Natalia Salazar Orbe
“2020rako aurreikuspen onak zeuden alor askotan: orain arteko aurrekonturik handiena genuen, hainbat proiektu genituen hasteko prest, nazioarteko ekitaldiak egin behar genituen udaren atarian…Eta COVID-19ak suntsitu egin ditu aurreikuspen on horiek guztiak”. Hala mintzatu da Juan Mari Aburto (EAJ) Bilboko alkatea hiriaren egoerari buruzko udalbatzarrean. Hala ere, argi utzi du ez dutela hiriko proiektu estrategikoak alboratzeko asmorik, batzuen gauzatzea geldotu egingo bada ere. Pandemiak utzitako egoera horren aurrean, oposizioko alderdien babesa eta laguntza eskatu zituen astearte goizean egin zuten udalbatzarrean.
Aurtengo aurrekontua egokitu egin behar izan dute, aurreikusitakoa baino diru gutxiago bildu dutelako eta datorren urtera begira ere diru sarrerak txikiagoak izango direla aurreikusi dutelako. Hala azaldu du Aburtok: “Erantzukizunezko ariketa bat egin beharko dugu urte hau bukatzeko, eta datorren urtean ahalik eta aurrekontu onenak izateko”. Ez du baztertu aurreko urteetako soberakinak erabiltzea edota zorpetzea. “Gure soberakinak erabiltzeko eta bilbotarren zerbitzura jartzeko baimena eskatzen dugu”. Gainerako alderdiei datorren urteko aurrekontuak babesteko eskatu die.
Osasun krisiak gogor astindu arren, Bilbok aurrera jarraitu duela adierazi zuen alkateak. Hori hala dela erakusteko, martxan dauden proiektuak aipatu zituen: besteak beste, AHT, Zorrotzaurre, Zorrotza Punta eta 2020-2021erako enplegu plana. Azken horretarako 10 milioi eurotik gora eta 1.000 kontratu baino gehiago aurreikusten dituzte.
Nazioarteko ekitaldiak Bilbon egiteko udalak lanean jarraituko duela ere iragarri zuen. Besteak beste, Eurokopa txapelketa datorren urtean ekarri nahi dute hirira; eta Frantziako Tourra, “ahal denean”, esan zuen.
2030. urtera begira, herritarrek zer-nolako Bilbo izango duten ere iragarri zuen alkateak: “Auzoen arteko hiri orekatua izango da; osasuntsua, jasangarria, segurua, solidarioa, ameslaria eta sortzailea; kalitatezko oinarrizko zerbitzuak izango ditu; haur, gazte eta adinekoekiko lagunkoia izango da; kultur eta sormen arloetan erreferentea; emakume izena izango du; euskaldunagoa izango da, eta balioetan oinarrituko da; bakea eta elkarbizitza nagusituko dira bertan”.
Helburu horiek lortzeko, Aburtok laguntza eskatu zien oposizioko alderdiei. Gogora ekarri zuen martxoan udal talde guztiek babestu zutela Bilbo Aurrera programa. 15 milioi euro bideratu zituzten, haren bidez, pandemiaren ondorioak arintzeko.
Aurrerantzean ere proiektu estrategikoak bultzatu nahi ditu udalak, gizarte politikak hobetu eta auzoak hobetzeko lanean jarraitu. Aburto: “Osasuna zaindu eta, berriz ere, 2025 eta 2030era begira nahi dugun hiria prestatzeari ekin behar diogu”. Horretarako, batasuna eskatu die beste alderdiei.
Hiriaren norabideaz
Aburtoren hitzaldia entzun ondoren, oposizioko taldeek eman zuten euren iritzia. EH Bilduko zinegotzi Jone Goirizelaiak laguntzeko prestutasuna adierazi zuen, eta eskua luzatu zion udal gobernuari “hausnarketa partekatu bat egiteko eta udal politika sakon aldatzeko”. Haren esanetan, “betiko errezeta politikoek ez dituzte konpontzen Bilboko egiturazko arazoak”. Egoerari aurre egiteko, “komunitate izaera hurbil, solidario eta anitza” aldarrikatu zuen. Pertsonak erdigunean jartzeko ekonomia eskatu du.
Elkarrekin Podemosek “propaganda hitzaldia” egin izana leporatu zion. Ana Viñalsek Aburtori esan zion ezkutatu egin dituela osasun krisiak eragindako kalteak: “29.000 familia baino gehiagok elikagaiak jasotzeko laguntza eskatu behar izan dute pandemia garaian”. Bilbo Aurrera plana “iragana” dela uste du, eta datorrenari aurre egiteko neurri zehatzak eskatu ditu. Horiek diseinatzeko gizarte osoaren parte hartzea eskatu zuen.
PPko ordezkari Raquel Gonzalez ere gogor mintzatu zen. Akatsak ezkutatu izana leporatu zien alkateari eta udal gobernuari.