Neure amumari

Neure amumari

Alaine Agirre Garmendia

Gaur goizean zendu da Alejandra Santamaria Kalzada. Sei senidetan bigarrena, ahizpa nagusiena. Aitari begiratzen ziona. Busturiko aldeatik Bermeoko kale artera joandakoa; bizitza hiru bizitokitan banatu zuen, hiru kapitulutan nola: Atxirike, Juan de Nardiz, Askatasun bidea. Gerra gertu pasatutakoa; hamar bat kilometrora ere ez, astelehen hartako bonbetatik. Hilekoa etortzerako neskame egindakoa, euskalki ezezagun (eta gaztelania berri) hura hitz egiten zen lurralde arrotz hartan. Amari deitzen omen zion, bere baitan, minez doblatuta zegoenetan. Jostuna izateko ikasi eta irakatsi zuena. Josteko makinarentzat egurrezko egitura egin zion arotzarekin ezkondu zen. Bi seme etorri ziren laster (eta alabatzat hartu zituen bi errain); hiru biloba, ondoren (eta bihotzean hartu zuen beste bat). Tarteka jostun, marteka aroztegiko idazkari. Ama eta amona ahal zuen guztietan, etxek andrea urteko egun guztietan. Zaintzaile, beti. Gu guztiona. Gau ilunen, lo ezinen, ahora eraman gabeko koilarakaden zaindari. Lehenengo hilekoen, kulero eta galtzetin apurtuen, bihotz alaien jagole.

Berarengan pentsatu, eta hauek datozkit (ia) beti gogora: amantal gorri-berde gastatua, izen-abizenak dituzten bere eskuak, laka merkearen usaina, hiru biloben inizialekin (akats ortografiko eta guzti) egindako eskumuturrekoa. Eta arropa eskegitzeko egurrezko pintza bat esku artean ateratako hotsak, eta tilak (dobleak beti), eta sorbalda gainean tokilla sarri (korrontea ei dabil), eta geldirik zegoen aldiro ezpainak urduriaren urduriz dantzan hastea. Bere etxea, nire haurtzaroaren eszenatokietako bat, ezpada inportanteenetakoa: sukaldeko azulejuen freskura, lanpara handiak, isiltasunaren atzean ezkutatzen zen soinu banda, aitxitxe hil ondoren ere haren lonazko zapatilen usaina gordetzen zuen balkoiko zapaten armairua. Berari bakarrik entzundako euskara eta bere berbak: enbrie, deberak, kaderak (hankak esateko), aldiekue (baserritarra adierazteko), kaso baten, ze esangotsu’pa

Oroimenaren karreteari korritzen uzten badiot beste hainbat gogorapen dakarzkit burura eta bihotzera: kartetan jokatzen erakutsi zidanekoa, eta, behin, partida erdian komunera joan zela aprobetxatuta tranpa egin nahi izan, baina komunetik bueltan zetorrela dena aitortu nionekoa, hain da pisua errua. Aratuste batzuetarako ilusio berezi bat neukalako goizaldeko ordu txikiak arte josten aritu zenekoa (eta ni alboan, hor ere erruak jota). Errieta gogor egiten ez zekielako beheko bizilaguna etorriko zela asmatzen zuenekoa (beti sinetsi nion, eta igogailuan beheko gizonarekin topo egiten banuen, hurrengo solairuan ateratzen nintzen, badaezpada). Makarroiak tomatetan gaztarekin eta patata tortilla (noizean behin untxiaren itxura handiegia zeukan oilaskoa eta salsá-perdís). Jose Luis Morenoren programari adi egoten gineneko parrandak larunbatero (ez esan zuen aitxeri gero!). Benidormera joango ziren lehenengo aldian egunak kontatzea eta ezingo nuela horrenbeste aguantatu pentsatzea. Ohean txixa egin izana ez aitortzea; berak ezer esan gabe izarak aldatzea. Olentzero amumaren etxera nola iristen den ulertzen ez duen umearen galdera arriskutsuei erantzuten saiatzea, urduri: amumaren bosgarren pisura, eskailera batekin igotzen zen Olentzero, balkoira. Frigorifikotik zeozertxu lapurtzea amumak harrapatuko nauen adrenalinarekin: erdia niretzat, erdia aitxitxerentzat. Lehenengo mutil-lagunaren sekretua lehenengoz berari uztea maileguan. Hamabost urte nituela hitzez ezin esan arren nitaz kezkatuta dagoela, nik ulertzea. Sudurrean piercing-a egin nuenean ezer esan gabe buelta eman eta alde egitea. Irakurtzea arriskutsua dela esan arren, bilobaren diskurtso inplakablearen aurrean (seguruenik inplakablea baino gehiago nekagarria zelako) baietz esatea, eta liburu t’erdi irakurtzeaz gain sukaldean bertan Irakurle Txoko bat egin behar izatea bilobaren gehiegizko entusiasmoa kudeatuz. Beste diskurtso batzuen aurrean, ordea, men ez egitea: baietz erantzutea, baina sukaldean fregona egunean hiru aldiz pasatzen jarraitzea.

Nire amuma da gaur goizean hil dena. Amuma Ali. Gure amona, esan nezake; gu guztiona. Baina buruan eta bihotzean dabilzkidan oroitzapen busti eta min zati eta maitasun laino eta poz izpi hauek diostate nire amuma dela. Nire neure amuma. Eta goizegi joan dela, nahiz eta bizitza luzea izan duen, nahiz eta bizitza oparo bete didan, bere 92etarako bidean. Oraindik etorri ez direnen zain zegoela joan da. Azken berbak, esan beharrik ez daukaten horiek esan nahi eta ezinean, noiz esan zain nengoela joan da. Eta besterik ez nuke nahi, azken aldiz balitz ere, amantal gorri-berde gastatu horren gainean, bere eskuekin arropa eskegitzeko egurrezko pintza batekin olgetan ari den bitartean, bere altzoan etzatea baino. Apur batean gehiago, bederen.