Bada eredurik Bizkaian

I. Maruri Bilbao

“Orduko 30 kilometroko abiaduran dabiltzan hiriak geratzeko etorri dira, eta guk ere ezin genuen horretatik ihes egin”. Hasierako asmoa 30eko, 40ko eta 50eko abiadura mugak zituzten kaleak jartzea izan bazen ere, COVID-19aren pandemiak mugikortasunean eragindako gogoetaren ondoren, Getxoko Udalak udalerri osoan orduko 30 kilometroko muga jartzea pentsatu zuen ekainean: “Udaberrian bizi izandakoak argi utzi zigun oinezkoek ibiltzeko leku gehiago behar dituztela, eta seguruak izan behar direla. Eta ikusi da, baita ere, kutsadurak pandemiei mesede egiten diela, eta gutxiago kutsatzen duten mugikortasun ereduak sustatu behar ditugula”, azaldu du Joseba Arregi Getxoko Mugikortasun zinegotziak. Udalean ordezkaritza duten talde politikoekin hitz egin zuten, ados zeuden, eta uztail hasieran jarri zuten martxan neurri berria, Bilbori bi hilabete eta erdiz aurrea hartuta.

Aldaketak duen garrantzia azpimarratu du. “30eko muga duen udalerri batean segurtasuna nabarmen handitzen da”. Horrez gainera, abiadura motelagoan gas kutsagarrien isuriak eta zarata sorrera gutxitzen direla ere gogoratu du. Urtero neurtzen dute istripuetan izandako bilakaera, baina Arregik esan du zaratari dagokion aldaketa dagoeneko nabaritzen dela. Airera isurtzen diren partikulak neurtzeko eskumena Eusko Jaurlaritzarena da, baina Getxoko Udalak txosten bat lantzeko asmoa du, abiadura berria ezarri aurreko eta ondorengo egoerak alderatuta.

Ia hiru hilabete egin dituzte eredu berriarekin, eta zinegotziak uste du herritarrak hasi direla egoera berrira ohitzen. Dena den, aitortu du badagoela zer hobeturik. “Bide zabaletan oraindik kosta egiten zaie abiadura moteltzea. Batez ere, auzoen arteko bideetan igartzen da hori”. Oraindik neurtu ez duten arren, ohartu dira Getxoko batez besteko abiadura moteldu dela. “Zugazarten, Areetarako sarreran, ia lortu dugu 30era jaistea, eta irteeran oraindik gehiago falta zaigu. Artatzatik Fadurara arteko tartean ere oraindik jendeak ez du muga betetzen, baina badakigu prozesu baten ondorioa dela egokitzapena”. Horregatik, datorren astean, Mugikortasunaren Astean, abiadura muga berrian egingo dute indar Getxoko Udaletik.

Aldaketa honen beste helburuetako bat bizikletaren erabilera sustatzea da. “Kale hauetan bizikleta da lehentasuna duen ibilgailua. Txirrindulariak segurtasun osoz joatea lortu nahi dugu”. Bidegorriak ere sustatuko dituztela esan du. Hori da mugikortasun planaren hirugarren oinarria. Zinegotziaren arabera, aisialdiari baino, lanerako, ikasketetarako eta eguneroko zereginetarako mugikortasunari lotuago egongo da bidegorrien sarea. Bizikleta publikoen zerbitzua ere indartu nahi du Getxok, eta etorkizunean alokairuan eskainiko dituen ibilgailu horiek guztiak elektrikoak izatea aztertzen ari dira.

20ko muga ere bai

Getxo ez da izan Bilbori aurrea hartu dion Bizkaiko herri bakarra. Uztailean bertan euren auzokide Berangok ere 30 kilometroko muga ezarri zuen, eta kale batzuetan 20koa ere bai; esaterako, Sabino Arana etorbidean eta Simon Otxandategi kalean ezin daiteke orduko 20 kilometrora baino azkarrago ibili. Dena den, Uribe Kostako herri biok ez dira lehenak izan Bizkaian. Durangok, kasurako, duela lau urte ezarri zuen muga berria udalerri osoan. Mungian 20ko muga dago herrigunean, herria nazioarteko Sloow City mugimenduaren parte izatera igaro zenetik.