“Sorginek zer esan handia zuten gizartean; ekarpena egiten zuten”

“Sorginek zer esan handia zuten gizartean; ekarpena egiten zuten”

Ibai Maruri Bilbao

XV. eta XVIII. mendeen arteko sorgin ehizari buruzko erakusketa dago ikusgai Durangoko Arte eta Historia Museoan, urriaren 4ra arte: Sorginak. Nazioarteko 42 emakume artistaren lanek osatzen dute. “Margolanak daude, eskulturak, zeramikazko lanak… Obra asko instalazio formatuan daude. Oso interesgarria da: ez bakarrik edukiagatik, baita formatu aldetik ere”, azaldu du haietako batek: Goiuri Aldekoa-Otalorak (Durango, 1972).Gaur bisita gidatuko du, 19:00etan.

Zer lortu nahi izan duzue erakusketa honekin?

Hausnarketa bat eragitea ikusleengan eta jendearengan, oro har, XV. eta XVIII. gizaldien artean emakumeekin egin zen sarraskiaren inguruan. Sorginkeria egotzi zieten. Uste dugu gogoeta bat behar dela, eta hori sustatu nahi dugu. Nik gehiago esango nuke: orduan gertatu zenaz hausnarketa, baina baita gerokoaz ere. Gaur egunera arte dator hori guztia, eta orain ere beste era batera jarraitzen du sarraskiak, nahiz eta ez gaituzten plazetan erretzen.

Hain zuzen ere, gaur egun emakumeek sufritzen duten indarkeriak ere izango du lekurik egunotako egitarauan, ezta?

Irailaren 26an Cristina Gutierrez-Meursek hitzaldia egingo du, Gure beste sorginak izenekoa.

Bizkaian bereziki Durangaldean sufritu zen sorgin ehiza XV. mendetik eta XVIII. mendera. Zer aztarna utzi du orduko sorgin ehizak geroko andreongan?

Bereziki, Durangon berton izan zen. Hain zuzen ere, ni Andra Mari plazan bizi naiz, eta, hemen, hainbat emakume erre zituzten. Joseba Sarrionandiak ipuin bat idatzi zuen horren inguruan, eta, gero, Ander Lipusek ipuin kontaketa bat egin zuen. Oso ikuskizun polita izan zen. Andra Marin egindako emakumeen erretze hura kontatu zuen. Eta gugan eragin handia izan du, noski. Gertatzen dena da sorginen irudia desitxuratu egin dela mende luzeetan. Irudi faltsu bat sortu da: emakume zahar, motzak, gaiztoak, gaiztakeriak egiten zituztenak… Orain gutxi hasi da jendea ikertzen nortzuk ziren benetan emakume haiek. Ander Berrojalbiz historialari durangarrak pare bat ikerketa egin du, adibidez. Hemen Durangon badago sorginak nor ziren jakiteko gogoa eta grina.

Zuk zelan definituko zenituzke sorgin haiek? Nor ziren egiaz?

Izenak berak esaten du: sorgin, zerbait sortzen dutenak. Asko emaginak ziren, eta laguntzen zuten umeak mundura ekartzen edo belarrekin jendea osatzen… Feudalismotik kapitalismora aldatzean, patriarkatuak indar handiagoa hartu zuen, emakumeen lana kapitalizatu zuen, eta haien indarra txikitzen ahalegindu ziren. Patriarkatuak emakume haiek guztiz desitxuratu zituzten, eta gaur egunera irudi zatar hori iritsi da. Errealitatea bestelakoa zen. Sorginek zer esan handia zuten gizartean; ekarpen itzela egiten zuten.

Ikerketak aipatu dituzu. Erakusketa hau eta kulturak eskaintzen dituen beste aukera batzuk, ikerketek topatu duten hori gizarteratzeko bide erraz bat izan daitezke?

Ikerketak ere eskuragarri daude, baina egia da gizartean gutxiago zabaltzen direla. Liburuak beti daude eskura. Kultura bide garrantzitsu bat da interesa, jakin-mina, gogoeta eta eztabaida sortzeko. Interesa duenak gero liburuetara jo dezake.

Zu argazkilaritzan eta ikus-entzunezkoetan zabiltza. Zer ekarpen egin diozu erakusketari?

Nire ekarpena bideoklip bat izan da. Moxalek Forbidden Colours diskoetxearekin argitaratu zuen lan baterako egin nuen. Bideokliparen beraren imajinarioa hortik dator. Musika entzun, eta segituan hori etorri zitzaidan burura. Musikari eman nion, irudian emakume batzuk ikusten dira basotik ibiltzen, ibilaldi bat egiten. Hasi eta bukatu egiten da basoan.