Lehen ‘bizipista’, autobide paretik

Lehen ‘bizipista’, autobide paretik

Ibai Maruri Bilbao

Bizikletentzako autobideak ipini zien izena Unai Rementeria Bizkaiko diputatu nagusiak. Baina azkenean Bizipista deituko dira. Joan den urtean iragarri zuen Bizkaiko Foru Aldundiak herri arteko bidegorri ardatzak eraikitzeko asmoa. Lehenak badu ibilbidea: Zornotza eta Iurreta lotuko ditu, 7,5 kilometro izango da luze. AP-8 autobidearen paretik joago da Durangaldean barrena.

Bizipista honek Zornotzan eta Iurretan dagoeneko dauden bidegorriak lotuko ditu, Dudeako San Migel, Erkoles, Euba, Berna eta Arriandi auzoetatik igarota. Mallabienako industrigunean izango du helmuga. AP-8 autobidearen paraleloan eraikiko den arren, ez du loturarik izango autobidearekin. Are gehiago: bidegorriaren erabiltzaileak autobidearen zaratatik eta inpaktu bisualetik isolatuko dituen pantailak ipiniko dituzte ibilbide osoan. Hiru pasabide eta azpiko pasabide bat eraikitzea ere aurreikusi du diputazioak, lehendik dauden errepideekiko bidegurutzeetan ibilbideari jarraipena emateko. Halaber, ibilbidean zehar eguzki energiarekin funtzionatuko duten farolak ipini nahi dituzte.

Diputazioak aurkeztutako ibilbidea behin-behinekoa da. Aurreproiektua jendaurrera aterako dute orain, eta alegazioak aurkezteko aukera izango dute inguruko udal, herritar eta eragileek. Tramite hori igaro ostean, eraikuntza proiektua idatziko da. Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak egin dituen kalkuluen arabera, 9,4 milioi euroko inbertsioa egin beharko dute azpiegitura berria eraikitzeko, eta, gutxi gora behera, horretarako, hogei hilabete beharko direla uste dute.

Bizipistetan bizikletak orduko 25 kilometrora joan ahal izango dira. Diputazioak nabarmendu duenez, eredu honek, ohiko bidegorrien aldean, lurzoruen kudeaketa erraztuko du eta baimenetan edo desjabetzeetan kaltetutako eta esku hartzen duten agenteen kopurua murrizten du. Bizipistak “pertsonen joan-etorri handiko lekuen mugikortasuna ere hobetzen du”; esaterako, AP-8aren ondoan dauden industrialdeena.

Iazko azaroan egindako jardunaldi batzuetan diputazioak lehen herri arteko bidegorri ardatzak zeintzuk izango diren zehaztu zuen: Bilbo eta Zaldibar artekoa, Bilboko itsasadarraren eskumako ibarrekoa eta Ugaotik Basaurira joango dena.