide bi eta norabide bakoitzean errail bat baino gehiago dituztenekin alderatuz gero.

Gainera, Bilbon bidegorri “asko ondo pentsatu gabe” diseinatuta daudela esan du, txirrindularien segurtasuna “arriskuan jartzeko beste”. Ohartarazi du bizikletaren erabilera sustatu nahi bada, neurriak ondo diseinatu behar direla, eta, batez ere, erabiltzaileekin adostuta.