Foruen erraietara begira

Foruen erraietara begira

Natalia Salazar Orbe

Erdi Aroko Bizkaia ezagutzeko bidaiak abiatuko dira egun gutxi barru. Gaztelako erresumak Nafarrokoaren konkista abiatu zuen, eta, azkenean, bakea adostu zuten, 1179an. Hain zuzen, Bizkaia Gaztelaren mende geratu osteko Bizkaia ezagutuko dute bisitariek. Gaztelako errege-erreginek euren arauak eta aginte osoa ezarri nahi izan zituzten Bizkaian. Egoera horren aurrean, bizkaitarrek Foru Zaharra idatzi zuten, 1452an. Ordura arte ahoz, inon idatzi gabe, funtzionatu zuen sistema arriskuan ikusi zutelako jaso zuten idatziz. Haien menpe zeudela onartu eta Bizkaiko jaun edo andre ere bazirela onartu arren, foruak errespetatuko zituztela zin egitera behartu zituzten errege-erreginak. Bizkaiko Foru Aldundiak ezagutzera emango du Bizkaiko Jaunaren eta bizkaitarren arteko harremana adosten zuen zin egiteko modua, hirugarrenez, Ibilbide Historikoak programako Bizkaiko Zin Bideak ibilbidearen bidez. Hilaren 18an, 19an, 20an, 26an eta 27an egingo dituzte bisitak.

Bizkaiko Jaun berriak kargua oinordetzan hartzen zuenean edo 14 urte betetzen zituenean —alegia, adinez nagusi bihurtzen zenean—, lau lekutan egin behar zuen bizkaitarren eskubideak gordeko zituela adierazten zuen zina, lege zaharrak hala aginduta: “Nik, Bizkaiko Jaunak, zin egiten dot zaindu, gorde eta gordeazo egingo ditudala bizkaitarren askatasun, eskubide, usadio eta ohiturak, bardin lur edegikoak zein uri eta uribilduetakoak, zein Enkarterri eta Durangaldekoak, orain arte lez izan dabezan moduan, euren borondatea horixe da-ta”. Kargua hartzen zuenak lau herritan egin behar izaten zuen ospetsua eta hotsandikoa izaten zen foruen zin hori: Bilboko hiribilduaren sarreran, Larrabetzuko San Emeterio eta San Zeledonio elizan, Gernikako arbolaren azpian eta Bermeoko Santa Eufemia elizan. Herri horietako eta beste batzuetako monumentuak eta eraikinak ezagutu, eta urteetan gorde duten historiaren zati batzuk ikasiko dituzte ibilbide gidatuetan parte hartzen dutenek.

Nueva Europa enpresak antolatu eta gidatuko ditu bisitak, eta, azaldu duenez, ibilibide luze horrek agerian uzten zuen Bizkaiko Jaunak zuen konpromisoa ez zela gutxi batzuekikoa soilik, baizik eta bizkaitar guztiekikoa. “Hotsandiko ekitaldia lau aldiz errepikatuta, argi geratzen zen benetakoa zela, eta bermatzen zen bi aldeek hartutako betebeharrak beteko zituztela”.

LEZAMAKO DORREA

Bi helburu ditu Zin Bidearen bisita gidatuak: “Batetik, gure historia ezagutzea. Hori helburu orokorra izango litzateke. Bestea zehatzagoa da, eta Bizkaiko Foruen mamian barneratzea eta horiek ezartzeko mekanismoak ulertzea da. Horretarako, ahalik eta zehatzen jaso, diseinatu eta zabaldu ditugu Bizkaiko Jaunek foruen zina egiteko egiten zituzten ibilbideak”. Bizkaiko Jaunak bizkaitarren eskubideak errespetatuko zituela zin egiten zuen lekuak lotzen ditu ibilbide horrek.

Zin egiteko hitzorduek, zin egiteaz gain, modua egiten zuten ahalik eta bizkaitar gehienek ekitaldi horren berri izan zezaten. Horretarako, Gaztelako errege-erreginek hilabete egiten zuten Bizkaian. Egonaldi horietako pasadizuren bat edo beste ekarriko dute gogora ibilbide gidatuetan: “Fernando Katolikoak Larreako Toda andrearekin harremanak izan zituen, eta alaba bat izan zuten”.

Bidea Bilbotik abiatzen zen. Uribeko merindadetik Busturikoraino hedatzen zen. Gernika-Lumo zuen erdigune, eta Bermeon bukatzen zen.

SAN EMETERIO ETA SAN ZELEDONIOREN KOLEGIATA

Oinez edo autobusez

Ibilbideetan parte hartzeko, beharrezkoa da izena aurrez ematea. Datorren asteazkenera arte dago horretarako epea; 688-856 689 telefono zenbakira deitu edo ibilbideak@bizkaia.eus helbidera idatzi behar da. Hiru etapatan bereizi dituzte oinez egingo diren ibilbideak. Bilbotik aterako dira hirurak, Unamuno plazatik, 08:00etan. Irailaren 18an, 19an eta 20an egingo dituzte ibilbideok; egun bakoitzean, bat.

Lehenengo etapa Bilbotik Larrabetzura artekoa da. Mallonako galtzadatik abiatuta, Iturritxualde mendia eta Lezama zeharkatuko dituzte, Larrabetzura iritsi orduko. Bigarren etapa Larrabetzutik abiatuko da, eta Goikolexealde, Aretxabalgane eta Morga igarota, Gernika-Lumon amaituko da. Gernika-Lumotik Bermeora arteko etapak emango dio bukaera Zin Bideari, geldialdiak egin ostean Foruan, Muruetan, Busturian eta Mundakan.

