Plazak euskal kantaz blai

Plazak euskal kantaz blai

Natalia Salazar Orbe

Behin, Lekeition egin genuen saio bat. Hiru orduz aritzeko konpromisoa genuen hartua. Baina, azkenean, egun osoan aritu ginen. Guztira, 12 ordu egin genituen kantuan. Hurrengo urtean, beste hamabi orduko saio bat egiteko deitu ziguten, eta esan nien: ‘Geldi. Guk hiru ordurako konpromisoa hartuko dugu; gero, gerokoak'”. Alfon Atelak kontatu duen pasadizoak erakusten du gustura egoten direla mikrofonoaren alde batean zein bestean aritzen direnak. Taberna Ibiltaria taldeko kidea da bera. Taldeak 20 urteko ibilbidea bete zuen martxoan, eta, urte horietan guztietan, kantu asko eta asko eraman ditu Euskal Herriko eta atzerriko herrietara.

25 lagunek osatzen dute taldea, eta ez dute kontzerturik ematen. Ikus-entzuleak euskaraz kantatzen jartzea du egitekoa. Hori da taldearen helburuetako bat. Ez da bakarra, ordea. Atelak laburbildu ditu euren asmoak: “Euskal Herrian, kalean, jendartean eta tabernaz taberna kantatzeko ohitura berreskuratzeko helburua dugu. Gainera, euskara bultzatu nahi dugu. Euskal kantek osatzen dute gure errepertorioa. Kantatzen ari dela, jendeak euskaraz egiten du. Nik uste dut euskara egiteko modurik alaiena eta dibertigarriena dela. Horiek dira gure helburuak: jendeak parte hartzea, euskara bultzatzea eta euskal kantak kantatzeko ohitura indartzea”. Horrez gain, saiatzen dira euskal kantutegia Euskal Herriko mugetatik harago eramaten. “Aurten, hirugarrenez ginen Boisera [AEB] joatekoak. 2010ean eta 2015ean joan ginen, eta, orain, berriz joatekoak ginen, baina, pandemia dela-eta, atzeratu egin da jaialdia”.

Idahoko pasadizoa

Diasporako euskal jairik handieneko parte izan ziren; lehenengo urtetik bertatik sortu zen giro ona festaren antolatzaileen, ikus-entzuleen eta Taberna Ibiltariko kideen artean. Idahora (AEB) iritsi, eta musika tresnak eta ahotsak behar bezala entzuteko ekipoak erosi zituzten. Horiek konektatzeko argindarra behar zuten, ordea. Antolatzaileetako bati zuzendu zitzaion Atela: “Gure euskal kantak kantatzeko badaukagu argindarra topatzeko lekurik?”, galdetu zion. “Hark pentsatuko zuen ea zer-nola kantatuko genuen; ez ote ginen lau mozkor izango. Orduan, jator-jator esan zidan: ‘Begira, hemen, kale erdian daukazue lekutxo bat kantaren bat abesteko’. Lehenengoa kantatu genuen, eta etorri, eta esan zidan: ‘Hemen, egunero, zazpietan!'”. Festa giro hark hainbat ikus-entzule erakarri zuen. “Saioa arratsaldeko zazpietan hasten genuen, eta goizaldeko ordu bietan bukatzen, egunero. Polita izan zen”. Dena bukatu ostean, antolatzaileen bazkarira ere gonbidatu zituzten.

“Kasualitatez” sortu zuten

Taldeak “kasualitatez” abiatu zuen ibilbidea. Euretako batek otordu bat antolatu zuen Bilbon, Urizarra izeneko txokoan. 2000ko martxoa zen. Lau lagun elkartu ziren bazkari hartan: Josu Garai, Armando Eizmendi, Martin Urrejola eta Alfon Atela bera. “Jatekoa prestatu ostean, kantuan hasi ginen, Armandoren emaztearen gitarragaz. Kalera ateratzea otu zitzaigun. Martxoa izan arren, eguraldi dezentetxoa egiten zuen, eta pentsatu genuen pote batzuk hartzea, gitarraz lagunduta. Zazpikaleetan ibili ginen. Oso gauza polita gertatu zen orduan: taberna batera joan, kantuan hasi, eta jendea kantatzen hasi zen. Betiko kantak ziren, euskal kantak. Tabernatik irten ginen, beste batean beste pote bat hartzeko, eta aurreko tabernan egon zen jende guztia gugaz etorri zen hurrengo tabernara. Hamelingo txirulariaren antzera ibili ginen han, jendea batzen, tabernaz taberna. Oso ondo pasatu genuen. Gainera, ikusi genuen jendeak bazuela beharra tabernaz taberna kantatzeko. Euskal Herrian, beti egon da ohitura hori”.

Oholtzarik gabe, ikus-entzuleen parean aritzen dira kantuan; oholtza gainean jarrita, jendea entzule gisa besterik ez delako egoten. Herritarrek parte hartzea nahi dute haiek, eta saio gehienak doan egiten dituzte; batez ere, euskarak zailtasun gehien duen eremuetako elkarteetatik deitzen dietenean. Taberna Ibiltariko kideek euskara bultzatzeko lan egiten dute, baina taldearen jardunak asko ematen die eurei ere. “Gutako batek esaten du Taberna bere psikologoa dela. Gure lanak estresagarriak dira, eta, honi esker, burua oxigenatzen dugu. Askatzeko bide bat da”.