Etapa guztietan, Bilbokoan salbu, autobus batek eramango ditu bisitariak abiapuntura, eta etapa bukatzen den lekuan jasoko ditu, denak abiapuntura eramateko berriz. Etapa bakoitzak sei ordu iraungo du. Horietatik lau ibilbidea egiteko beharko dituzte, eta beste bi, azalpenetarako.

Hilaren 26an eta 27an, berriz, autobusez egingo dituzte bisitak: Bilboko Unamuno plazatik abiatuko dira, 08:30ean. Bost ordu inguruko ibilbidean, Zin Bidean interes historiko nagusiena duten lekuak bisitatuko dituzte.

GERNIKAKO ARBOLA

ZAMUDIOKO ATARIA, BILBO

Bizkaiko Jaunak Bilbon egiten zuen lehen aldiz zin, Zamudioko atarian. Hiribilduko harresian, zortzi ate zeuden, eta iparraldekoan egiten zuen ekitaldia. Han abiatzen zuen Zin Bidea.

MALLONAKO GALTZADA

Beste leku batzuk ezagutzeko ere baliatuko dute Bilboko egonaldia. Mallonako Galtzadan ere geldituko dira. XIX. mendearen bukaera aldeaz geroztik Bilbo eta Gernika arteko bide zaharra deitzen dioten bidearen abiapuntua zen inguru hori. Galtzada horretatik iristen zen, baita ere, eraiki zuten hiribilduko lehen hilerrira.

BEGOÑAKO BASILIKA

Gaur egun Begoñako Basilika dagoen tokian, Bilbon, beste tenplu bat egon zen antzina, eta tenplu horren gainean eraiki zuten Begoñako Basilika. XVI. mende hasierako tenplu gotiko berantiarra da. 1738. urtean, Begoñako Ama Birjina Bizkaiko zaindari izendatu zuten.

ZAMUDIOTARREN BIDEA

Iturritxualdeko mendian egingo dute laugarren geldiunea. Zamudiotarren bidea izena hartzen duen Erdi Aroko galtzadaren hondarrak daude bertan. Gernika-Lumotik Bilborako bide zaharraren zati bat osatzen du galtzadak. Eremu horretan hasten da bidea Txorierrirantz jaisten.

LEZAMAKO DORREA

XVI. mendean berritu zuten Lezamako dorrea bandoen arteko borroken agerleku izan zen. Bizkaiko leinu anitzen arteko norgehiagoka haiek lurraldearen eta bertako bizilagunen egunerokoa baldintzatu zuten. Liskar horietako batean, burua moztu zioten Lezamako Fernandoren suhiari.

LARRABETZU

On Juan infanteak hiribildu izendatu zuten Larrabetzu, 1376an. Geroago, infantea Gaztelako errege bihurtuko zen. Goikolexea elizatearen lurretan sortu zuten, San Emeterio eta San Zeledonioren zin-eliza dagoen lekuan.

SAN EMETERIO ELIZA

San Emeterio eta San Zeledonio eliza Gotiko berantiarrekoa da. Eraikinaren zatirik handiena XVII. mendearen aurrekoa da. Bizkaiko Jaunak eliza horretan egiten zuen lehen zin erlijiosoa, ostia kontsagratuaren aurrean.

ARETXABALGANE GAINA

Bizkaitarrek Aretxabalgane gainan egiten zioten harrera Bizkaiko Jaunari. Leku estrategikoa da, Bizkaiko zati handi bat ikusten delako handik. Oso ekitaldi garrantzitsua izaten zen, eta esanahi handikoa. Aretxabalgane gainaren inguruan zegoen haritzaren parean egiten zitzaion harrera Bizkaiko Jaunari.

GERNIKAKO BATZARRETXEA

Gaur egun Gernikako Batzarretxea dagoen muinoak paisaia erabat desberdina zuen garai hartan. Harizti trinko bat zegoen, eta nobleak eta hiribilduak han elkartzen ziren 1452era arte, Foru Zaharraren babesean. Gero, 1526ko Foru Berriak babestuta kaparetasun unibertsala lortu ostean, bizkaitar guztien ordezkariak batzen ziren Antiguako Amaren ermitaren inguruan.

Bizkaiko Jaunak Bizkaiko Foruen bihotz historiko eta geografiko horretan egiten zuen zin, Batzar Nagusien aurrean, Gernikako Arbolaren azpian. Antolatzaileek azaldu dutenez, “eremurik egokiena da Bizkaiko foruen jatorria, historia eta berezitasunak ezagutzeko”.

TOURSEKO SAN MARTIN ELIZA

Foruko San Martin Toursekoarenelizaren zorupean, Erromako foroaren egitura dago. “Tenpluak aukera ematen du erromatarren garaitik gaur arteko Bizkaiko historiaren sekuentzia osoa ezagutzeko”. Handik gertu, ekialdeko Kantauri isurialdeko erromatarren kokalekurik garrantzitsuena dago, eta hura ere bisitatuko dute.

EUPEME DEUNAREN ELIZA

Besteak beste, Busturiko Madariaga dorretxea eta Mundakako Santa Katalina ermita igaro eta Izaroko komentuari buruzko historia kontatu ostean, Bermeon egingo du azken geldialdia ibilbideak. Bizkaiko Jaunak Eupeme deunaren elizan egiten zuen azken zina. Laugarren zin horren bidez argi uzten zuen bizkaitarrekin hartutako konpromisoa.

EUPEME DEUNAREN ELIZA